Patxi Irurzun: "Bizitza osoa neraman istorio hau idatzi nahian"

Jone Olabarria 2020ko ira. 25a, 10:37

Zapatuan aurkeztuko du Tratado de [h]ortografía eleberria idazle nafarrak, kartzela zaharrean. Euskal rock erradikaleko izar izandako pertsonaia baten istorioa du ardatz.

Kartzela zaharrean aurkeztuko du bihar Patxi Irurzun idazle eta kazetari nafarrak bere azken lana, Tratado de [h]ortografía liburua. Angiolillo liburutegiaren eskutik egingo duten aurkezpena 18:30ean hasiko da, eta, azaldu dutenez, denboraldiko azkena izango da: "Alde batera utziko ditugu liburu aurkezpenak, eta liburutegiaren espazio fisikoa indartu gura dugu orain".

Zein da Tratado de [h]ortografía liburuaren heldulekua? Zer aurki dezake bertan irakurleak?

80ko hamarkada, punka, eta abar oinarria diren arren, gauza askori buruz hitz egiten digun eleberri bat da; protagonistak seme-alaba nerabeekin duen harremana, hurbileko pertsona bat galtzea edo lanean sufritzen duen prekarietatea. Gaur egun gertatzen denaren isla ere bada. Euskal Rock erradikaleko antzinako talde bateko izar baten istorioa kontatzen du; Los Tampones taldeak arrakasta bakarra izan zuen, Estamos contra las reglas.

Nola bizi da une honetan protagonista?

Urte haiek nostalgiaz gogoratzen ditu, bizirik irauten saiatzen den bitartean. Liburutegi txiki bateko lanak, kazetari eta idazle lanak konbinatuz doan bitartean, bere taldea berriz elkartzera behartuta ikusten du bere burua, hirian zehar aurkitzen dituzten akats ortografikoak zuzentzeko taldetxo bateko kide den neurrian.

Nondik dator liburu hau idazteko ideia? Zergatik gai hau?

Nik beti idatzi nahi izan dut euskal rockari buruzko eleberri bat, garai eta musika hura intentsitate handiz bizi izan nue-lako, baita gaiari buruz fikzio gehiegi idatzita ez dagoela iruditzen zitzaidalako. Talde ezberdinetako musikariekin berba egin nuenean, beraiek ere ez zutela garai hura guztiz ondo gogoratzen aitortu zidaten, eta nire eleberria idazteko gakoa aurkitu nuen; gertuko istorio bat izan behar zen, etxekoa, egunerokoan barneratutako kontakizuna. Belaunaldi jakin bateko jendeak –40 eta 70 urte bitarte dituztenak– islatuta ikusiko du bere burua bertan.

Zer-nolako lana ekarri dizu azken eleberri honek?

Idazte prozesua oso azkarra izan bada ere –hiru hilabete bakarrik eman nituen–, egia esanda, bizitza osoa neraman halako eleberri bat idatzi nahian. Prozesua hain azkar izan zedin zerikusi handia izan zuen eguneroko formatu hori aurkitzeak. Lehenago ere erabilia nuen beste liburu batean. Egunkari formatuek hainbat abantaila dituzte, irakurleari alde morboso hori pizten diote, norbaiten intimitatean sartzekoa, eta oso bizkorrak dira, irakurtzeko eta idazteko.

Zerikusirik badu zure aurreko lanekin?

Bitxia da. Izan ere, istorio sinplea bada ere, konturatu naiz hori ere badela bereziki garrantzitsua.Nire literatur ibilbidea dei genezakeenean, lan honen agertokian nire lehen bi eleberrietan ere ageri da Jamerdana irudimenezko hiria. Liburu konfesionalagoekin edo biografikoagoekin ere badu zerikusia. Niri buruz dezente daraman liburua ere bada Tratado de [h]ortografía, orain autofikzioa deitzen dioten liburu bat da.

Baduzu beste proiekturik une honetan esku artean?

Eleberri honetako pertsonaiekin jarraitu nahiko nuke, baina oraintxe bertan nobela historiko bat idazten ari naiz. Besteak beste, Santa Agedako bainuetxean gertatzen dena, Arrasaten, eta zerikusia du Canovasen hilketarekin. Hain zuzen ere, agertokietako bat Bergarako kartzela zaharra ere bada, Angiolillo hil zuten lekua. Zapatu honetako aurkezpena, hain zuzen ere, leku horretan bertan egiteak ilusio berezia egiten dit.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak