Foru Aldundiko Osasun Sailak emandako datuen arabera Gipuzkoako egoitza-zentroen erabiltzaileen artean 55 dira kutsatuta daudenak. Horietako hamaika pertsonak ospitaleko arreta zerbitzua behar dute eta ingresatuta daude, eta beste 29, Eibarko Ospitaleko gizarte-instalazioan artatzen dituzte. Egoitza horietako langileen artean ere badira positibo eman dutenak: egun, 60 dira koronabirusarekin kutsatuta daudenak.
Bisitei buruzko Foru Agindua
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren protokoloari jarraituz, Gipuzkoako egoitza-zentroetako erabiltzaileek bisitak jasotzen jarraituko dute. Era berean, egoitzatik kanpo irtetzeko aukera izango dute, zentroaren beraren eta udalerriaren egoera epidemiologikoak horretarako aukera ematen badu.
Bisiten harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Foru Agindu bat argitaratuko du datozen egunetan, bisitak eta irteerak zein baldintzatan eman behar diren zehaztuko duena. Hori horrela, bisitak kasu positiborik ez dauden zentroetan egiten jarraitu ahal izango dira, astean bitan eta ordubetez, gehienez. Orain arte moduan, neurri horiek ez zaie aplikatuko bizitzaren amaierako prozesuan daude pertsonei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko egoitza-zentro guztiei eskatu die bisita-planak egiteko.
Egoitzatik kanporako irteerak
Egoiliarrek egoitzatik kanporako irteerak egiten jarraitzeko aukera izango dute, egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duen neurrian. Kasu guztietan, espazio itxiak eta jendetsuak saihestu beharko dira, eta lehentasuna emango zaie ibilaldi terapeutikoei, astean bitan, egoitzaren inguruan eta ordubetez.