San Martin jaietako klasiko bat izaten zen bandaren kontzertua. Jairik ez da egongo aurten, baina, Udalak kultura sortzaileak babesteko hartu duen erabakiaren barruan, bandak kontzertu berezia eskainiko du irailaren 20an. Berezia izango da, besteak beste, Boluko frontoian joko dutelako, orain arte sekula jo ez duten tokian. "Zuzendari hasi nintzenean asmoetako bat bazen kontzertuak leku berrietan ere ematea, eta Boluko frontoia aukera moduan aurreikusita genuen. Orain, derrigortuta goaz, hobe da-eta kalean jotzea. Leku irekia da Boluko frontoia, baina estalita dagoena", dio bandako zuzendari Enrike Txurrukak. Hala ere, leku itxietan ere jo nahiko lukete udazkenera begira: "Orkestra profesionalen txostenetan frogatuta geratu da instrumentu bati putz egiteak arrisku txikiagoa duela berba egiteak baino. Frogatuta dago, beraz, neurriak hartuta areto barruko emanaldiak ere seguruak direla".
Irailaren 20an Boluko frontoian egingo duten kontzertuaren ostean, leku itxietan ere jo nahiko lukete udazkenera begira
'San Martin estanpak' zuzenean
Irailaren 20ko kontzertuak sanmartinetako kutsu nabarmena izango du: "Konpositore handiak izan ditugu Bergaran eta baditugu egun berezietarako propio sortutako obrak. San Martin estanpak eta halako pieza ederrak ez jotzea pena litzateke; irailaren 20ko kontzertuan doinu horiek ez dira faltako".
Martxotik kontzerturik emateke, ekainaren 28an kalejira egin zuten, geldialdi batzuekin. Uztailean kontzertua eman behar zuten Espoloian Santa Marinako ez-jaien barruan eta Antzuolan ere kalejira egin behar zuten, baina bandako kide baten gertuko batek positibo eman ostean bertan behera utzi behar izan zuten.
Entseguak normaltasun berrian
Ekainean musika eskolako ohiko lokalean entseatzen aritu ziren, baina, 60 lagundik gora direnez eta bertan normaltasun berriak eskatzen dituen neurriak beteta sartzen ez zirenez, Zabalotegin entseatzen dute. "Ekaineko entseguak bi taldetan egin genituen, baina hori ez zen funtzionatzeko modua. Honek luze joko duenez, irailerako eskatu genion Udalari Zabalotegi", esan du Txurrukak. Martitzenetan eta eguenetan entseatzen dute, 21:00etan.
Urte zaila, baina Txurruka "pozik"
"Pozik" dago Txurruka zuzendari gisa egindako lehen urtearekin: "Urte zaila ari da izaten, baina pozik nago etxe barruan eta kalean jaso dudan feedbackarekin. Orain arteko ildoari eutsi diot musikari dagokionez; Gabonetako eta Aratusteetako kontzertuak urteko bi zita garrantzitsuenetakoak dira, eta lan txukuna egin genuen". Dena ondo zihoan COVID-19a agertu arte, eta, dioenez, orain metroarekin distantziak neurtzen jardun behar izaten du: "Denetarik egin beharra dago".