Uda sasoian kultura kalera ateratzen du Bergarako Udalak eta, aurten, COVID-19ak eraginda, "ahalegin berezia" egin dute herritarren "kultura gosea" asetzen saiatzeko. "Uztailean ia egunero egon da zerbait eta abuztuan ere ekitaldi asko izan dira. Pandemia hasieratik udara arte apenas izan dugu aukerarik kulturaz zuzenean eta bertatik bertara gozatzeko, eta kultura sektoreak bultzada baten beharra zuela ere bagenekien. Bestalde, herriko sortzaileei eta artistei leku berezi bat eman nahi genien eta uste dut hori lortu dugula. Eta herritarrek ekitaldiei eman dieten harrera ikusita, asmatu dugula esango nuke; izan ere, ekitaldi gehienetan goraino bete da edukiera", dio kultura zinegotziak.
Antzerkiak eta musikak harrera "oso ona", zinemak ez horrenbeste
Tailer eta ikastaroek, antzerki emanaldiek eta zuzeneko kontzertuek "oso harrera ona" izan badute ere, kaleko zine emanaldiek ez dira horren arrakastatsuak izan: "Uztaileko zinema emanaldiek harrera ona izan dute, baina abuztukoetan jende gutxiago ibili da; aztertu beharra dugu zerk egin duen huts".
Kultura Mahaiaren ekarpena
Markinaren arabera "aipamen berezi bat" merezi du Kultura Mahaiak egin duen lanak: "Mahaiaren lan hori gabe ez litzateke udako eskaintza arrakastatsu hau posible izango. Gure nahia, desioa eta helburua Kultura Mahaiarekin lanean jarraitzea da; hala ere, badakigu udazkenak eta neguak ez dituela udak besteko aukerak eskainiko", zehaztu du Markinak. Horrekin batera, beharrezkoak diren neurriak hartuta kultura eskaintzea segurua duela nabarmendu du zinegotziak.