Lankidetza inoiz baino beharrezkoagoa dela sinistuta dago Enpresare

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko uzt. 24a, 07:13

Alarma egoera osteko lehen uztartze foroa egin zuen eguaztenean Enpresarek, Bergarako eta inguruko 21 enpresa biltzen dituen sareak; Wolfratex proiektu partekatua jarri zuten adibide moduan, lankidetza oinarri hartuta helburu handiak lortu daitezkeela erakusteko.

Bergarako eta inguruko enpresa ehuna indartzea, merkatuan ahalik eta lehiakorrenak izan daitezen. Horixe da Enpresare-ren azken helburua, eta, horretarako, enpresen arteko lankidetza dute oinarri.

21 enpresak osatzen dute Enpresare eta eguazten arratsaldean egin zuten alarma egoera osteko lehen uztartze foroa. "Bi motatako foroak ditugu. Batzuk enpresa txikien eta ertainen artekoak izaten dira, ezagutza eta konfiantza sustatzeko. Hori da gaurko foroa [eguaztenekoa]. Bestalde, beste uztartze foro batzuk egiten ditugu Gipuzkoan dauden beste enpresa sare batzuekin; Debabarrenean sortu den BPTD [Basque Precision Technology District] ekimenean integratuko gara, gure balio berberak partekatzen dituztelako eta bi sareon artean beti egongo delako gauza gehiago egiteko aukera. Horrez gain, badaude gertutik jarraitzen ari garen beste ekimen eta sare interesgarri batzuk: Goierri Valley, Iraurgi Berritzen...", adierazi du Enpresareko koordinatzaile Juan Bautista Ayerbek.

Wolfratex, protagonista nagusia

Azken bileran Enpresareren ekitaldi berria aurkeztu zuten, eta BPTDn nola integratuko diren ere azaldu zuten. Gainera, Udalaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiek eskaini ohi dituzten aukerez ere aritu ziren berbetan: "Udalak urtero antolatzen dituen jardunaldi horiek oso interesgarriak izaten dira, beti dagoelako berrikuntza arloko aplikazio berriren bat".

Hala ere, azken uztartze foroko protagonista nagusia izan zen Wolfratex-en sorreraren azalpena; enpresako gerente Iker Elizburuk eman zituen xehetasun guztiak. Zergatik eta zertarako sortu zuten, zer-nolako musukoak egiten dituzten...

Enpresareren etorkizunaz galdetuta, honako hau dio Ayerbek: "Ukaezina da lankidetza gero eta baloratuago dagoela, eta guk badaroatzagu urte batzuk lankidetza ezinbestekoa dela sinistuta. Bakarrik egin ezin direnak indarrak batuz egin daitezkeela uste dugu; horregatik uste dut Enpresarek ibilbide oparoa duela aurretik".

Juan Bautista Ayerbe, koordinatzailea: "Seme txikitzat hartzen dugu Wolfratex" 

Wolfratex da Enpresarek eman duen azken fruitua. Pozik emaitzaz?

Oso pozik. Gure bilera edo foroen helburu nagusia da proiektu partekatuak abiatzea, eta Wolfratex da horren adibide garbia. Lau enpresak osatzen dute eta horietatik bi Enpresare barruan daude. Horregatik, nolabait, gure seme txiki ere kontsideratzen dugu.

Protagonismoa izan du azken uztartze foroan...

Gaurko [eguazteneko] plater nagusia izan da. Oso ekimen interesgarria izan da, eta etorkizunerako aurreikuspen onak dituzte. Maskarak egiten ari dira gaur egun; ikusiko dugu etorkizunean ze beste fruitu eman dezakeen.

Nolako eragina izan du COVID-19ak Enpresaren?

Ikaragarria. Gure funtsezko aktibitatea da aurrez aurre biltzea, elkar ezagutzea eta elkarri konfiantza hartzea. Hori guztia telematikoki egitea oso zaila da, eta, horregatik, hiru hilabete egon gara aurreikusita genituenak ezin gauzatu.

Zergatik uste duzu sartu behar dela bertako enpresa bat Enpresaren?

Enpresa bakoitzak bere bidea daroa bere erronkak betetzeko, baina argi dago interes komunak daudela enpresa guztietan. Interes komun horietan lankidetza behar da; are gehiago, egoera berezi honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak