Kartzela zaharra, "gogotsu eta indartsu" gutxienez beste 20 urte egiteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko eka. 27a, 09:13

Ekainaren 15ean, 20 urte bete zituen kartzela zaharrak, hainbat bergararrendako "ezinbesteko espazio" eta egun gutxienez hamar kolektiboren etxea denak; kezka sortu da eragile horien artean, epaitegi ondoan etxe berriak eraikitzeko proiektu bat dagoelako.

Ekainaren 16an bete zituen 20 urte Bergarako kartzela zaharrak. Eraikina bera 1866an eraikitzen hasi eta 1873an bukatu zuten, baina 2000. urtera arte ez zen gazte bergararrendako "askatasun gune" izaten hasi.

Ordutik hamaika abentura eta kalentura bizi izan dituzte bertan, eta gaur egun Bergarako espazio ezinbestekoetako bat da, sormenerako eta kultura eskaintzarako gune oso garrantzitsua. 2020an ez da Pentekosterik izan, baina online eskaini ziren kontzertu guztiak, Bergarako askotariko taldeen eskutik emandakoak, kartzela zaharreko agertoki nagusian grabatu ziren, adibidez. Ziega bakoitzak ia erabilera bat dauka; liburutegi bat, zinema areto bat, rokodromo bat...

Areto nagusiaren bueltan dauden ziegez gain, kanpoko terraza oso erabilia izaten da bereziki eguraldi ona egiten duen egunetan; ortu bat ere badute bertan, besteak beste.

Etxebizitza berriak Mizpildin?

Urteurren bereziaren bueltan, kartzela zaharra erabiltzen duten kolektiboengana jo du GOIENAk, eta, gune autogestionatuaren etorkizunaren gainean galdetuta, horietako batzuek kezka agertu dute, Mizpildi kalean etxebizitza berriak eraikitzeko kartel bat agertu delako azken egunotan. Gune historikoa birgaitzeko plan bereziaren barruan 2013ko otsailetik badago proiektu bat Mizpildi kaleko lehen zenbakiko eraikina birgaitzeko. Udalean galdetuta, baina, bertan ezer eraikitzeko asmoen berri ez dute jaso oraingoz.

Kartzela zaharreko kolektiboen artean "susmagarria" da Bergara eta inguruotan horrenbeste enpresa eraikitzaile izanda Derioko enpresa baten izena agertzea: "Errezeloz hartzen dugu Derioko enpresa baten izena ikustea; Bergaran hainbat eta hainbat enpresa eraikitzaile daude, eta Derioko enpresa bat etorri behar da hona etxebizitza berriak egitera? Uste dugu zerbait arraroa badagoela hor, baina, oraingoz, ez dugu informaziorik. Ikusiko dugu zer gertatzen den". Etxebizitza berriak eginda ere kartzela zaharreko funtzionamenduan zein eragin izango zukeen zehazteke dago.

"Ezinbesteko gune" askorentzat

Hamar kolektibok osatzen dute gaur egun Kartzela Zaharreko Koordinadora, eta kolektibo horiendako guztiendako "ezinbesteko gune" bihurtu da. "Betidanik egon da kartzela zaharreko eraikinean liburutegiak izateko kultura. Berez, Angiolillo liburutegia kartzela zaharreko laugarren liburutegi proiektua da. Beharrezko toki bat da guretzat, bai pertsona bezala zein talde bezala ikasteko eta jende ezberdinarekin erlazionatzeko", adierazi dute Angiolillo liburutegikoek. Ziega baten dagoen liburutegiak Michele Angiolillo izena hartu zuen, orduko Espainiako gobernuburu Canovas del Castillo erailtzeagatik garrotez exekutatu zuten anarkista italiarraren omenez; 1897ko abuztuaren 20an hil zen Angiolillo Bergaran, 26 urte zituela. "Kartzela zaharra Bergarako kultura gune garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzea espero dugu", gaineratu dute.

Angiolillo liburutegia: "Beharrezko toki bat da guretzat, kultura-gune oso garrantzitsua"

COVID-19ak mundua hankaz gora jarri aurretik, kartzela zaharra ia astero erabiltzen zuten Kopla Barik bertso eskolakoek: "Beste talde batzuekin proiektu herrikoia eta alternatiboa partekatzeko aukera eskaintzen du. Mila momentu on pasatu ditugu bertan eta ikasteko aukera ematen digun tokia da. 20 urte hauetan bezala, egoera berrietara moldatu beharko dugu; seguru gaude beste 20 urte beteko dituela, osasunez gazte dago eta!".

Kopla Barik Bertso Eskola: "Beste taldeekin proiektu herrikoi bat partekatzeko aukera ematen du"

Zinema aretoa zortzigarren ziegan

Dymano zinekluba da kartzela zaharrean urte luzez diharduen beste talde bat. Euskal Herriko zinema aretorik txikiena ireki zuten 2018ko uztailaren 20an, zortzigarren ziegan, 2005ean itxi zen Novedades aretoko 18 aulkirekin, oihal originalarekin eta beste zenbait apaindurarekin: "Kultura-gune askea eta irekia da kartzela zaharra. Aldi berean eta modu irekian, interes edo jakin-min ezberdinak dituzten pertsonak elkartzen gara, eta aniztasun hori aberasgarria da denontzat. Etorkizun oparoa dugu aurretik, orain arteko esperientziak etorkizunerako bidea lausotuko du eta!".

Dynamo zinekluba: "Interes ezberdinak dituzten pertsonak elkartzea oso aberasgarria da"

Kartzela zaharrean elkartzen den beste talde bat da mahai jokoen sustapenerako eta hedapenerako sortutako Maijoku elkartea. "Oso gustura gaude kartzela zaharrean, xaxatzen jarraitu beharreko askatasun gune bat da guretzat, herritar denei zabalik dagoena".

Maijoku elkartea: "Xaxatzen jarraitu beharreko askatasun gune bat da, denoi zabalik"

Kartzela zaharrean egin diren Bergarako Elektronika Topaketek ere arrastoa utzi dute Bergarako eta Euskal Herri osoko elektronika-zaleengan; 2020ra begira ere gogotsu zeuden, baina, oraindik azken erabakia hartu ez badute ere, aurtengoa suspenditu egin beharko dute, seguruenik: "Gure kuartel nagusia da kartzela zaharra, espazio aske bat gauzak pentsatzeko eta egiteko. Bizi dugun egoera arraro honek asko zailtzen digu etorkizunean pentsatzea".

Bergarako Elektronika Topaketa: "Gure kuartel nagusia da, egiteko eta pentsatzeko espazio aske bat"

Txapa, kolektibo beteranoena

Badago 1984a ezkero martxan dagoen proiektu bat: Txapa irrati librea: "Ez dugu inongo dirulaguntzarik jasotzen, irrati libre eta autogestionatu bat gara. Gure lanari esker doa aurrera Txapa; asanblada bidez funtzionatzen dugu, denon artean hartzen dira erabakiak hemen".

2019an 35 urte bete zituen Txapak, eta, urteurren ospakizun bueltan Txapako kide Kepa Leturiak GOIENAri esan zioenez, "beharrezko erreminta" bat izaten jarraitzen du Bergarako irrati libreak: "Etorkizuna aurreikustea zaila da horren azkar doan mundu honetan, baina Txapa irratiak beharrezko erreminta izaten jarraitzen du guretzat. Txaparen balio handiena da herriarena dela; herriari ahotsa ematen jarraitzen badugu, Txapak etorkizuna izango du".

Hainbat lapurreta jasan dituzte

20 urte hauetan jasan dituzten erasoen artean, aipatzekoak dira askotan jasan dituzten lapurretak. 2014ko azaroan, esaterako, 4.000 euroko kaltea eragin zuten lapurrek; txoko guztietan ibili ostean, musika ekipo bat, argazki kamerak, dirua eta beste hainbat gauza eraman zituzten orduan. 2019ko maiatzean elkarretaratze jendetsua egin zuten San Martin plazan, azken hilabeteetan bost alditan sartu zirelako lapurrak kartzela zaharrean.

"Oso haserre" agertu ziren kolektibo guztiak: "Gure baliabideak lapurtzeaz gain, gure espazio kutun honi eraso egin diote, eta nahikoa dela esateko batu gara. Denoi eragiten diguten lapurretak egin dituzten pertsonak gaitzesten ditugu eta ezin gara isilik eta geldi geratu egoera honetan sistemak eta gizarteak berak hartzen duen jarrera utziaren aurrean. Eta argi dugu konponbidea ez dela polizia gehiago jartzea edota arma kopurua handitzea, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinisten eta defendatzen dugu".

Bi belaunaldi, irakurketa bakarra

GOIENAko kameren aurrean erantzutera animatu dira Angiolillo liburutegiko arduradun Aser Polvorosa eta Lubaki Langile Elkartasun Sareko Aitor Kortabarria. Biek diote "sekulako eskola" izan dela eta izaten ari dela kartzela zaharra eurentzat. "Adin ezberdinetako askotariko jendea elkartzen da hemen, eta hori oso aberasgarria da. Denok dugu zer ikasi eta zer irakatsi, eta kartzela zaharra esperientzia horiek partekatzeko oso toki aproposa da", uste du Polvorosak. Kortabarriak ere antzeko irakurketa egiten du: "Nire bizitzan leku handia duen gunea da. Jende asko eta oso interesgarria ezagutu dut hemen, eta izugarri ikasi dut".

Barne antolaketan aldaketak izan dituzte azken urteetan, Kortabarriak gogora ekarri duenez: "Gaztetxearen kudeaketa eta antolaketa Bergarako Gazte Asanbladaren [BGA] ardura zen lehen. Gorabehera handiak izan zituen talde horrek eta ikusi genuen gaztetxearen eta asanbladaren aroa agortuta zegoela, antolatzeko beste modu bat behar genuela. Horregatik, eraikin barruan aritzen diren eragile guztiak elkartu eta Kartzela Zaharreko Koordinadora [KZK] sortu genuen". Koordinadora horren barruan lantalde ezberdinak daude: barraren eta bodegaren ardura duen taldea; musika ekipoko lantaldea; mantenurako lantaldea; programaziorako taldea...

Kortabarriak azaldu duenez, COVID-19aren aurretik egitarau taldea astero elkartzen zen. Gainera, posible da kartzela zaharra modu finkoan erabiltzen ez dutenek ere ekitaldi bat antolatzeko eskaera egitea; azaltzen zaie zeintzuk diren ekitaldi bat antolatzeko irizpideak eta zehaztutako egutegiak ahalbidetzen badu ez da arazorik izaten eraikina eta bertako baliabideak erabiltzeko. COVID-19ak ez die utzi urteurrena nahiko luketen moduan ospatzen, baina argi dute helduko dela horretarako aukera.

Alarma egoeran, ekitaldi bakarra

Alarma egoera barruan antolatu den ekitaldi bakarra Angiolillo liburutegiak egin zuen ekainaren 12an, DUT taldearen liburua aurkezteko. "Oso ondo joan zen. Helburua ere bazen erakustea posible dela normaltasun berriak eskatzen dituen baldintzekin halako ekitaldiak antolatzea". Irailetik ekainera funtzionatu ohi du kartzela zaharreko egutegiak; aurten, COVID19ak eraginda, ohi baino ekitaldi gehiago egongo direla aurreikusten dute.

Erlazionatuak

Kartzela zaharra, 20 urtez "askatasun gune"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020 eka 17 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak