'Izan bidea' ekimenarekin bat, hamaika pauso Bergaran

Julen Iriondo 2020ko mai. 29a, 23:28

Hileko azken egubakoitzez, Izan bidea dinamikaren barruan eta Gure Artera-Sarek antolatuta, elkarretaratze ibiltaria egin dute iluntzean Bergaran, euskal presoen alde. Jaiek hasi behar zuten eguna izanda, gainera, sorpresa ere izan da amaieran, Xaxau konpartsaren eskutik.

20:30ak pasatxoan abiatu da elkarretaratze ibiltaria plazatik. Egungo egoera berezian, elkarren arteko distantziak errespetatuz eta, zintei helduta, bi ilaratan zeharkatu dituzte herriko hainbat kale. Oro har, isiltasunean, presoen etxeratzearen aldeko eta jaiak bai, borroka ere bai bezalako leloak izan dira tarteka.

Izan ere, Pentekoste jaiek hasi behar zuten eguna izaki, hori ere presente izan dute mobilizazioan: ibilaldia amaitzeko plazara iristeko unean Pobres y alegres abestia entzun da ozen bozgorailuetatik, eta, Bitorianatxoren jaitsieraren faltan, hura balkoi batetik begira zela, aldamenekotik egin du kalerako bidea Xaxauk.

Aitziber Plazaolak komunikatua irakurri du ekitaldia amaitzeko, eta bertan lau neurri eskatu ditu: presoen euskal herriratzea; larriki gaixo daudenak eta 65 urtetik gorakoak aske uztea; osasun egoera bereziagatik galarazitako bisitak berreskuratzea; eta gradu progresioaren bitartez, baldintzak betetzen dituzten presoak etxeratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak