"Orain da momentua: datozen urteetan presoen egoerari aterabidea eman behar diogu", adierazi dute Sareko kideek eta horretarako gizarte aktibazioa handitu eta zabaldu gura dute Gobernuek abiatutako bidea finkatu eta oraindik irtenbide beharrean dauden auziak konpontzeko.
Erronka 3 milioi kilometro egitea
"Konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen alde gauden guztiok ibiltari sare handi bat sortzea da dinamikaren helburua". Eta horretarako erronka bat zehaztu dute: 3.127.326 km egitea, Euskal Herriak duen biztanle kopurua, hain zuzen ere. Asmoa da bidea egitea: "Etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea". Eta "historia egitera" animatu dituzte euskal herritarrak: "Behin betiko erabateko bakea lortzea".
Erronkak pizgarria izan gura duela adierazi dute, dagoeneko "saretzen ari diren adostasunak" era ikusgarriago batean plazaratzeko. Dinamika horretan "bakearen eta bizikidetzaren bidea" egin nahi duen edonork parte hartu ahal izango du. Horretarako izena eman ahal izango da telefono mugikorrerako garatu duten aplikazio baten bitartez (hurrengo egunetan egongo da prest). Norbanakoek edo taldeek parte hartu ahal izango dute eta bere kilometroak egin. Aplikazioak kilometro horiek neurtuko ditu. Kilometrorik egiten ez bada –dantza, zumba...– emandako pausoak kilometrotan bihurtuko ditu aplikazioak.
Dinamika maiatzaren 29an jarriko dute abian, herrietan antolatu diren ekimenekin; Debagoienean ere hainbat ekintza egingo direla aurreratu dute.
"Korapiloak askatzeko" unea
Euskal Herrian "askatu beharrean" dauden korapiloak askatzeko aukera dagoela datozen urteetan uste du Sarek. Eta horretarako baliatu gura ditu orain arte "lortutako adostasunak eta gobernu berri batek dakartzan aukerak". Askatu nahiko lituzketen korapiloak aipatu ditu: "Salbuespeneko legedia bertan behera utzi eta lege arruntaren ezartzea. Honek, bereziki senideak zigortzen dituen urruntze politika bertan behera geratzea ekarriko luke, eta presoei dagokien etxeratze prozesua hasteko bidea zabalduko litzaieke". Eta bestetik, itxi gabe dauden zaurien lanketarekin jarraitzea gura du: "Biktima guztien aitortza eta erreparazioa, eta elkarbizitza eta bakerako urratsak ematea".
Lortutako adostasunak eta Gobernu berri batek dakartzan aukerak erabili gura dituzte pausoak ematen jarraitzeko: "Jendarte gisa, aktibazioaren bitartez, presoen auzia askatu eta elkarbizitzan sakontzeko beharra erdigunera ekarri behar dugu".