Gaur iluntzean, 40. aldiz egin beharko zukeen Bitorianatxok Seminarixotik udaletxerako bidea. COVID-19 gaitzak eraginda, baina, bertan behera geratu dira 2020. urteko Pentekoste jaiak; edo, behintzat, ez dira orain arte ezagutu diren bezala ospatuko. Aurtengo egoera ezohikoak baditu aurrekariak herrian, eta, denboran atzera eginda, jaiak egoera berezian ospatu edota bertan behera geratu zireneko zenbait adibide daude.
Era berean, jaiek eta bertan ospatzen diren ekintzek, horien kokalekuek edota protagonistek urteetan zehar jasan dituzten aldaketak jasotzen dituzten zenbait dokumentu eta irudi daude Udal Agiritegian, antzinako Pentekoste jaien memoria osatzen lagundu dezaketenak.
Historiari lotuak
Hain zuzen, 1979ko Pentekoste jaietan egin zen lehen aldiz Txibistoren jaitsiera. Bitorianatxoren aitzindari izan zen panpina hark, baina, ez zuen sekula atzerako bidea egin; ez zen inoiz egin Txibistoren igoera. Urte hartan, festak bukatzeko zirela, bertan behar geratu ziren Pazkoetako azken egunean, martitzenean. Bergarako Udalak ezohiko udalbatza deitu, eta jaiak bertan behera lagatzeko erabakia hartu zuten. Hala jasotzen du udalbatza hartako aktak: "Gertakariak baloratu ostean eta haien iritzia eman nahi izan duten herritarrak entzun ostean, Bergarako Udalak aho batez erabaki du jaiak bertan behera uztea".
Erabakiaren arrazoia Gladys del Estal aktibista ekologistaren heriotza izan zen: 1979ko ekainaren 3an, domeka, Tudelan hil zuen Guardia Zibilak Del Estal gaztea, buruan tiro bat emanda. Energia Nuklearraren aurkako Nazioarteko Jardunaldia zela eta antolatu-ako manifestazio batean parte hartzen ari zela erail zuten.
Atzerago begira, gerra garaira salto eginda ere, 1937ko maiatzaren 10eko udal aktak jasotzen duenez, herriak bizi zuen egoeran Bergaran urte hartan ospatzekoak ziren jai eta ekintza kulturak guztiak bertan behera lagatzea erabaki zuen orduko Udalak; tartean, Pentekoste jaiak
Aldaketak urteetan zehar
Orain arte herritarrek ezagutu duten jai ereduak aldaketa ugari jasan ditu urteetan zehar, baita ekintza horiek egiteko kokalekuak ere. Barrakei dagokienez, azken hamarkadetan Matxiategi inguruan kokalekua izan duten arren, aurretik herriko beste hainbat gune izan dira herritarren dibertsiorako toki. Udal Agiritegian azaldu dutenez, 30eko hamarkadan Fraiskozuri eta Bideberriko gunea izaten zen mota horietako ospakizunetarako lekua, Feriala izenez ageri da udal artxiboetan. Ostean, trenbide zaharren beheko estazio ingurua izan zen, 90eko hamarkadara arte, atrakzioendako lekua.
Pazkoetako protagonistak
Egun bereziki errotua dagoen Bitorianatxoren aurretik, bi izan ziren jaiei hasiera eta amaiera emateko ardura izan zutenak. 1979. urtean jaio zen Txibisto panpinaren figurak ez zuen askorik iraun, eta, urtebete geroago, 1980an, Txirularik egin zuen udaletxerako bidea. Lehen bi protagonista haien ostean iritsi zen Bitorianatxo, 1981. urtean; hala, Bitoriana Lizarralde emakumearen omenezko panpinak 40. urtea izango zuen aurtengoa jaietako protagonista izaten.
Estanpen arrakasta
Gaur egun galdua dagoen ohitura den arren, parte hartze handiko ekitaldia izan ohi zen estanpa lehiaketa Bergarako jai nagusietan. Talde edo kuadrillaka antolatuta, gai baten bueltan mozorrotu, karroza egin eta herriko kaleak zeharkatu ohi zituen estanpa lehiaketak.
Lehiaketa horien artxibo ugari gordetzen ditu Udal Agiritegiak, eta, bertan ikus daitekeenez, aldarrikapenez beteriko mozorro eta parodiak aukeratzen zituzten bergararrek. Desfilearen ostean goraino beteta egon ohi zen plazan antzezlan txiki bat egiten zuen talde bakoitzak.
Baltsen jaitsiera
Aurten Xaxau konpartsak berreskuratu gura zuen baltsen jaitsierak ere herritar ugari bildu izan zituen urteetan zehar Deba ibaiaren bueltan.