COVID-19ak herriaren memorian iltzatuta utziko dituen oroitzapenen artean geratuko da 2020ko Pentekosteak ospatzeko aukerarik ez izatearena. Alarma egoerak eraginda apirilaren 27an lehenengoz egin zen osoko bilkura telematikoan eman zuen aditzera erabakia udalbatzak, talde politiko guztien oniritziarekin: "Ez dira baldintzak betetzen jaiak ospatzeko". Horregatik, Udalak erabaki zuen ekitaldirik ez antolatzea eta laguntza eskaintzea, betiere segurtasun neurriak bermatzen zituzten ekitaldi telematikoetarako.
Kaleko ekitaldiak, suspendituta
Kezkatuta dago Udal Gobernua eta horren adierazle da azken unean kalean egitekoak ziren ekitaldi guztiak bertan behera laga dituztela. Horren adibide dira Bergarako Bandak egin behar zuen kalejira egokitua, Xaxau konpartsak Bitorianatxo hartuta egin behar zuen Furgobira xaxautarra eta Kopla Barik taldearen bertso saioa, besteak beste. Hortaz, ekitaldi telematikoak izango dira egitarauan geratuko diren bakarrenetakoak, eta horien barruan aipagarrienak dira kartzela zaharrean grabatu diren kontzertuak, Bergarako askotariko taldeak direnak protagonista.
Ostalariekin adostutako neurriak
Alarma egoerarekin bateragarriak ez diren egoerak tabernetan gertatu ahalko direla aurreikusita, Udal Gobernua ostalari batzuekin elkartu da neurri batzuk adosteko; 40 bat ostalarik egin dute bat neurriokin: "Jai gogoa nabarmena da, eta Udalak ostalari batzuekin egindako hausnarketa eta ardura partekatu nahi ditugu. Testuinguru berezi honetan ostalaritzan bete beharreko baldintzak oso zorrotzak dira. Segurtasuna bermatu beharra dugu gure aktibitateetan, eta horretarako neurriak hartzea eskatzen zaigu. Udalak du tabernetan eta terrazetan neurri guztiak betetzen direla ziurtatzeko eta kontrolatzeko ardura".
Hiru neurri adostu dituzte: ostalaritza aktibitate guztiei gomendatzea lokalak terrazen ordutegi berean ixtea –egubakoitzean eta zapatuan 00:30ean eta domekan eta astelehenean 23:00etan–; Udaltzaingoaren presentzia asteburuan indartzea, indar berezia jarriz "itxierara begirako lan pedagogikoan"; eta herritar guztiei eskatzea segurtasuna bermatzeko gomendioak jarrai ditzatela eta ostalarien zein udaltzainen lana erraztu dezatela.
Xaxauren "gune askea", ez
Ohiko Pentekosteetan ezinbesteko gune zen Bideberriko txosnagunea; aurten hutsik egongo da Xaxauren "gune askea". Jai herrikoien konpartsa saiatu da ekitaldiren bat antolatzen, baina, azkenean, kaleko ekitaldi guztiak suspenditu dituzte, Udalak eskatuta. "Pena itzelaz" bizi dute egoera. "Gure urteko ekintza handiena da eta dena genuen lotuta. Inpotentzia ere sentitzen dugu, gure lana boluntarioa delako eta ilusio handia genuelako jarrita aurtengo egitarauan. Ezin dugu ezer egin birus honek eragin duen kaosaren aurrean; orain garrantzitsuena guztion osasuna da", dio Xaxauko Iosu Agirrek. Jardun euskara elkartea omendu behar zuten, aurten 30 urte bete dituelako, eta garai baten arrakasta handia zuen baltsen jaitsiera ere aurten berreskuratu behar zuten. COVID-19ak ez du utzi, eta jaiak orain arte ezagutu den ereduarekin ospatu ahal direnean egingo dira bi ekitaldi horiek.
Azken egunotan egitaraua "hainbat alditan" moldatu ostean, online kontzertuak izango dira Xaxauren egitaraua osatuko duten ekitaldi bakarrak (ikus 30. orria). Azken mezu bat ere helarazi nahi izan du Agirrek: "Eskerrik asko lagundu gaituen jende guztiari eta, bereziki, eskerrik asko jaietan online bada ere kontzertuez gozatzeko aukera eman duten musika taldeei eta teknikariari. Indarberrituta itzuliko gara hurrengo jaietan!".
Dirua, beste poltsa batera
2020ko Pentekosteetarako 115.000 euroko partida zuen aurreikusita Udalak, 2019ko jaietako aurrekontua baino 15.000 euro gutxiago. Udalak ekitaldirik antolatu ez duenez, "ia partida osoa" geratu da gastatu barik: "Behar berrietara bideratuko dugu diru partida hori".
Saio berezia Seminarixotik, zuzenean
Aurten ez dira Pentekosteak ospatuko, baina Goiena telebistan jaiak berbagai izango dira. Egoera berrira egokituz, atzera begira jarriko da Hemen Debagoiena saioa; aurreko urteetako hainbat irudi berreskuratu eta jaietan ohiko protagonista izan ohi diren protagonistekin solasaldiak egingo dira. Erraldoiak, bakailao lehiaketa, 1990eko Bitorianatxoren jaitsiera, atzerrian bizi diren bergararrak, zuzeneko musika, herriko hainbat protagonistarekin elkarrizketak, eta beste hainbat sorpresa. Saio berezia gaur ikusi ahalko da Goiena telebistan (18:00), zuzen-zuzenean Seminarixotik.