Festa gazi-garratzak; nahi eta ezinaren artean ospatuko dituzte aurten

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 29a, 09:00

Bitorianatxo udaletxeko balkoian, atzean plaza hutsa duela.

Herritarrek aurtengo Pazko festak oso bestelako moduan ospatuko dituzte, COVID-19ak eraginda. Lerrootako protagonistek aitortu dute festa gogoz dagoela Bergarako herria; hala ere, egoerara egokitu beharko dutela jakin badakite guztiek.

Pentekoste jaiak izaera propioa dauka herriko hainbat eragile eta protagonistaren sormen eta etengabeko lanari esker: Xaxau taldearen ekintza parte-hartzailea, Bitorianatxoren jaitsieraren unea, Udal Musika Bandaren doinua eta kalejira, barraketako giro alaia eta koloretsua, Jardunen eskutik urtero identitate ikur bilakatzen diren zapiak...

Aurten, ordea, guzti-guztiek badakite jaiak ez direla ohiko moduan ospatuko. Bereziak izango direla jakinekoa da; akaso, tristeak ere zenbaitendako. Hala ere, egoerari alderik hoberena ateratzen saiatuko dira, bakoitza bere esparrutik eraginda eta etxetik.

Enrike Txurruka: Udal Bandako zuzendaria

"Azken unera arte, egokitutako kalejiraren bat egiteko aukerak aztertzen ibili gara. Baina ez da posible izan: Bergarako Udalak, babes neurri gisa, kaleko ekitaldi guztiak ez egiteko gomendioa egin du. Lagun talde bat gara eta asko gozatzen dugu elkarrekin, pena da. Hala ere, bideo berezi bat gertatu dugu, jendeak jaien hasiera etxetik ikus dezan. Jaien irekieran lehenengoz parte hartzekoa nintzen ni; bada, datorren urtean izan beharko du!".

Iosu Agirre: Xaxau konpartsako kidea

"Jai gazi-garratzak izango dira. Nahi eta ezineko jaiak dira aurtengoak. Oso mugatuta egon gara; zerbait egin gura izan dugu, baina, azkenean, ezinezkoa izango da. Ahal den neurrian ospatzen saiatuko gara, beraz. Badakigu Udalaren erabakia zaila izan dela, eta guztiz ulergarria da. Horregatik, balkoietan ospatzeko dei egin dugu. Jaietako koloretako blusa jantzi eta ahal den heinean etxean ospatzeko eskaera egiten dugu Xaxau taldeko kideok".

Iñigo Almortza: Bergarako zezenak

"Gure kasua oso konplikatua da, eta ezingo dugu ezer antolatu aurten. Egoera zaila da, eta administrazioek erabakiren bat hartu beharko du. Karga handia dugu guk, ganadu piloa, eta aurten ez dugu jairik izango. Maiatzetik urrira egiten dugu lan, eta datorren urtera begira jartzea geratzen zaigu soilik…".

Maitane Arizabaleta: Jardun Euskara Elkartea

"Jardunetik jaietarako zapiak egiten ditugu urtero. Aurten, berriz, aurreko edizioetakoak jarri ditugu webgunean jendeak deskargatzeko, eta balkoietan jarri ditzan. Hala, gure presentzia ere izan dezaten Pentekosteek. Horrekin batera, Xaxauk omenaldia eskaini behar zigun, eta penaz gaude… ea aurrerago posible den".

Ibon Unamuno: Erraldoi eta Kilikien Konpartsako kidea

"Triste eta penaz biziko ditugu aurtengo Pentekoste jaiak. Bergarako Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren 20. urteurrena izanda, egitarau ederra genuen prestatuta: Aroztegi aretoan erakusketa jartzekoak ginen, zapatuan kanpotik sei talde etortzekoak ziren, gurekin zazpi, eta gero, proiektu bat genuen herriko ikastetxe guztiekin egiteko… baina ezinezkoa izango da. Hala, 20. urteurreneko ekintza guztiak 2021era pasako ditugu".

Juan Pablo Sanz: Atracciones Sanz

"Pentekoste jaietan ez gara egongo aurten. Orokorrean, uztailaren 1era arte ezingo dugu ezer egin. Barraka mota batzuekin ezarri ditzakegu segurtasun neurriak; beste batzuekin, aldiz, ez. Horiekin urte osoan ezingo da lanik egin. Nire barrakekin lan egiteko hartu ditzaket neurri guztiak, baina ez da egoera erraza".

Ana Abajo: Kokoxa antzerki taldea

"Antzerki taldekideon artean aldatzen joan gara urtetik urtera nork egin Bitorianatxoren papera, eta nik bi urtez egin dut. Herri guztiaren aurrean egotea ardura potoloa da, eta diskurtsoa ere egin izan dugu mezu esanguratsu batekin… Aurten, zerbait egiteko asmoa badugu, baina ikusiko dugu zer; egon daiteke sorpresaren bat".

Iazko zapiak eskuragarri

Jardun euskara elkartetik deialdi berezia egin dute zapiak balkoietan eskegitzeko. Izan ere, aurreko urteetako zapiak jarri dituzte zintzilikatuta webgunean eta herritarrek eskuragarri dituzte jada.

Etxetik gozatzeko aukera

Jaiak kalean ospatuko ez diren arren, eragile ezberdinek eskainiko dituzten aukerekin eta ekintzekin gozatzeko bidea ere izango da, noski. Udaletik "jaiei jarraipena etxetik" egiteko gomendatu dute.

Festaren hasiera Goiena telebistan prestatutako saio bereziarekin egin dezakete herritarrek. Irekiera ekitaldirako, gainera, Udal Musika Bandako kideek prestatu duten bideoa ikusgai izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak