'Streaming' bidez kultura ekitaldiekin gozatzeko hainbat proposamen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko mai. 29a, 10:05
Brigade Loco taldearen kontzertua gaur, egubakoitza, 16:30ean eskainiko dute. Argazkia: Xaxau konpartsa.

Astelehenean hasi eta atzo bitartean herriko musikariekin hamabi emanaldi grabatu dituzte gaztetxean, publiko barik; kontzertu horiek guztiak gaur hasi eta martitzena bitartean Xaxau konpartsak Youtuben daukan kanalean eskainiko dituzte, doan.

Argi dago ez dela gauza bera musikaria aretoan ala pantaila batean ikustea; hala ere, musikariek, arloko profesionalek eta zaleek gustura hartu dute "behin-behineko streaming eskaintza hori, arnasgune delako".

Hamabi emanaldi grabatuta

Iñigo Herreros –R. Sound– Bergarako soinu teknikariak jaietan kontzerturik egiteko aukerarik izango ez zela ikusita eta "herritarrei zerbait eskaintzeko asmoarekin" jo zuen, orain dela aste eta erdi, gaztetxeko eta Xaxau konpartsako kideengana. "Bi hilabete eta erdi daramat geldi, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen; hala proposatu nien kontzertuak gaztetxean aurrez grabatu eta ondoren streaming bidez eskaintzea Pentekosteak ospatu beharko liratekeen datetan. Ideia gustatu zitzaien eta geroago Udalak ere bat egin zuen ekimenarekin".

Hasieratik argi zuten bakarrik herriko musikariendako deialdia zela hori, eta "aurreikusi baino formazio gehiagok" adierazi zuten segituan ekimenean parte hartzeko aukera. Brigade Loco taldeko Oier Aperribai baxu-joleak dio "ekimen oso polita" iruditu zaiela, eta "asko" eskertzen dutela "taldekideei berriz elkartzeko emandako aukera". Azkaiter Pelox seikoteko kide Unai Azkaratek ere "txalotu" egin du ekimena, eta emaitza ikusteko deseatzen daudela dio; eta Arragoa eta Diablues&Blucifer Blues taldeetako kide Asier Elortzak ere zera dio: "Ideia oso ona da, eta iruditzen zait Xaxau konpartsan oso jende baliagarria dagoela; Bergarako gazteria oso osasuntsu dagoela erakutsi dute, beste behin. Balioa ematen diote herriari".

Azkaiter Pelox seikotea streaming bidez eskaintzeko kontzertua grabatzen  astelehenean gaztetxean. Argazkia: Xaxau

Hamabi emanaldi grabatuta

Astelehenean hasi ziren grabatzen –egunean hiru–, eta atzo, eguena, borobildu zituzten hamabi grabazioak. "30 eta 40 minutu bitarteko kontzertuak dira, luzeagoak, nire ustez, pantaila aurrean ikusteko aspergarriak izan daitezke eta. Argi berri batzuk ere muntatu ditut ikusgarriago egiteko. Ohiko zuzenekoak balira bezala grabatu ditugu; hau da, hasieratik bukaera arte etenik egin barik. Hasteko, kantu bat soinu-proba moduan grabatu dugu bakoitzarekin; hori entzun, eta gustatuz gero, ordu erdiko saioa grabatu dugu jarraian. Bideoan entzuten den soinua mahaian bertan nahastutakoa da".

Talde bakoitzari gaztetxean bi orduko tartea egokitu diote, eta lantalde murriztua izan da han. "Gaztetxean ahalik eta jende gutxien elkartea zen helburua. Beharrezko taldea bakarrik izan da grabaketa bakoitzean: musikariak, bi soinu teknikari eta argazkilaria eta bideo-egilea".

Bi familiak osatzen duten Arragoa taldea martitzenean gaztetxean grabatzen. Argazkia: Xaxau konpartsa

Formazio eta estilo ezberdinak

Zabala da eskaintza. "Denetarikoak daude: bakarlariak, talde txikiak eta handiagoak; ezagunagoak eta berriagoak; eta estiloari dagokionez ere hala da: punk estiloko hiruzpalau talde daude, hardcore talde bat, folk, blues eta musika akustikoagoa egiten dutenak... Oso gogotsu etorri dira guztiak, jotzeko irrikaz, nahiz eta guztiek dioten publiko barik jotzea ez dela erraza. Aspaldi entsegurik egin barik daude gehienak, eta igarri da hori, lehertuta bukatu dute gehienek saioa".

Talde bakoitza bere onena ematen saiatu da ordu erdia ahalik eta ondoen zukututa; Brigade Locok, esaterako, argitaratu berri duen Amets bati lotuta laneko hiru kantu aurkeztuko ditu, aurreko lanetako kantu zaharragoen artean.

Arragoa taldearen proposamena bitxia da; izan ere, bi familiak osatutako taldea da, jolas moduan hasi zena eta gaur egun zuzenekoetarako eskaintza asko jasotzen duena. Hala dio Asier Elortzak: "Zortzi lagun gara, bi aita, bi ama eta gure seme eta alabak. Martitzenean grabatu genuen guk, publiko barik, arraro samarra guretako ere; hala ere, oso berezia eta polita izan da gure seme-alabekin gaztetxean jotzea. Folk estiloko kantu ezberdinak eskainiko ditugu: Irlandakoak, Suediakoak eta euskaldunak. Lasai hasi eta indartsuagoekin jarraituko dugu.

24 orduz Xaxauren kanalean

Egitarauan jasota dagoen datan estreinatuko dituzte kontzertuak online, eta 24 orduz izango dira; musikariek erabakiko dute gero euren profiletan argitaratzea.

'Streaming' kontzertuen egutegia

  • Egubakoitza
    • 12:30: Garazi eta Maider.
    • 16:30: Brigade Loco.
    • 21:30: Azkaiter Pelox.
  • Zapatua: 
    • 12:30: Olatz Ugarte.
    • 16:30: Lemak.
    • 21:30: Ttun Ttun Brigade
  • Domeka:
    • 15:30: Indai.
    • 21:30: Barne Guda.
  • Astelehena:
    • 15:30: Diablues & Bluecifer.
    • 21:30: No Limits
  • Martitzena:
    • 15:30: Arragoa.
    • 21:30: Flyshit.

Gaur, egubakoitza, 12:30etan eskainiko dute Garazi eta Maiderren streaming kontzertua. Argazkia: Xaxau

Film laburren XVIII. lehiaketa

Alarma egoerak baldintzatuta, ezingo dute modu presentzialean sariketako film laburren emanaldirik eta sari banaketa ekitaldirik egin; hori horrela, streaming bidez egingo dute –Xaxau konpartsak Youtuben duen kanalean– etzi, domeka, 20:00etan emanaldia eta gauerdian sari banaketa.

Oinarrian, orain arteko ezaugarriak ditu; honela dio antolaketa taldeko Iosu Agirrek: "Xaxau da filmean derrigorrean agertu behar den objektua eta erabili beharreko esaldia; Simonek dio da. Bost minutukoak beharrean, hiru minutukoak egitea eskatu dugu, deialdia ohi baino beranduago egin dugulako. Gaur da filmak bidaltzeko azken eguna, Xaxaukomunikazio@gmail helbidera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak