BKEren oharra "harriduraz" jaso ostean, elkarlana "inoiz baino beharrezkoagoa" dela dio Udal Gobernuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mai. 19a, 15:58
Bergarako Udal Gobernuaren agerraldi bat udaletxean, joan den astean.

COVID-19ak Agorrosin Berriaren proiektuaren idazketa atzeratu egin beharko duela-eta atzo Bergara Kirol Elkarteak kaleratutako oharra erantzun du Udal Gobernuak. Diote "harriduraz" jaso dutela oharra eta prentsan agertu aurretik alkateak BKEko zuzendaritzako kide bati pertsonalki deitu ziola egoeraren berri emateko. "BKEren prentsa oharrean ondo dioenez, ez da eztabaida antzuak sortzeko garaia, elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da", gaineratu dute.

Udal Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, BKEko zuzendaritzarekin azken hilabeteetan egindako lanketaren ondoren proiektuaren idazketa lizitaziorako prest zegoen eta martxoaren 17an batzordetik pasatzekoa zen. Baina orduan heldu zen COVID-19ak eragindako alarma egoera eta tramiteak etenda kontratazioa bertan behera geratu zen: "Laster ikusi genuen larrialdi egoera honen ondorio ekonomikoek epe motzean bakarrik ez luzeagoan ere eragingo zutela. Proiektu honek BKErendako duen garrantziaz jakitun, bilera batean egoeraren berri eman eta aurreikuspenak zeintzuk ziren argi azaltzen saiatu ginen".

Proiektuaren idazketak, hitzarmenean jasotakoaren arabera, datozen urteetarako 1.000.000 euroko konpromisoa hartzea dakar: "Argi esan zen gaur egungoa bezalako egoera ezegonkor batean konpromiso hori lotzea ez dela posible". Beraz, azaldu dutenez, proiektuaren idazketaren kontratazioa bertan behera geratuko zela adierazi zuen Udal Gobernuak.

Agorrosin Berriak itxaron egin beharko du

Udal Gobernuaren oharra ikusita, egiten den proposamenean proiektuaren idazketa da mahai gainean geratzen dena, ekarriko lukeen konpromiso ekonomikoak guztiz baldintzatuta. Udal Gobernuak azaldu duenez, BKEk ulertu zuen egoera: "Hitzarmenak jasotakoa momentu honetan Udalarentzat bideraezina dela onartzen zuen. Beste aukera batzuen artean, hitzarmena moldatzeko aukera zabaltzea beharrezkoa izan zitekeela aipatu zen. Hitzarmenaren terminoak aldatuz gero, eta egoera ekonomikoak posible egingo balu, proiektua idaztea interesgarria izan zitekeelako. Horretarako proiektuaren idazketa konpromiso ekonomikotik bereizi beharko litzateke hitzarmenaren atal hori aldatuz".

Haserreen gainetik, elkarlanerako deia

Harriduraz jaso dugu atzo BKEk zabaldu zuen oharra, informazio hori prentsaren bidez jaso izana eta alkateak elkarrizketa batean esandakoaren berririk ez zutela esanez: "Ez bilera hartan soilik, elkarrizketaren ondoren alkateak pertsonalki deitu zion maiatzaren 13an BKEko zuzendaritzako kide bati, elkarrizketan egindako galdera eta emandako erantzunaren berri emateko. Elkarrizketa hartan ere argi azaltzen zen: aurreikuspen ekonomikoak iluntzen hasi zirenean, BKEko zuzendaritzarekin elkartu eta proiektuaren idazketa bertan behera utziko genuela adierazi genien".

Era berean, Gobernuak dio prentsa oharraren berri izan aurretik, "atzo bertan", BKEko zuzendaritzarekin gaurko bilera bat jarrita zutela: "Aurreko bileran geratu bezala egoera berrian aurrera begirako pausuak elkarrekin aztertzeko, Agorrosingoa bakarrik ez, bergararren onerako garrantzitsuak izan litezkeen beste hainbat proiekturen etorkizuna duela hiru hilabete baino zailagoa dela jakitun izanda ere".

Udal Gobernua: "Ez da eztabaida antzuak sortzeko garaia, elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da"

Kritikak kritika, Udal Gobernuak dio "elkarlanerako gertu" dagoela: "BKEren prentsa oharrean ondo adierazten zen moduan ez da eztabaida antzuak sortzeko garaia, elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da eta oraingoa bezalako gaizki ulertuen gainetik hauek konpontzeko ahalegina guztioi dagokigu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak