Debagoieneko beste herriekin alderatuta, Bergaran ez du horren gogor jo koronabirusak. Zergatik?
Batek daki. Faktore askok edukiko zuten zerikusia. Herrien arteko harremanak, pertsonen fluxuak lana edo beste edozer dela. Hartutako neurriak garaiz hartu izanak ere eragina izango zuen. Tabernari eta merkatari askok beren kabuz erabaki zuten ixtea eta Udaletik zabalik zeuden apurrei ixteko gomendioa egin genien inongo agindurik eman aurretik. Inguruko herrien artean, desinfekzio lanetan hasten ere lehengoetakoa izan zen Bergara. Hasierako erabakietan azkar ibili izanak eta neurriak azkar hartu izanak diferentziak marka zitzakeen lehenengo ordu eta egun horietan eta uste dut bergararrak ondo ibili ginela.
Mizpirualde zaharren egoitzak eutsi egin dio oraingoz... Ze balorazio egiten duzu?
Hemen ere denborarekin hasi ziren bisitak mugatzen, egoiliar bakoitzari erreferentziazko bisitari bat mugatuz, kanpo bisitendako guztiz itxi zen arte. Babes neurriek emaitza ona izan dute oraingoz eta langileen konpromisoak ahalbidetu du hori. Beste egoitza batzuetan ikusi dugu kasu bat tokatu ezkero ze nekeza dan eutsi eta kontrolatzea eta gaur arte kutsatu kasurik ez edukitzea lortu izana lorpen handia da.
Laguntza sarea jarri zenuten abian krisiak eztanda egin eta berehala. Zenbat lagun ari dira eta zenbat artapen egin dituzte?
Lanean jarraitzen du hasieran baino modu apalagoan bada ere. 70 pertsona ingururi boluntario bat izendatu zaie eta intentsitate ezberdinekin eskaini zaie laguntza. Azken asteetan, telefono dei bat egin izana asko baloratu eta eskertu du pertsona heldu askok. Laguntza sareaz gain, Udaleko langileak maiztasun handiz deitu dute 1.200 etxetara. Elikagai bankuko banaketan lagundu dute, itxialdi garaian zabalik zeuden dendetan Miguel Altuna Lanbide Heziketa Institutuak eta Mondragon Unibertsitateak egindako babes maskarak banatu dituzte… Boluntario andanak eman du izena eta agertu da prest laguntzeko eta askoren beharrik ez da egon oraingoz, neurri handi baten, bergararrak modu naturalean ingurukoez arduratu direlako gertukoenei lagunduz.
"Denon beharra dugu Bergarako ekosisteman eta ulertu behar dugu bati ondo ez badoakio besteok ez dugula bide hobea izango"
Diozue: "Herritarren, komunitatearen garaia da. Erabaki dezagun zein Bergara nahi dugun, eta jo dezagun guztiok batera horrantz". Herritarrak interpelatu ditu Udalak. Zer duzue buruan?...
Eragin horren zabala izaten ari den pandemia bati erantzunak modu kolektiboan asmatu eta aurrera eramatea, errazagoa eta eraginkorragoa da. Herritarrek beraien aldetik edo Udalak bere ekimenez egin lezakeena baino askoz gehiago egin dezakegu herri ekimenak bultzatu edo indartuz. Ahalik eta ondoen aurrera egin nahi badugu modu komunitarioan aurre egin beharko diogu egoera berriari eta Udala herri eragileekin lankidetzan aritzeko prest dago. Osasungintza, zaintza, merkataritza, ostalaritza, kulturgintza, industria, zerbitzuak…, denon beharra dugu Bergarako ekosisteman eta ulertu behar dugu bati ondo ez badoakio besteok ez dugula bide hobea izango.
Urtarrilaren 27an onartutako Udal aurrekontua berrikusten ari zarete. Diru sarreretan zenbateko jaitsiera egongo da?
Handia. Aurrekontu osoaren %20-25 ingurukoa. Foru Funtsean bakarrik, Gipuzkoako diputazioak udalei egiten dien ekarpenean, 2,5 milioi euro inguruko jaitsiera aurreikusten dugu Bergaran. Hori sekulako jipoia da sarrera aurreikuspenetarako, Udal aurrekontuaren %10eko jaitsiera da eta. Beste diru sarrera asko, herriko jarduera ekonomikoei edo eskainitako zerbitzuei lotutakoak dira eta denbora honetan guztian asko gutxitu dira: Agorrosingo abonuak, obretako zergak, itxita egon diren jarduerei kobratu ez zaizkien ur eta zabor tasak…
Diputazioak zehaztu dizue zerbait Foru Funtsari dagokionez?
Foru Funtsa da Udal aurrekontuetako diru sarrera handiena eta berau %20n jaitsiko dela aurreratu digu Udaloi Foru aldundiak. Baina beste jaitsiera batzuk ere aipatu ez badituzte ere, badabiltza aplikatzen honezkero: baserri bideetarako diru-laguntza bertan behera laga da aurreko astean. Beste diru laguntza lerro batzuekin antzekoa gertatu litekeenaren susmoa dugu. Foru aldunditik Udal finantziazioaren inguruan planteamenduren bat egin behako lukete: Udalei dirutza hauek iritsi ezean, egoera ekonomiko larrian egon ginateke datozen urteetan.
Zenbat murriztu beharko duzue aurrekontua eta non murriztuko duzue?
COVID-19ak martxoan jo du gure atea eta pentsa genezake urte hasiera izanda aurrekontuan moldaketak egin eta egokitzeko tarte handia egon litekeela. Kontua da aurtengo inbertsio handi batzuk, ia 2.5 milioi ingurukoak, honezkero exekuziora bideratuta zeudela eta hauekin aurrera egitea erabaki dela, atzeraezinak direlako edo diru-laguntzei lotuak daudelako. Honela ez da segurutik diru sarrerak jaisten diren neurri berean gastuak jaisteko aukera errealik izango gure Udalean eta gerakineko aurrezkiaren parte handi bat bideratu beharko dugu aurrekontua osatzera urte berezi honetan. Oraindik bideratu gabe dauden inbertsioak mahai gainean utzi beharko dira eta batez ere ohiko gastua ondo orraztu beharko dugu.
Aurrekontuan bi proiektu nagusi zeuden. Batetik, aspaldikoa den Zubieta kalea berriro urbanizatzeko proiektua. Lehen fasearekin hasi behar zineten, eta udal gerakinetik finantzatzeko asmoa zenuten. Atzeratu egin beharko da Zubieta?
Zubietako proiektua gerakineko diruari zuzen-zuzen lotuta zegoela esan genuen aurrekontuak onartu ziren plenoan. Orain, tamalez, gerakin hori beste behar batzuetara bideratu beharra dugu eta Zubietako berrurbanizazioaren finantziazioa guztiz baldintzatuta gelditu da. Udal Gobernuarentzat segitzen du lehentasun bat izaten eta aukerarik badago berrartuko dugu; momentuz, ezin da.
Beste proiektu nagusia Labegaraietako kiroldegia berritzearena zen, Diputazioaren ia 600.000 euroko diru-laguntza bati lotuta dagoen proiektua. Lehen fasea martxan dago, baina zer gertatuko da potoloena den bigarren fasearekin? Kiroldegia barrutik berritu ahalko da aurreikusitako epeetan?
Martxoaren 13an hirigintzako hiru proiektu zeuden lizitazio fasean eta hau da horietako bat. Gelditu edo lizitazioarekin aurrera jarraitu erabaki beharra genuen eta arrazoi ezberdinegatik hirurekin aurrera jarraitzea erabaki dugu. Esan bezala, Labegaraietako kiroldegiko obrak diru laguntza handi bat du konprometituta eta ezin zen hura galtzen utzi. Epeei dagokionean aurreikusitakoaren barruan doa eta obra urte amaierarako bukatuta egotea espero badugu ere, diru-laguntza lortzeko baldintzak malgutuko dituztela adierazi digute, egoera berezi honek eraginik izango balu.
"Aurreikuspen ekonomikoak iluntzen hasi zirenean, BKEko zuzendaritzarekin elkartu eta Agorrosin Berriko proiektuaren idazketa bertan behera utziko genuela adierazi genien"
Agorrosin Berria dago, bestetik. Orain gutxi bete da urtebete BKEren eta Udalaren arteko hitzarmena sinatu zela eta 2020ko udal aurrekontuan 55.000 euro zenituzten aurreikusita proiektuaren idazketarako. Zer gertatuko da hitzarmeneko epeekin? Eta epeak atzeratzeak eta beraz hitzarmena ez betetzeak ze ondorio dakar?
Proiektuaren idazketa lizitaziora bideratzeko prest zegoen, horretarako diru izendapena aldatuta. Baina lehen aurreikuspenetik asko garestitu zen; proiektuaren idazketa prezioa, 120.000 euro ingurura arte. Aurreikuspen ekonomikoak iluntzen hasi zirenean, BKEko zuzendaritzarekin elkartu eta proiektuaren idazketa bertan behera utziko genuela adierazi genien. Batetik, aurtengo aurrekontuan 120.000 euro behar urgenteagoei erantzuteko eskuragarri izatea beharrezkoa zelako eta, bestetik, hitzarmenean jasotakoaren arabera proiektuaren idazketak datozen urteetako aurrekontuetan 1.100.000 euroko konpromisoa hartzea zekarrelako. Gaur egungoa bezalako ezegonkortasuneko momentuan ezin du Udalak halako zamarik hartu. Hitzarmena ez betetzearen ondorioak aurreikusita daude hitzarmenean bertan eta alde biok orain arte izan ditugun gastuak bere gain hartu beharko lituzke Udalak.
2020an, 4.122.011 euroko inbertsio gaitasuna zuen Udalak COVID-19aren aurretik. Inbertsioetarako gaitasunik badago orain?
Lehen baino gutxiago, baina inbertsio gaitasuna xumea bada ere, izango da. Neurri handi batean, aparkalekua egiten ez hasi izanak 2,3 milioi euroko gerakina izatea ahalbidetu digulako eta hori baliatu ahal izango delako defizita estaltzera. Bestetik, iaz zor bizia ia 7milioi eurotik 6 milioi eurora jaitsi dugulako eta honek zorpetzeko ateak ere irekita utzi dizkigulako. Epe ertainerako begirada batekin inbertsio gaitasun hori bermatzeko Udalak kreditu bat eskatzeko aukerak mahai gainean ditugu eta bide hau jorratzeko asmoa daukagu orain sortutako behar berriei eta etorkizun ertaineko inbertsioei aurre egiteko.
Goazen orain bertan martxan dauden obretara. Batetik, Ibargaraiko kale zati bat berriro urbanizatzea. Zergatik aurreratu duzue exekuzioa?
Ur-hoditerian matxura handi baten ondorioz behin behineko soluzio bat emanda zegoen inguru honetan eta konpondu beharra zegoen. Urbanizatu beharra dago kalea ia osorik zabaldu behar zelako, baina berez ez da berurbanizazio obra bat, instalazio obra bat baizik. Derrigor egin beharreko lan bat izan da eta inguruko komertzio gehienak itxita zeudela baliatuz lanak aurreratzea erabaki genuen, eragina gutxitzeaz gain obraren erritmoak azkartzeko. Dendak itxita egon diren bitartean lan dezente aurreratu ahal izan da eta martxa onean doaz.
Amillagakoa da obretan dagoen beste proiektu bat. Zergatik erabaki zenuten obrarekin aurrera jarraitzea?
Amillagako lanen adjudikazioa ere esku artean genuen martxo erdialdean. Diru laguntza handia zegoen hemen ere, 150.000 eurokoa. Trafikoan moldaketak egin behar izan dira baina orain arte trafiko bolumenean egon den jaitsierak ere lagundu du. Orain mugikortasuna handituz doa berriz eta eragin handiagoa igarriko dugu.
EAJk kritikatu du gardentasun eza obra hauen hauen gainean.
EAJk aipatutakoak ez du inolako oinarririk, proiektuaren idazketa Elena Lete aurreko alkateak bideratu zuen eta gure esku artera iritsi bezain laster eragiten zien ingurukoekin elkartu eta batzordera eraman genuen proiektua, aipatutako diru-laguntzara aurkezteko presazkoa zen-eta. Bestalde, autobus geltokiari dagokionez, ez da posible gaur egungo espazioan arautegi berriek eskatzen duten zabalerak emanda bi geltokiak aurrez aurre jartzerik. Eta hori badaki EAJk.
EAJk joan den astean proposatu zuen 2019ko udal gerakina, 2.300.000 eurokoa, COVID-19ari aurre egitea bideratzea. Ze iritzi duzue?
Proposamen bat da. Aurretik aipatu bezala Udal diru kontuak ez dute halakorik ahalbidetzen eta sarreren aurreikuspena lantzen ari ginela jakitun ziren. Aurreikuspena astelehen honetan aurkeztu genien eta berau esku artean izan gabe halako proposamen bat egitea ez dut uste egokiena denik. Jendearengan Udalak bete ezin dituen espektatibak sortu ditzake.
Jeltzaleek zortzi diru-laguntza lerro proposatu dituzte, diru partida zehatzekin. Nola ikusten dituzue proposamen horiek?
"Herriko Ekonomia sustatzeko 300.000 euroko diru-laguntza lerroa zabalduko dugu"
Erabakirik hartu duzue proposamen horien inguruan?
Ez dago Euskal Herrian herririk Udal aurrekontuaren proportzioan halako dirurik bideratu duenik egoera honetan. Egindako proposamenak kontuan izan ditugu eta egiten ari ginen lanketan txertatu. Edozein modutan, Udalaren ardura bada herriko dinamika ekonomikoaz eta herritarren egoeraz arduratzea eta zentzu horretan lanean aritu gara lehen egunetik eta eragileekin izandako bileretan beti aipatu dugu Udalak egoera ekonomikoa eta arlo bakoitzeko ardura duten erakundeen laguntzak aztertu ondoren behar den neurriko laguntzak bideratzeko borondatea baduela.
Udal Gobernutik hartu dituzuen neurri ekonomikoen artean, zein izan da eragin aipagarriena izan duena?
Eragin zuzena, oraingoz, Kuttuna ekimenak izan du. Udala; herri ekimeneko Magnet kooperatibako boluntario lanak; Bergarako komertzio, taberna eta zerbitzu emaileak, eta herritarren arteko ekonomia kolaboratiboaren adibide oso adierazgarria jarri da-eta martxan. 200.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragin dugu guztion artean eta, horretarako, 44.000 euro bideratu dira Udal baliabideetatik: 40 000 diru laguntzetan eta 4.000 inguru transakzioen kostua Udalak bere gain hartuz. Bestetik, laster martxan jartzeko prest izango ditugun herriko ekonomia sustatzeko 300.000 euroko diru-laguntza lerroa aurreko kanpaina osatzera dator eta Bazkundetik lantzen ari diren bonu kanpainari gertutik jarraituko diogu osatzeko premiarik balego aukerak aztertzeko.
Ze beste berehalako neurri aipatuko dituzue?
Arlo ekonomikoan herritarrei ordainketak erraztu eta ez pilatzeko egutegi fiskala moldatu dugu. Ixtera behartuak izan diren aktibitateei uraren finkoa eta zabor tasak bertan behera uzten lehenengotakoak izan ginen. Kirol abonuak bertan behera geratu dira eta martxoan kobratuta zeuden eta zerbitzua erabili ezin izan zen hamabostaldia konpentsatzeko modua bilatuko da.
Epe ertain edo luzera beste ze neurri ekonomiko hartzea duzue aurreikusita?
Herriko kaleek bizitza behar dute eta, horretarako, beharrezkoa da kaleak bizirik izatea, komertzioa martxan eta osasuntsu izatea, tabernetan giroa izatea… Herriko kaleak eta aktibitateak suspertzeko 300.000 euroko diru-laguntzak bideratuko ditugu ahal bezain laster. Diru laguntzak itxita egon diren komertzio edo ostalaritza zerbitzuei bideratuta egongo dira eta momentu zail hauetan beraien negozioari bultzada bat emateko aukera helarazi nahi diegu. Sentsibilizazioa lantzeko, kalea ahal den momentuan biziberritzeko eta Bergara berriz martxan jartzeko ere indarrak batuko ditugu.
Krisiaren kudeaketari dagokionez, zer egin du bereziki ondo Udal Gobernu honek? Eta zer ez horren ondo?
Lehen larrialdi unean egoeraren analisi azkarra egin, erabakiak hartu, bideratu eta modu eraginkorrean kaleratzen asmatu genuela uste dut. Beharra zuenak jakin zuen nola eskatu laguntza, deiak jaso eta artatu ziren, emergentzia une gogorrenean presente izan ginen eta uste dut suertatzen ziren egoera berriei ondo erantzun geniela. Konfinamenduko bigarren zatian, egonkorragoan, barrura begirago egon gara, Udalaren kontratazioak kudeatu, aurrekontu berriaren lanketan aurreratu, langileak berrantolatu. Tarte honetan ez dugu asmatu gure lana publiko egiten eta uste dut eragile batzuk bakarrik sentiarazi ditugula. Behar beharrezkoa zen barne lan hauek egitea beraien beharrekin uztartzeko, baina uste dut ez dugula asmatu hori transmititzen. Orain arintze fasean gaude eta begirada fase berrietara ahalik eta modu seguruenean heltzean dugu jarrita, neurri handi batean arduraz jokatzea bakoitzaren esku badago ere. Egoera berrian ehun ekonomikoaren berreskuratzea eta gizarte eta Udal mailan jarduna moldatzen ere lan handia dugu aurretik.
Nola eragin dio Bergarako Udalari maila goragoko gobernuen politika komunikatiboak?
Egunean bertan betebeharrekoak diren dekretuak eguna joan eta eguna etorri kudeatzea ezinezko bilakatu da momentu batzuetan. Irizpideak ordutik ordura aldatu dira azken bi hilabeteetan. Zer esanik ez azken astean, Jaurlaritzaren dekretuek Madrilgoak hankaz gora bota ondoren. Astea bukatzera doa, baina argi al dugu zein fasetan gauden eta irizpideak zeintzuk diren? Ez da serioa izaten ari, dekretuak aplikatu beharreko data aurretik jakinaraziz gero, egun bat besterik ez bada ere, administrazio bakoitzean hartu beharreko erabakiak asko erraztuko lituzke, ikusi diren deskoordinazio asko saihestuz.
"Udaltzainek 97 isun jarri dituzte orain arte, gehienak konfinamendu zorrotzeko epean"
Udaltzainek zenbat jakinarazpen, isun… jarri edo egin dituzte eta nolakoak?
Udaltzainek 97 isun jarri dituzte orain arte, gehienak konfinamendu zorrotzeko epean. Aipatu behar da epe berean neurriak betetzen ez ote zenbiltzalakoan 3.000 lagun identifikatu dituztela isundu gabe eta beste hainbati gomendiok eman edo irizpideen berri eman. Lan pedagogikoa izan beharko litzateke momentu honetan nagusi, herritarrek gomendioak ezagutzen dituztela jakin eta betetzea indartzeko.
Asteon ireki dituzte berriro ere taberna batzuk, baina beste batzuk oraindik ez zabaltzea erabaki dute. Terrazen kontuarekin erraztasunen bat jartzeko asmorik baduzue?
Astean elkartu gara ostalari batzuekin, aurretik informalki hitz egin badut ere eremu honetako batzuekin. Azalerak handitu daitezkeen eremuetan aukera hori emateko proposamena luzatu diegu, betiere, segurtasunezko pasabideak errespetatuz eta atari, beste komertzio batzuetako sarrera eta abarretan eragin gabe. Alboko lokaletako fatxada eremuak okupatzeko aukera ere zabaldu dugu, betiere, jabearen baimena lortuz gero. Kontuan izango da onartzerakoan inguru berean erabilera librerako eremuak bermatzea aktibitateen ustiaketarako okupazioa eta eremu publiko librearen arteko oreka ezinbestekoa dela uste dugu-eta. Tasei dagokionez, modu progresibo batean aplikatzea proposatu diegu ostalariei, mahai gutxien jartzeko aukera dutenek ez lukete ordainduko, eta mahai kopurua handitu ahala, tasa handiagoa ordainduko lukete, gehienez mahaiko gaur egungo tasaren %75a ordaintzeraino mahai guztiak jartzeko aukera lukeen terrazak horretarako espazio doblea okupatuko balu ere.
"Lasaitasun mezua bidali nahi diet herritarrei, baina, era berean, baita arduraz jokatzeko gonbita ere luzatu nahi diet"
Irudi kezkagarriak ikusi dira han eta hemen, baina baita Bergaran ere, tabernetako terrazetan…
Bai. Uste dut arduraz jokatzea denoi dagokigula. Erakundeok badaukagu erantzukizun handia, baina ardura denona da eta kontu honetan denok jarri behar dugu dagokiguna, arazoa gainditzen laguntzeko. Lasaitasun mezua bidali nahi diet herritarrei, Udalak bere baliabideak jarriko dituelako bergararren ongizatea bermatzeko, eta ahalegin guztiak egingo ditugu inor ez uzteko bazterrean. Baina, era berean, baita arduraz jokatzeko gonbita ere luzatu nahi diet herritarrei.
Bergararren Arreta Zerbitzuan zenbat igo dira eskaerak?
Eskaera presentzialak ez egotera telefono eta emailez jaso dira kontsulta asko eta asko. Aste batzuetan, emailez soilik 250 kontsultatik gora… Deitu edo idazten dute irizpide eske, tasa eta zergen atzerapenaren inguruko zalantzak argitzeko… Dei mordoxka jasotzen da orduro. Erregistro telematikoa ere martxan izan da eta handik eskaera eta izapideak jaso dira nahiz eta tramiteak geratuta egon diren. Dena dela, Arreta Zerbitzuan jasotako dei edo kontsulten ehuneko handiena gizarte zerbitzuekin eta pertsonen beharrekin lotutakoak izan dira. Egoera honetan baldintza pertsonalak aldatu eta Udal zerbitzuetara jo behar izan du herritar askok eta horiei lehen arreta BAZaren eta 010telefonoaren bidez izan da, ondoren Gizarte zerbitzuetara bideratzeko.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak asko igo dira?
COVID-19aren krisiak gizarte beharrak nabarmen haztea ekarri du eta talde zaurgarrienak bereziki ukitu baditu ere, oraingoan, orain arte egoera nahiko onean zeuden herritarrak ere kolpatu ditu. Diru izendapena 100.000 eurotik 163.000 eurora arte handitu da, oraingoz, baina hau ere agortzear dago eta partida handitu beharko dela aurreikusten dugu.
Nola zabiltzate lanean udaletxean Udal langileak?
Lehen asteetan udaltzainak, desinfekzio eta garbiketako txandak eta Udalean ezinbesteko langileak soilik egon ginen modu presentzialean lanean. Baita erabiltzen ziren eraikin apurretako garbitzaileak ere. Gainontzekoak telelanean jarri ziren eta jarduna egoera berrira moldatu behar izan zuten. Orain, arintze faseetan sartu ahala, brigadetako langileak beraien jardunetara itzuli dira. Arreta Zerbitzu presentziala datorren astetik aurrera zabalduko da aurrez aurreko moduan, mugekin eta txanda hartuta. Gainontzeko zerbitzuak irekitzen joango gara, ondoren, babes neurriak hartuta eta egoera berrirako baldintzen arabera: Artxiboa, Liburutegia… Ikusteko dago jende pilaketak ematen diren kultura eta kirol eremuetarako zein baldintza bete beharko diren eta hauetan lanean ari gara orain, posible eta segurua denean irekitzeko aukera izateko.
Pentekosteak bertan behera uzteak ze eragin ekonomiko izan dezake?
Eragin ekonomikoa kalkulaezina dela uste dut. Pentekosteak eta Erramu zapatua sasoi oso garrantzitsuak dira batez ere ostalaritzarentzat, urteko diru sarreren zati handi bat egun hauetan egiten dute eta. Beste arlo askotan ere eragin handia izan du: Kultura arloan sortzaile eta zerbitzuak, saltzaileak… Herritarrengan ere eragina izan du, kasu honetan animokoa, jaiek herriari eta herritarrei orokorrean eskaintzen dizkiguten aukerarik ez dugulako izan aurtengo udaberrian.
"San Martinetara begira lanean jarraitzen dugu. Ea ordurako jai txukun batzuk disfrutatzeko aukerarik dugun"
San Martzial jaietarako baduzue B planik buruan? Eta San Martinetara begira?
Ez. Ederra litzateke San Martzial ospatu ahal izatea [uztaileko lehen domekan] baina arintze fase batean ia edozein B planek elkartze ez kontrolatuak sor ditzake eta oraingoz ezin dugu halako egoerarik indartu. Ikusiko da data iritsi ahala zein aukera dagoen. San Martinetara begira lanean jarraitzen dugu. Ea ordurako jai txukun batzuk disfrutatzeko aukerarik dugun.
Turismoari dagokionez, eta udara begira, egoera txar honi ikusten dizkiozue aukerarik?
Badihardugu turismoaren inguruan buelta batzuk ematen. Aurten gertuko turismoak garrantzia handia izatea aurreikusten da eta Bergarak badauka turismo lokalarentzat eskaintza zabala egiteko aukera. Dauzkagun baliabideak ondo promozionatzen eta indartzen asmatzea giltza izan daiteke udan, herrian gertuko turismo jasangarria erakartzeko. Aurten turismo planerako 30.000 euroko partida geneukan gordeta eta behar berriak ikusita gertuko turismo hori erakartzeko ekintzak bideratzeko asmoa daukagu.
Eta kulturari dagokionez, Seminarixoa noiz eta nola itzuliko da? Kultur ekitaldiak artoetatik Seminarixoa…– streaming bidez ematea pentsatu duzue?
Oraingoz aretoetan ezin da ekitaldi irekirik aurrera eraman eta aire librean jende pilaketak ekidin beharra daukagu. Udara begira egoerak hobera egiten jarraitzen badu kultura eta aisialdi alternatiba ezberdinak eskaini beharko ditugu egoera berrira egokituta, espazio zabalak, edukiera mugatuak, ekitaldi xumeago baina gehiago beharbada. Ari gara lanketa horretan eta lehenbailehen zabalduko dugu asmoa, bitartean Udalean eta eragileekin landu beharreko gaia da-eta. Streaming-eko aukera kultura areto eta erakunde batzuk egin duten hautua izan da.
Igerilekua zabalduko duzue?
Ezarri beharreko baldintzek aukera ematen badute, bai. Udara begira zabaldu beharreko zerbitzu bat dela uste dugu, baina posible da hartu beharreko neurri zorrotzek tekniko edo ekonomikoki bideragarritasuna zalantzan jartzea. Zerbitzuaren baldintzak ere aldaketak jasan behar izatea posible da; edukiera, ordutegiak, aldagela erabili ezina… Oraindik ez dago zehaztasunik. Igerilekua itxita egoteak diru sarreretan duen eragina ere ezin da ahaztu. Itxita dagoen bitartean hileko 85.000 euro inguruko sarrera izateari laga dio Udalak eta bien bitartean gastuen gehiengoa jasaten dute kontu publikoek.
"Ez dut imajinatu ere egin nahi gaur egun Udalaren egoera ekonomikoa zein litzatekeen lurrazpiko parkingaren exekuzioa martxan balego"
Lurrazpiko aparkalekuaren gainean bada berririk?
Mugikortasun planaren idazketa kontratatuta dago. Edozein modutan ere, egoera nabarmen aldatu da orain, gerakineko 1,3 milioi aparkalekua egin behar izanez gero gordetakoak ziren-eta. Sarrera berrien defizitari aurre egiteko erabili beharko dira orain. Parkingaren gaian berriz hasierako lerrora itzuli garela esango nuke. Ez dut imajinatu ere egin nahi gaur egun Udalaren egoera ekonomikoa zein litzatekeen parkingaren exekuzioa martxan balego, hondamendi ekonomikoa izango litzateke.
Epe jakinik bako proiektu edo asmo potoloagoei dagokienez –Miguel Altuna zaharra, Arrizuriaga…–, zerbait baduzue buruan?
Arrizuriagako segurtasuna bermatzeari gutxienez heldu beharko diogu ezinbestean. Urteetan ezer egin gabe egon ondoren, segurtasuna dago jokoan eta martxo hasieran parkea itxi behar izan genuen arrazoi horregatik. Segurtasuna bermatzeko gutxiengoak ere inbertsioa eskatuko du egoera txarrean dagoen eraikin handi hartan. Migel Altuna Zaharrari dagokionean, oraingoz ez da Jaurlaritza eta Udalaren arteko hitzarmena gauzatu eta bide hori lotze nahian gabiltza bestelako ezer mahai gainean jarri aurretik.
Bide batez, Migel Altuna berrirako bidea noiz zabalduko duzue?
Azken ukitu batzuk falta dira eta maiatza bukaerarako bukatuta izatea aurreikusten da, dena ondo badoa.
Eta Argazkiak Kalean ekimena?
Artxiboko antzinako argazkiak bistaratu eta kalean Bergarako iraganaren presentzia izateko ekimen polita proposatu zen artxibotik eta aurrera eroatea erabaki zan. Webgunean ikusgai dauzkagun hiru argazkiren artean aukeratu eta babes gehien jaso duenak Irala kalean formatu handian ikusgai jarriko da. Maiatzaren 21era arte botoa eman daiteke.
Nola eroan duzu konfinamendu egoera, arlo pertsonalean?
Animoei dagokienean, gora-beherekin, herritar gehienok bezala, seguruen. Gertukoekin egonezina, ardurak, ezjakintasuna…, ez dira bidelagun onak eta gure artean ditugu azken hilabeteetan. Izan dudan denbora libre apurra, beste askok bezala, etxeko hainbat lanetan pasa dugu: gela bat margotu, armairu bat muntatu…
"Inoiz ez nuke pentsatuko halako egoera bat biziko genuenik eta zer esanik ez ardura izango nuela herri mailan erantzuna kudeatzen"
Nola aritu zara lanean?
Egin ditugu bilera telematikoak, bai udaletxetik eta baita etxetik ere. Egunerokoan, udaletxetik bertatik lan egitea tokatzen zitzaigula uste dut eta Ainhoa Lete zinegotzia eta ni neu bertan egon gara. Asteburuetan, taldeko zinegotziak txandakatu dira guri atsedena eman eta arreta zerbitzuko lankideekin batera egoteko uneoro.
Badiozu beldurra birusari?
Beldurra ez dut uste denik hitza. Ardura eta ondoez emozionala…
Inoiz pentsatuko zenuke halako egoerarik bizitzea?
Gizateriak bere ohiko jardunarekin jarraitzeko zailtasuna daukan halako edo antzeko egoerak gertatu izan direla eta gertatu izan ahal litezkeela pentsatu izan dut beti, baina urruneko hipotesi bezala, energia errazaren defizita edo beroketa klimatikoari lotuta-edo. Baina halako egoera bat biziko genuenik eta zer esanik ez ardura izango nuela herri mailan erantzuna kudeatzen, ez, inondik inora.