BKEk "harriduraz" hartu du Agorrosingo hitzarmena beteko ez dela "prentsa bitartez" jakitea

Maialen Santos 2020ko mai. 18a, 18:36
Bergara Kirol Elkarteak Agorrosin Udalari lagatzeko Miguel Altuna zaharrean egindako batzar orokorra, 2019ko martxoan

Bergara Kirol Elkarteak ohar bidez azaldu du klubaren "sorpresarako"  Agorrosingo proiektua gauzatuko ez dela "prentsa bitartez" jakin duela, eta, dio, azken bileran maiatzean "berriz biltzea" adostu zutela, "egoera berriko zenbakiak esku artean izanda erabakiak hartzeko".  Horretaz gain, aurtengo denboraldia amaitutzat eman du BKEk.  

Kirol Elkartetik adierazi dute pandemiak Agorrosingo proiektuan izango zuen eragina kontuan hartuta, bazekitela hitzarmena bere horretan gauzatzeko "arazo handiak" izango zituztela. Hala ere, azaldu dute apirilean udaleko ordezkariekin izandako bileran udalak "aurrekontuen berregituraketa" bat abiatzeko asmoa azaldu ziela, "sortutako gastu berriak eta sarreretan aurreikusitako jaitsiera kontuan hartuz, izango duten inbertsio ahalmena ezagutzeko". Proposamena "begi onez" ikusi zuten kirol elkartetik, eta diote, "babesa" eta sinatutako hitzarmenean aldaketak egiteko "disposizio osoa" erakutsi zietela. Hori gutxi balitz, azterketa egin ostean maiatzean udalarekin "berriz biltzea" adostu zuten, eta "zain" jarraitzen dutela diote.

Gauzak horrela, aitortu dute "sorpresaz" eta "prentsaren bitartez" jakin dutela proiektua ez dela egingo: "Are, honen berri apirileko bileran eman zigutela ere esaten da". Baieztapen horren harira diote "gezurra" dela eta udalari "egia" esateko eskatzen diote oharrean: "Aurrekontuen berrantolaketaren zain geratzea adostu genuen, eta esan bezala, zain jarraitzen dugu". Hala, udalari bilera bat eskatuko dietela iragarri dute klubeko zuzendaritzatik, "hartu dituzten erabakien berri izateko eta egoera zein den ezagutzeko". 

BKE: "Proiektua birplanteatu beharko dugu, fase gehiago planteatuz eta egoera berrira egokitu"

Proiektuaren kostuari dagokionez, udalak "informazio dena" ematea gustatuko litzaiekela azpimarratu dute: "Hasiera batean 55.000 euroko partida bat onartu zen aurrekontuetan proiekturen erredakziorako. Eremuak ematen dituen aukerak aztertuta, Udalak Agorrosin Gunea eraberritzeko eta zerbitzu berriak sartzeko aukera planteatu zigun, begi onez ikusi genuen proposamena. Hori izan da proiektuaren idazketa kostua 120.000 eurora arte igotzearen arrazoia". Horretaz gain, Kirol Elkartetik diote hartu beharreko erabakiak "adostasunean" hartu gurako lituzketela: "Proiektua birplanteatu beharko dugu, fase gehiago planteatuz eta egoera berrian kokatu, futbolean jokatu nahi duten neska mutiko guztiek beharrezko instalazio eta aldagela duin batzuk izateko eta herritarrak kirola egiteko eremu berri bat izan dezaten". Eta uste dute "baliabide ekonomikoek" markatuko dutela proiekturen etorkizuna.

Denboraldia ofizialki amaitutzat

Bergara Kirol Elkarteak ofizialki denboraldia amaitutzat emanda "hartutako erabakien berri" eman gura izan du, bestalde. Zuzendaritzatik azaldu dute Gipuzkoako Futbol Federazioak amaitutzat eman dituela txapelketa guztiak, "igoerekin aurrera jarraituz baina jaitsierarik egin gabe". Gauzak horrela, Bergarako talde guztiak txapelketa berdinetan lehiatuko dira datorren denboraldian. Gizonezkoen Ohorezko Kadeteen kasuan, sailkapeneko lehen postuan zeuden eta datorren denboraldian, "historian lehenbizikoz", Euskal Ligan lehiatuko dira: "Zorionak taldekide guztiei egindako txapelketagatik, datorren denboraldian Euskadiko talde onenekin lehiatzeko aukera izango duzue". 

Azkenik, aditzera eman dute Futbol Eskola eta Futbol Federatuko jokalariek datorren denboraldiko kuotan deskontua izango dutela, proposamenak uztailean egingo duten Batzar Orokorrean onarpena jaso beharko duen arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak