Zazpi milioi maskara ekoiztuko dituzte hilean, Bergaran

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 19a, 13:36

Wolfratex izeneko enpresa berria sortu dute maskarak ekoizteko, eta horretarako, Gipuzkoako lau enpresa elkartu dira: Lazpiur, Embalan3, Servimasa eta Egile Taldea. Spriren jabetzekoa den Bergarako lurzoruan kokatuko da hori eta ekainaren 5ean hasita hilean 7 milioi maskara ekoitziko ditu. Hain zuzen horren berri eman du Arantxa Tapia sailburuak, Gobernu Bilera bukatutakoan egindako agerraldian.

Osasun krisiak sortutako behar berriei erantzuteko asmoarekin erabaki dute industria-jarduera ezberdinak dituzten lau enpresek bat egitea. Orain dela astebete inguru itxi zuten akordioa, eta, Wolfratex izeneko enpresa berria sortu. Wolframioari keinu egin gura izan diote izen horrekin, eta hala, Bergarari erreferentzia zuzena egin. Lazpiurreko zuzendari nagusi den Ander Aranburuk akordioa lortzeko "bizkortasuna" nabarmendu du eta adierazi enpresa bakoitzak bere "jardueraren ezagutzarekin" lagunduko duela, gaineratu. Dagoeneko prestaketa lanak hasita dituzte, horien artean areto zuri bat egokitu dute, Spriri alokatutako lurretan.

Bi produzio lerro Lazpiurren

Lazpiurrek 106 urteko ibilbidea du industriagintzan, eta alor ezberdinetara moldatu du jarduera, besteak beste, oinetakogintzara, iltzegintzara eta automobilgintzara. 2002an maskarak ekoizteko makina bat egiteko proiektuan hartu zuen parte, nahiz eta gero gauzatu ez, Aranburuk azaldutako lez: "Esperientzia horretatik abiatuta, gizartea zer eskatzen ari den ikertu genuen, eta makina berrietan lanean hasi ginen".

Maskara beharrari erantzuteko asmoarekin Lazpiurrek bi produkzio lerro automatizatu garatu ditu: maskara kirurgikoak egiten dituena bata, eta FPP2 eta FPP3 sortzen dituena bestea. Bergarako lantegian egindakoa da guztia eta CE ziurtagiria duena.

120 maskara kirurgiko minutuan 

Aranburuk makinen gaineko xehetasunak eman ditu. Maskara kirurgikoak egiteko diseinatutako LZ-Q1 makinak erabat automatikoak dira, eta minutuko 100 eta 120 unitate arteko erritmoan ekoizteko gaitasuna dute. FFP2 eta FFP3 maskarak egiteko, LZ-FFP makinak erabiltzen dira, minutuko 40 eta 50 unitate bitartean ekoizteko gaitasunarekin. Bi lerroak "erabilerrazak, intuitiboak eta ergonomikoak" direla adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak