Salmentek behera egin dute apirilean.
Ez dugu salmentarik eduki apirilean. 60 auto bakarrik matrikulatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gure merkatuak %99,8 egin du behera. EAEn, hilero, batez beste, 4.000 auto matrikulatzen dira. Ez da egon beherakadarik. Esango nuke ez dela merkaturik egon. Ez matrikulaziorik ezta eskaera berririk ere. Izan ere, alarma egoera ezarri zenetik, gure jarduera ez zenez premiazkoa, itxita eduki ditugu kontzesionarioak eta tailerrak. Online salmenta martxan izan dugu, baina ez da mugimendu handirik egon. Bi hilabetez zerbitzua eman barik egon gara.
Nolakoa izan zen martxoa?
Lehen hamabostaldian lanean egon ginen, eta nahiko ondo. Bada, bigarrenean jaitsiera izan zen protagonista: %70 ingurukoa. Apirilean errekor negatibo guztiak hautsi ditugu.
Eta, egoera latz honi buelta emateko denbora asko beharko duzue?
Lehenengo hiruhilekoko datuak nahiko onak ziren. Beste urte batzuekin alderatuta, berdintsu genbiltzan. Bi hilabete gogor hauen ostean, eta positibo izanda, aurreikusten dugu urtea bukatuko dugula %35eko jaitsierarekin. Maiatzean %50ean hasiko gara lanean. Konfinamendua arintzeko faseak normaltasunez gertatzen badira, hilero berreskuratzen joango garela uste dugu, urte bukaerako jaitsiera ahalik eta arinena izan dadin. Gainera, os eskaintza interesgarriak egingo ditugu: %40ra arteko, deskontuak. Pandemiak gizartearen arlo guztietan eragin duenez, nork izango du dirua auto berria erosteko? Gorla Auto Groupen urtero 8.000 auto saltzen ditugu. Horietatik, zati handiena enpresetan egiten ditugun salmentak dira. Autoak gehiagotan aldatu behar dituzten bezeroak dira. Espero dugu enpresen beharrak antzerakoak izango direla. Horrekin parekatuko genuke partikularren salmentaren jaitsiera. Partikularren merkatua nahiko emozionala izaten da. Momentuan gustuko dugun autoa erosten dugu, aurretik daukaguna egoera onean egon arren. Orain, askoz gehiago begiratuko da poltsikoa. Horregatik aurreikusten dugu jaitsiera %35ekoa izatea. Partikularren salmentak %50 ingurukoak izan daitezke, baina, enpresei ematen diegun zerbitzuarekin arinduko litzateke jaitsiera hori.
Pentsatzen zenuten horrelako inpakturik izango zuenik Koronabirusak?
Ekonomiak krisiak edukitzen ditu. Ziklikoa izaten da hori. Hortaz, ekonomia ondo doan urteetan, etor daitekeen krisi hori prestatzen egoten gara. Oraingoa bezalako krisiekin ez daukagu aurretiko esperientziarik. Salmentak zerora jaitsi dira. Ezustean harrapatu gaituela esango nuke. Gure negozioan aurreikuspenak egin ditugu bi hilabetetan sarrerarik izan barik biziraun ahal izateko.
Nolako egoera duzue Lazpiurren?
Bi bezero mota ditugu automozioan: auto fabrikatzaileak eta TR 1,2 hornitzaileak. Bezero horiek itxita egon dira orain arte. Egun, urte hasieran kontratatutako lanarekin dihardugu. Bada, bi hilabetetan eskaera berrien sarrera %90 jausi da. Hortaz, eskaera berririk ez bada sartzen, arazoak edukiko ditugu.