Koronabirusak eragindako osasun krisiak eztanda egin zuenetik, ohikoa baino lan "dezente" gehiago du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Bergaran duen egoitzan. Bertako arduradun Jose Antonio Agirrebeñak azaldu duenez, lehen bi asteetan emergentziazko egoeran zeuden familientzat gorde zituzten laguntzak, baina, egoera ikusita, azken asteetan beharra duen herritar orori laguntzen dabiltza.
Eskariaren igoera
Bergarako Elikagaien Bankuan eskaria %35 inguru igo dela azaldu du Agirrebeñak: "Igoera nabarmena da, herritar asko geratu dira diru sarrerarik gabe, eta hainbatek, gainera, dirulaguntzarik jasotzeko aukerarik ere ez dute".
Laguntza eskatzaileen profilaz galdetuta, "denetik" dagoela azaldu du: "Bertako jende asko gerturatu da laguntza eske. Egoera zaila da guztiontzat". Era berean, behar duen guztiarentzat ateak irekita dituztela gogorarazi dute Gipuzkoako Elikagaien Bankutik.
Elkarteei laguntza
Lan egiteko moduaz galdetuta, gogorarazi du boluntarioek eskainitako sostenguari esker ari direla egoerari erantzuna ematen. Gipuzkoako Elikagaien Bankutik elkarte eta udaletara bideratzen dituzte produktuak, haiek bana ditzaten: "Gipuzkoan Caritasekin eta udalekin lan egiten dugu, gehienbat, guk jasotako material guztia biltzen dugu Oiartzun eta Bergaran ditugun biltegietan. Elkarteek bertatik jasotzen dute materiala, eta ostean, behar duten herritarren artean banatzen dute".
Biltegien egoerari dagokionez, oraingoz, duten eskariari aurre egiteko beharrezko materiala dutela azaldu du Agirrebeñak. Gaineratu duenez, "oso eskertuta" daude enpresa zein norbanako ugarik Elikagaien Bankuari emandako produktu eta diru-laguntzengatik