Zer moduz zaudete Mizpirualde egoitzan?
Ondo gaude denok, bai. Oraingoz, ez da inor kutsatu. Sano gaude guztiok.
Horixe ikusten da zabaldu berri duzuen bideoan.
Halaxe gaude eta! Egoiliarren senideendako egin dugu bideo hori. Hasiera batean, bisitari bakarra izan zezakeen egoiliar bakoitzak, baina badira aste batzuk ezin dutela bisitarik jaso. Etxekoak ezin dira etorri eurekin egotera, eta senide horiekin pentsatuz erabaki genuen lan hori egitea. Adinekoen egoitzetako albiste ilun eta desatsegin asko entzuten gabiltza sasoi honetan, eta gura genien familiei erakutsi Mizpirualden oso ondo gaudela denok; indartsu gaudela, gainera.
Ze prebentzio-neurri hartu dituzue?
Neurri handiak eta ezberdinak hartu ditugu. Esaterako, antolaketan aldaketak egon dira. Orain arte, areto nagusian elkartzen ginen hainbat lagun, egoiliar eta langile, elkarrekin dantza egiteko, bingoan jolasteko edo beste ekintzaren bat egi-teko. Orain, ordea, pisuka egiten dugu hori. Hau da, pisu bakoitzean antolatzen ditugu ekintzak eta bakoitza bere solairuko ekintzetara joaten da. Modu horretara, ez ditugu talde handiak osatzen eta saiatzen gara ez nahasten eta egitura horri eusten. Baita langileen artean ere.
Norbait kutsatzen bada, zer bide jarraituko duzue?
Mediku zerbitzua oso erne dago, eta, edozein sintoma igarriz gero, kutsatuen protokoloa jarriko genuke martxan. Solairuetan aldaketak egin ditugu gela hutsak egon daitezen. Modu horretara, norbait kutsatzen bada edo kutsatuta egon daitekeela uste badugu, gela horietako batera eramango dugu eta ez du kontakturik izango beste egoiliarrekin. Hori da egin dugun bi-garren aldaketa nabarmena. Bestalde, positiboren bat egonez gero, hori tratatzeko behar den materialean ere inbertsio bat egin dugu hainbat gauza erosiz. Dena dela, nik uste dut beste hainbat egoitzatan ez bezala, guk zortea izan dugula. Hau da, hau zabaltzen hasi zenerako barruan zegoela birusa.
Zenbat lagun zaudete?
100 bat langile eta 97 egoiliar. Eguneko zentroa itxi zutenean, hango langileak hona etorri ziren errefortzu moduan, eta asko eskertzen da.
Testak egin dizkizuete?
Langileei, 82ri egin dizkiete, eta gainerako hamaikei eguaztenean ziren egitekoak. Egoiliarren kasuan, 40k egin dute. Positiborik ez dagoen egoitzetan ez dituztela egingo esan ziguten gero, eta hortxe gelditu da gaia. Oraingoz, inork ez du positibo eman. Pozik gaude.
Nolakoa da zuen egunerokotasuna?
Egoiliarrena ez da askorik aldatu, egia esan. Bisitak falta dituzte, hori bai, baina jarraitzen dugu betiko ohiturekin eta betiko martxarekin. Bideo-deiak, bestalde, egunero egiten ditugu. Bi gailu ditugu horretarako eta horien bitartez izaten dute familiakoen berri.
Ezer onik ekarri du egoera honek?
Euren arteko harremana aipa-tuko nuke. Askok diote konfinamenduak senideekin egoteko balio izan duela. Hemen ere berdina gertatu da. Orain arte elkarren artean berba egiten ez zutenak hizketan ikusten ditugu orain, adibidez.
Ez dakigu noiz arte, baina badirudi luze joko duela egoera honek. Nola ikusten dute etorkizuna egoiliarrek? Zer diote?
Orain arte, oso ondo egon dira. Etxean egon beharko genuela ulertu zuten, eta bideo-deiak egiteko aukera etorri zen gero. Baina orain, hasi dira galdetzen ea maiatzaren 2tik aurrera beraiek ere atera daitezkeen, eta batzuek atsekabetu egiten dira ezetz erantzutean.
Beldurrik baduzue?
Bai, handia. Prestatuta gaude, neurriak hartu eta hartzen ditugu, baina ikusi dugu oso azkar hedatzen den gaitza dela COVID-19a, eta beldurra ematen du horrek, bai.
Eskerrak emateko beharra
Irazabalek eskerrak eman gura dizkie laguntza eskaintzeko deitu duten bergararrei eta baita herriko eta bailarako hainbat enpresari ere, materiala emateagatik. "Bideoko abestia horregatik aukeratu genuen. Heldu da garaia eskertzeko Eman didazun guztia. Egoiliarrei eta langileei bai, baina baita gurekin akordatu diren beste guztiei ere. Eskerrik asko".