COVID-19 gaitzaren ondorio ekonomiko, politiko eta sozialak ardatz Bergarako Eskola Herritarrean

Jone Olabarria 2020ko api. 28a, 15:47

Iazko urrian egindako Eskola herritarraren lehen saioa, Irizarren

Bergarako Sortuk eta Iratzar Fundazioak elkarlanean antolatutako Bergarako Eskola Herritarraren edizio berriak hainbat hitzaldi antolatu ditu datozen asteetarako. Bihar hasita, internet bidez  antolatu eta "COVID19: Kapitalismoaren eta Faxismoaren birusa?" lelopean egingo duten edizio berriak birusaren eragina aztertu nahi du; osasun arloan, ekonomikoan, politikoan edo sozialean.

Asteazkenean hasita Bergarako Eskola Herritarraren edizio berri bat egingo dute Bergarako Sortuk eta Iratzar Fundazioak, kasu honetan internetez. COVID-19ak bizitzak "hankaz gora" jarri dituen honetan, "punta puntako" hizlariek parte hartuko dute eta Bergarako herritarrak ere protagonista egin nahi dituzte. Hala, "hurrengo hilabete zein urteak baldintzatuko dituzten hainbat gai" izango ditu ardatz eskola herritarrak; osasun arloan, ekonomikoan, politikoan edo sozialean.

Arlo teknologiko eta metodologikoan moldaketak egin ostean, saioak zuzenean eskainiko dituzte Bergarako Sorturen Youtube kanaletik (Bergara Sortu Herria ). Jakinarazi dutenez, ikus-entzuleek aukera izango dute zuzenean iritzi eta galderak helarazteko, horrela, "eskolaren izaera parte hartzaileari eutsita". Saioak atseginagoak izateko ordu betekoak izango direla azaldu dute, elkarrizketa formatuan eginak.

EGITARAUA

Apirilak 29, asteazkena 19:00:

EGOERA EKONOMIKOA. ELKARRIZKETA
Ainhoa Etxaide (LABeko Idazkari nagusi ohia)
Isidro Esnaola (Ekonomilaria eta GARAko kazetaria)

"Herritarrak, langile klasea Coronavirusaren ondorioak sufritzen ari da. Zein da etorkizun
ekonomikoa? Murrizketak, langabezia, denda txikien itxiera…kapitalismoa al da aukera
bakarra?"

Maiatzak 4, astelehena 19:00:

ASKATASUN DEMOKRATIKOAK EUSKAL ERREPUBLIKARANTZ. ELKARRIZKETA
Julen Arzuaga (EHBilduko parlamentaria eta abokatua)
Kizkitza Gil de San Vicente ( Sortuko kontseilu nazionaleko kidea )

"Alarma egoeran Oinarrizko Askatasun Demokratikoak debekatu dituzte, kaleak militarrez eta
poliziez bete, erabaki guztiak zentralizatu. Presoen egoera okertu egin da. Non daude herritar
eta herri bezala ditugun eskubideak? Euskal Errepublika al da demokraziarako aukera?"

Maiatzak 6, asteazkena 19:00

BERGARAKO KOMERTZIO, BASERRITAR ETA LANGILEEKIN SOLASALDIA

"Bergaran dugun egoera ekonomiko eta sozialari begirada. Nola daude herriko komertzioak, azoka eta enpresak? Zein egoera bizi ditugu? Zein etorkizun du gure herriak? Zer egiten ari gara eta zer egin dezakegu egoerari buelta emateko? Komertzio, baserri eta enpresetako langileena izango da hitza"

Maiatzak 11, astelehena 19:00

BERGARAKO KULTUR SORTZAILE ETA LANGILEEKIN SOLASALDIA

"Egun batetik bestera antzerki, kultur emanaldi, liburu aurkezpen edo kontzerturik gabe gelditu
gara. Nola bizi dute egoera Bergarako Kulturgile, kultura zale eta langileek? Zein alternatiba
jorratu dituzte? Zein etorkizun ikusten dute? Herriko kulturgileei emango diegu hitza"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak