Koronabirusak eraginda martxoaren 15etik indarrean dagoen alarma egoerak bat-batean aldatu die bizimodua bergararrei. Herritarren joan-etorria ia etengabea zen guneetan apenas ikusten da herritarrik, bereziki arratsaldetik aurrera. Kaleak hustu egin dira, eta, besteak beste, sare sozialetako trafikoa izugarri hazi da.
Hala dio Bedelkarrek sareotara asteon igo duen mezuetako batek: "Egunotan, gure kaleak triste daude. Dena itxita. Isiltasuna. Dena hutsik. Komertzio txikia itxita egoteak ez du giro atseginik uzten. Online erosteko plataforma erraldoiei ez zaie herria axola. Ez dituzte kaleak koloreztatzen, ez dituzte enplegu duinak eskaintzen, eta ez dituzte zergak hemen ordaintzen (...). Bueltan gauzak hobeto egiteko aukera dugu; aprobetxa dezagun, zaindu gaitezen elkarri. Bueltatuko gara; ez gara zutaz ahaztu, ez gaitzazu zuk gu ahaztu".
Itxialdia landa eremuko auzoetan
Orain arte erabat berriak eta ezezagunak izan diren irudiak utzi ditu konfinamendu egoerak herrigunean. Baina argazkia ez da horrenbeste aldatu auzo periferikoenetan: Osintxun, Angiozarren, Uberan eta Elosuan, kasu.
Azken errolda datuen arabera, Osintxuk 400 biztanle ditu; Angiozarko bailarak 312 biztanle eta Uberak 137. Eta, Elosuko alkate Iñigo Zubeldiaren kalkuluen arabera, "modu iraunkorrean" Elosuan bizi direnak 25 bat izango dira gaur egun. Kontuan hartu behar da auzo horietan adinekoak direla bizilagunetako asko eta asko.
Uberan nabarmena da populazioaren zahartzea, esaterako. "Ari gara zaharrenei laguntzen; zer behar duten galdetu eta behar duten hori garajean uzten diegu. Eurak dira zaintzarako behar handiena dutenak", dio Maddi Elortzarekin batera Uberako alkate den Gorka Buruagak.
Osintxun ere badago boluntario taldea. "Norbaitek beharko balu bagaude, baina, oraingoz, ez dugu eskaerarik jaso. Nik uste dut bizilagun bakoitzak bere adineko senitartekoen ardura hartu duela erosketak egiteko, birziklatzeko eta bestelakoetarako", dio Osintxuko Herri Batzarreko Aitziber Alberdik.
Angiozarren isiltasuna "nabarmena" bada ere, AHTaren lanek bere horretan jarraitzen dutela diote: "Bertakooi dagokigunez, baserri laneko hotsak bakarrik entzun daitezke, baina AHTaren lanak ez dira eten, etxetik ikusi eta entzun dezakegu lanean ari direla", esan du Angiozarko Herri Batzarreko Jose Angel Mikeok.
Elosuan alarma egoera ez da apenas igarri. "Distantziak mantendu beharra arraroa da, baina egunerokoa ez da aldatu. Herrira jaistean inpresioa ematen du, eta okerrera joango da; orain, batzuek inbidiaz begiratuko digute...", deritzo Zubeldiak.
Aitziber Alberdi, Osintxuko Herri Batzarra
"Gogorra da. Egun asko dira, eta geratzen direnak. Gu ere etxetik ezin irten, ziburuak eta tabernak itxita... Hori bai, egunero dago hitzorduren bat leihora irteteko. Inork beharko balu badaude boluntarioak, baina eskaerarik ez dugu jaso, oraingoz; nork bere adineko senitartekoa zaintzeko ardura hartu duela uste dut".
Jose Angel Mikeo, Angiozarko Herri Batzarra
"Arauak zintzo ari gara betetzen. Nabarmena da isiltasuna, baserriko lanek eta oinarrizkoa ei den AHTaren lanek apurtzen dutena. Naturaz gozatzeko aukera dugu oraindik ere, etxetik irten gabe ere bertan dugulako. Egun hauetan ohartzen gara zein estrategikoa den baserriko lana eta norberaren ortua izatea...".
Gorka Buruaga, Uberako alkatea
"Adinekoak zaintzea da gure lehentasuna: fisikoki ahalik eta gehien bakartu, eta emozionalki gertu daudela sentiarazi; batzuek ia hiru aste daroatzagu gurasoak ikusi gabe. Maiz deitzen diegu, nola dauden edo ezer behar duten jakiteko. Animaliei jaten emateko eta herrian erosketak egiteko bakarrik irteten gara".
Iñigo Zubeldia, Elosuko alkatea
"Beldurra eta kezka badaude, Elosuan bizi direnetako asko adinekoak direlako; inork laguntza beharko balu, Whatsapp talde bat badugu. Auzoa utzita dago eta konfinamenduan gaudenik ez da apenas igartzen; hori bai, uste dut hemen kalean baino eramangarriagoa dela etxean geratu behar izatea".