"Haurrak gineneko talde erreferentera iritsi gara"

Xabier Urtzelai 2020ko mar. 6a, 13:00

UCI Pro Team mailara igota, eta Euskaltel babeslearen itzuleraz, bueltan da marea laranja. Eta oraingoan, bi bergarar izango dira errepideko protagonisten artean. Mikel Aristi (1993) eta Julen Irizar (1995) hasi dira dortsalak janzten. Aristiren kasuan, neguan izandako belauneko lesioak eten egin dio denboraldiaurreko lana, eta oraindik ez dago topera. Irizar, berriz, gozatzen dabil hasiera honetan.

Gauza bat da neguan zelan ikusi duzuen zeuen burua, edo potentziometroak zer adierazi dizuen. Baina lasterketetan hasi zareten honetan, zer moduz?

Mikel Aristi: Ni oraindik ez nago %100ean. Neguan oso pozik nenbilen, lan oso ona egiten nenbilelako, baina bi astez geldi egon behar izan dut, eta igarri egiten da. Asteburuan berotu onak hartu ditut Frantzian. Baina pozik nago, lesioa atzean utzi dudalako.

Julen, Frantzian ihesaldietan sartuta ikusi zaitugu...

Julen Irizar: Bai; gustura nabil, eta pozgarria da iazko urte txarraren ostean sentsazio onak berreskuratzea. Taldeak ihesaldietan egoteko eskatu zigun, hasieratik muturra erakutsi, eta horrekin batera, ihesaldian bazaude, lasterketan erabat sartuta zaude.

Julen, zuretako berria da Euskadi fundazioa, baina Mikel, profesionalismora bertatik egin zenuen salto. Zer-nolako taldea aurkitu duzu?

M.A.: Erabat berria, ez du ni egon nintzeneko sasoiarekin zerikusirik. Aurpegi berri asko daude, ilusio galanta duen talde gaztearekin egin dut topo, eta staff-eko jendea ere sekulako ilusioarekin dago, baita presidentea bera ere, Mikel Landa. Eta gu ere halaxe sentitzen gara, haurrak gineneko talde erreferentera iritsi garela ikusten dugu. Eta Euskaltel babeslearen itzulerak ere lagundu egiten du horretan.

Garrantzitsua da proiektuarendako.

M.A.: Zalantza barik, taldeari egonkortasun handiagoa emango diolako. Eta horrekin batera, duela urte batzuetako Euskaltel Euskaditik gertuago gaudelako.

Euskadi Muriaseko hainbat ziklista batu zarete proiektura; prozesu naturala izan da?

J.I.: Bai, oso erraza izan da dena. Egia esan, lehenago ere ezagunak edo lagunak ginen gutako asko, amateur mailan taldekide izandakoak, elkarrekin lasterketetan ibilitakoak... Oso erraz batu gara taldera.

Hilabete falta da Euskal Herriko Itzulirako; aukeratuen artean egoteko itxaropenik bai?

J.I.: Aukerak hor daude, baina ni bezala beste hainbat txirrindulari daude Itzulian egoteko aukerekin. Lasterketa oso garrantzitsua da taldearendako, maila izugarria egongo da, eta benetan ondo daudenek egon behar dute hor.

M.A.: Nik, esaterako, ez dut nire burua Itzulian ikusten. Batetik, prestakuntza atzeratuta daramadalako eta, Julenek dioen moduan, ondoen daudenek egon behar dutelako hor. Baina, bestalde, ez da nire ezaugarrietara moldatzen den ibilbidea.

Mikel, non egon gura duzu ondo?

M.A.: Belauneko lesioaren aurretik ere, Alentejoko Itzulia begiz jota nuen [Portugalen, martxoaren 18tik 22ra arte], eta ideia berberarekin jarraitzen dut. Bi aste ditut ondo entrenatzen jarraitzeko.

Deigarria da otsailean zenbait liderrek sasoi betean daudela erakutsi izana. Nairo Quintana Ventouxen, Adam Yates UAEn, Remco Evenepoel Algarven...

M.A.: Joera hori ez da berria, azken urteotan jendeari hasieratik gustatzen zaio indartsu dagoela erakustea. Lehen, liderren ardura zen Frantziako Tourrean ondo egotea, baina gaur egun...

J.I.: Neguko taldeko kontzentrazioan ere jendeak sasoi onean dagoela erakutsi gura izaten du.

Garai batean, ziklistei kosta egiten zitzaien egiten zituzten kilometroen berri ematea, sekretupean gordetzen zen hori. Gaur egun, datu guztiak publikoki zintzilikatzen dituzue Strava-n eta halako aplikazioetan.

M.A.: Ni boladaka ibiltzen naiz; orain, Strava modu pribatuan daukat. Ez da ezer ezkutatzeko daukadalako, baina segundoero ze pultsu daukagun edo zenbat watt mugitzen gabiltzan erakutsi behar izate hori ere...

J.I.: Dena asmatuta dago, entrenatzaile bakoitzak lan egiteko modu konkretua du, baina inori begira egon barik jendeak badaki zelan entrenatu behar duen.

Ziklista batzuk oso-oso argal daude, anorexia arazoak izan dituela onartu duenik ere egon da. Ez dakit watt/pisu formulan ziklistaren zoriontasuna ere kontuan hartu daitekeen...

M.A.: Nik uste dut gure aurreko belaunaldikoak zorrotzagoak zirela, gehiago estutzen zituzten edo astakeria handiagoak egiten zituzten. Gogoan dut Euskadi fundazioan inork ez ninduela batere presionatu pisuaren kontuarekin, ez dut elikadurarekin traumarik izan. Garbi dago pisua garrantzitsua dela, baina indarra behar du ziklistak, eta pisu asko galduz gero...

J.I.: Pisua baino garrantzitsuagoa izan daiteke ziklista psikologikoki ondo egotea, eta osasuntsu. Elikadura zaintzeko, egun, formula egokiak ditugu, eta etxean heziketa egokia izan baduzu...

Sare sozialak zaintzea ere bada egungo profesionalen ardura.

M.A.: Kosta egiten zait arlo hori, baina banabil poliki-poliki. Euskadi Murias taldean animatu gintuzten sare sozialak erabiltzera, eta dagoeneko ohitu naiz tarteka argazkiren bat igotzera.

J.I: Zaleei txirrindularitza barrutik erakusteko modua ere bada, ziklismoa sustatzen duen zale horrengandik gertuago egoteko aukera ematen dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak