Martxoaren 8aren bueltan Martxanterek adierazi dutenez, greba feminista deitu ez arren kaleak betetzeko deia egin dute: "Kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau ez da bizigarria pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat". Manifestazioa egingo dute eguerdian San Martin plazatik, eta "antzerki herrikoiak" tartekatuko dituzte.
Martxanterek "argi" dute borroka feminista "beharrezkoa" dela oraindik: "Duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu".
Martxoaren 8rako manifestazioa eta "antzerki herrikoiak" tartekatuko dituzte, baina aurreratu dute egitaraua oraindik ez dutela erabat itxi: "Datozen egunetan argitaratuko dugu Bergarako egitaraua; hobeto informatu eta zure aletxoa jarri nahi baduzu prestaketan, hurbildu datorren astelehenean, martxoak 2, 19:00etan egingo den asanblada irekira!".