Bergarako baserrien jatorriaren gaineko "ikerketa arrakastatsuaren" berri emango dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ots. 11a, 14:45

Zapatuko hizlariak: Ibon Telleria, Josue Susperregi eta Patxi Larrañaga.

Ibon Telleria arkitektoak, Josue Susperregi dendrokronologoak eta Patxi Larrañaga historia ikertzaileak Bergarako sei baserri ikertu osteko emaitzen berri emango dute zapatuan, udaletxean (11:00). XV. mendeko sei baserri ikertu dituzte, haien zurezko egiturak oinarri: Eguren, Monasteriobide, Eizmendi, Eduegi, Olabarri eta Garitao Martisaezkoa; diote ikerketa "arrakasta handikoa" izan dela.

2019an zehar egindako ikerketa lan honetan, Bergarako 6 baserri aztertu dira. Proiektuaren proposamenean aurreratu zen bezala, datu dokumentalak daude aipatzen dutenak XIV. mendetik aurrera baserriak existitzen direla. Aztertu diren baserrien aukeraketa, zurezko egituraren egungo egoeraren araberakoa izan da: "Bertako jabeen jarrera ezin hobea izan dugu. Aldez aurretik aukeratutako 12 baserri bisitatu ondoren, ikerketa kasu izan diren baserrien bukaerako aukeraketa egin zen. Patxi Larrañagaren laguntza erabakigarria izan da aukeraketa lan hauetan".

"Arrakasta handiko lana"

Bergarako baserrien ikerketa honetako emaitzak "arrakasta handikoak" izan direla diote. Ikertu diren 6 kasuak modu fidagarrian datatuak izan dira eta bertatik ateratako datuak "emaitza harrigarriak" eskaini dituzte. 

Ikerketa lerroa zabalik

Ikerketa lan honetarako, Bergararen aukeraketa egin izanak "balio handikoa" izan da: "Herriaren ondarea ezagutzen duten ikerlariei esker, Patxi Larrañaga lekuko, posible izan da baserri desberdinak bisitatzea eta hauen artean azken aukeraketa bat egitea. Ezin bestekoa ikusten dugu azpimarratzea udalerriak duen eraikitako ondare multzoa, egun zutik jarraitzen duten 400 baserrirekin. Lortu diren datazioak, kasu guztietan, XV. mendera eramaten gaituzte, batzuk mende honen lehengo erdian kokatuak.  Ikerketa lerroa zabalik geratzen dela uste dugu, beste unitate batzuen datazio eta azterketa berriekin ateratako hipotesiak osatu eta ziurtatuko liratekeelakoan". 

Gipuzkoako Diputazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Arkeolan fundazioak eta Bergarako Udalak hartu dute parte proiektuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak