Eraztun kopuruak esaten du zenbat urte dituen zuhaitzak, eta urterik urteko eraztunen lodierek adierazten dute eraztun bakoitza ze urtetakoa den. Inguru geografiko bateko haritz guztien hazkundea berdina izan ohi da; beraz, urte berean sortuko dituzten eraztunek ere itxura bera izan behar dute. Arkeolan Fundaziokoek 800 urteko eraztun-sekuentzia dute erregistratua, eta, beraz, baserri bateko enborren marrazkiak eta sekuentzia horretakoak ze urte-tartetan bat egiten duten ikusita jakin daiteke baserria noizkoa den, kontuan izanda baserria eraiki baino urtebete inguru aurretik soilik botatzen zirela egiturarako behar ziren zuhaitzak.
Orain gutxi Arkeolan lanotan hasi arte ez da baserriak noizkoak diren jakiteko ikerketa zientifikorik egin, eta datu garrantzitsua da diotenez. Beste leku batzuetan garrantzi handiagoa ematen diote: "Horretarako dirua sartu behar da, ikertzeko. Baina gero buelta du horrek, jendeak ezagutzen du, balioa ematen zaio, turismoa...".
Arkeolanek beste toki batzuetan egindako ikerketak kolokan jartzen ari dira aurreko uste batzuk; esaterako, lehen baserriak XVI. mende hasierakoak zirela: egun, badakite hamalaugarrenaren bukaeran ere bazirela.
Bergarako ikerketa Aldundiaren diru laguntzarekin egingo dute, eta dozena bat dira aukeratutako baserriak, euren ezaugarriengatik eta egoeragatik.
Ikerketa egiteko, baserrien egituratik laginak hartuko dituzte, eraikinari inolako arriskurik eragin gabe. Josue Susperregik Ibon Telleria arkitektoaren eta Bergarako baserrietan aditu den Patxi Larrañagaren laguntza izango du honetan guztian. Emaitzak urte amaierarako izango dira.