Ubera: Bergara eta Elgeta arteko auzo fantasma ez bihurtzeko konpromisoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ots. 8a, 09:47

1927an Elgetatik desanexionatu eta Bergarako auzo denetik asko aldatu dira gauzak Uberan; azken bi hamarkadetan populazioa mantendu egin da, baina 1995ean eskola itxi izanak eragin itzela izan du bertako bizitzan; gazteak erakarri nahi dituzte bizi izatera. 

1927a ezkero Bergarako auzoa da Ubera, urte hartan desanexionatu zelako Elgetatik. Angiozarrekin batera gauzatutako desanexioa luzea eta gatazkatsua izan zen, orduko dokumentu historikoek erakusten dutenez.

Zergatik erabaki zuten Uberak eta Angiozarrek, duela 93 urte, Elgeta utzi eta Bergara izatera pasatzea? Hainbat arrazoi ageri dira dokumentuetan, baina arrazoi nagusiak dira Bergarak zerbitzu hobeak zituela eta industrializazioaren eraginez lehen lanpostuak sortzen hasiak zirela. Harreman komertzialak Bergararekin zituzten uberarrek eta komunikazioak ere egokiagoak ziren. 1920an Elgetatik Eibarrerako errepidea proiektatu zen, inbertsio handia zena, eta uberarrek eta angiozartarrek ez zuten errepide horrekiko interesik adierazi; historialarien arabera, erabaki hartatik hasi zen forma hartzen desanexioaren ideia. 1927an gauzatu zen; Elgetarentzat galera handia ekarri zuen Ubera eta Angiozar galtzeak, biztanleen erdia eta baserri kopuruaren erdia baino gehiago galdu zituen –183 bat baserri izatetik 83 izatera pasatu ziren–.

Gaur egun, 137 auzotar dira

Gaur egun, Uberak 50 baserri ditu eta, azken errolda datuen arabera, 137 uberar dira. Egia da azken urteetan ez dela demografia aldetik beherakada handirik izan; 2000. urtean, 141 ziren; 2005ean, 150; 2007an, 143... Hala ere, Uberan, Bergarako eta Debagoieneko landa-eremuko beste auzoetan bezala, auzotarren zahartzeak ez du etorkizun oparorik aurreikusten.

Azken urteetan ez da demografia aldetik beherakada handirik izan Uberan; 2000. urtean, 141 ziren; 2005ean, 150; 2007an, 143...

Berpiztutik, egungo beharretara

2007an, Berpiztu programa abiatu zuen Bergarako Udalak Uberan, Angiozarren eta Elosuan. Helburua zen auzo horietako beharrak identifikatzea, auzotarrekin lehentasunak zehaztea eta horiei erantzuteko diru laguntzak lortzea eta hobekuntzak gauzatzea. "Asmoa ona zen, baina ez zuen jarraipen handirik izan. Noizean behin tiratu izan da dokumentu horretatik, baina Uberako kasuan, behintzat, ikusten genuen dokumentua zaharkitua geratu zela. Horregatik, auzo alkate izendatu eta harremanetan jarri ginen Udal Gobernu berriarekin, 2019ko irailean. Orain arte, azpiegiturez hitz egin izan dugu, nagusiki, baina orain, azpiegiturez haragoko beharren berri ere eman genien", dio Gorka Buruagak.

Elkarlanerako prestutasuna

Udal Gobernuak hilean behin egiten du auzo alkateekin elkartzeko bilera. Uberako kasuan, urtarrilean behin baino gehiagotan bildu dira, urtarrilaren 17tik 19ra ospatutako San Paulo jaiak direla eta; auzoko festak baliatu dituzte "elkarlanerako espazioak" sortzeko: "Auzoetan egon daitezkeen azpiegitura beharrak ditugu Uberan ere, baina, horiez gain, Ubera auzo bizia eta bizi den auzoa izatea izan daiteke behar bat. Auzoan badago dinamika eta badago nahi bat auzotar guztiak dinamikan sartzeko; ume, gazte, heldu eta nagusiei erantzungo dien dinamika bat. Horretan dihardute lanean eta Udaletik elkarlanean ari gara. Auzoarekin berarekin eraiki nahi dugu hurrengo urteetan egin beharreko urratsak markatuko dituen plana. Auzoaren beharrak eta Udalaren baliabideak aintzat hartuta elkarlanean aurrera egin nahi dugu", esan du Gorka Artola alkateak.

Buruagak eta Elortzak beharren zerrenda luze bat aurkeztu zuten 2019ko irail bukaeran udaletxean. Beharren artean bi nabarmendu dituzte: batetik, Uberako baserri asko ur saretik kanpo daudenez, Urkuluko edo Aixolako urtegiekin lotzeko inbertsio handi bat beharko litzateke.

"Bide segurua" eskatzen 2014tik

Eta, bestetik, Uberatik Bergarara joateko –edo alderantzizko bidea egiteko– "bide segurua" eskatzeko Auzobide plataforma sortu zuten 2014an: "Mugikortasuna oso garrantzitsua da guretako, eta autoa da dugun aukera bakarra. Oinez edo bizikletaz ere mugitu nahiko genuke, eta, horretarako, egungo errepidetik paraleloan doan pasabide bat nahikoa izango litzateke. Lanerako bakarrik ez, aisialdirako ere autoa ez den beste aukeraren bat izan beharko genuke. Kontua da orain arte beti uberarron arazo bat izango balitz bezala tratatu dela, eta hori aldatu beharra dago. Gu ere bergararrak gara eta arazo bat dago Uberarako bidearekin. Diputazioaren errepidea da eta han ere erregistratu genuen eskaera; esan ziguten azterketa bat egingo zela, teknikari bat pasatu zen, baina hortik aurrera ez genuen ezer jaso", dio Buruagak.

Kamioi bi Uberatik jaisten, San Juango industrialdean.

Gorka Artola alkateari galdetuta, dio oraingoz ez dagoela aurreikusita errepide horretan inbertsiorik egitea: "Elgetatik behera datorren GI-2632 errepidearen aldamenean bidegorri bat egitea eskatu izan dute auzokide batzuek, Ubera, San Juan eta inguruko industrialdeak herrigunearekin lotuz. Bergaran amaitzeke dauden beste bi bidegorrien inguruan Diputazioko Mugikortasun Sailean izandako bileran eskari honen berri eman genuen. Edonola ere, gaur-gaurkoz, Diputazioak ez du Gipuzkoako bidegorrien planean ibilbide hori aurreikusten".

Pozik plazaren berritzearekin

Udalak gauzatu dituen lanen artean dago plaza berritzearena; 2019ko maiatzean bukatu ziren obrak, eta uberarrak pozik daude: "Behar handia zegoen plaza berritzeko; arbolak gaixorik zeuden, ez zen batere praktikoa eta ziburuak oso zaharkituta zeuden. Pena bakarra da proiektua egin zenean ez genuela aurreikusi berdegune eta zuhaitzen bat jartzea gerizpeak egoteko. Hala ere, azken emaitzarekin pozik gaude oro har", adierazi du Maddi Elortzak.

2019ko apirilean, Udalak plaza berritu eta autobus geltokia lekuz aldatu zuen.

Jaolatza: sarrerako kuotarik ez

Beste eskaera zehatz batzuk ere badituzte, eta horietako batzuk "laster" gauzatuko ditu Udalak. Horren adibide dira frontoiko fatxada pintatzea eta itoginak eragiten dituen frontoi gaineko kristalera konpontzea. Hala ere, badira exekuzio eperik ez duten beste eskaera batzuk: auzoaren bereizgarrietako bat den San Paulo eliza pintatzea; auzoaren bihotza den Jaolatza elkarteko atzeko zelaitxoa egokitzea askotariko erabilerak emateko... Elkarteak 50 bat bazkide ditu eta auzo alkateak pentsatzen ari dira bazkide egiteko sarrerako kuota ez kobratzea. "Hileroko kuota bakarrik ordaindu beharko lukete; mugimendu handiagoa izatea nahiko genuke".

Jaolatzako ezaugarri berezi bat da gizonezkoen eskubide berberak izan dituzte emakumezkoek elkartea zabaldu zenetik.

Ezaugarri berezi bat aipatzearren, gizonezkoen eskubide berberak izan dituzte emakumezkoek, Jaolatza elkartea zabaldu zenetik.

 

Eskola ixtean, "ia dena" galdu zen

Ikasle talde bat Uberako eskolaren aurrean, 1963an. Argazkia: Jaolatza elkartea.

Uberako eskolako azken ikasleak, 1994-1995 ikasturtean. Argazkia: Gorka Buruaga.

1994-1995 ikasturtean itxi zuten Uberako eskola-etxea. Gorka Buruaga auzo alkatea izan zen azken promozioko ikasleetako bat; eskolak sei ume zituela itxi zituen ateak. Auzo txikiendako eskolek berebiziko garrantzia duten seinale, Buruagak dio eskola itxi zutenean Uberak "ia dena" galdu zuela: "Adinekoek diote bizitza izugarri galdu zela. Umeok 20:00ak arte egoten ginen auzoan jolasten; hori bizi izan genuenok bai izan dugula bizimodua Uberan, esnatzetik lokartu arte, eta badugu uberar izatearen sentimendua. Aldiz, Bergaran hezi izan diren auzotarrek joera txikiagoa izan dute Uberara gerturatzeko". Angiozar eta Osintxu adibide Angiozarko eskola txikian 35 ikasle daude egun eta Osintxuko San Martin eskolaren gela desplazaturako umeak erakarri nahian dabiltza guraso batzuk, ume faltagatik ixteko arriskuan dago eta. Buruagak ondo ezagutzen duen eskola txikiaren eredua defendatzen du: "Beste eredu bat eskaintzen dute, oso polita eta erakargarria dena".

Gorka Buruaga eta Maddi Elortza, Uberako alkateak: "Etorkizunerako gazte berriengana heltzea ezinbestekoa izango zaigu"

Angiozarren hauteskundeak egiten dituzte alkatea aukeratzeko, eta Uberan konklabe antzeko bat egiten dute: gela baten sartzen dira eta ez dira hortik irteten alkatea izendatu arte. Fumata edo ke zuririk ez da izaten, baina iaz lehen aldiz aukeratu zituzten bi pertsona alkate izateko: Gorka Buruaga (Ubera, 1983) eta Maddi Elortza (Ubera, 1996). Badago odol gaztea gero eta zaharragoa den auzo baterako.

Badago modurik jende gaztea Uberara erakartzeko?

Formula magikorik ez dago, baina gazteak gure taldera erakartzeko bagabiltza ekimen batzuk abiatzen. Auzoan beharra ikusten dugu gazteen arteko harremanak sendotzeko; auzokoen seme-alabak izan eta Bergaran bizi direnek badute Uberarako berezko joera bat, baina gazte berriengana heltzea ezinbestekoa izango zaigu.

Auzotar moduan zer gehiago egin dezakezue Uberaren kohesioa handitzeko?

Gazteekin harremanean sakondu egin behar dugu; horretarako, batzarretan eta gure antolatzeko moduetan erakargarriagoak izan behar dugu; gakoetako bat izango da gazteei uberar izatearen sentimendua kutsatzen saiatzea.

Nolakoa da, bada, uberar izatea? Nolakoak zarete uberarrak?

Uberarrak, hasteko eta behin, alaiak gara. Kanpotik datozenei harrera ona egiten diegu eta errepikatu egin ohi dute; jaietan edo sagardotegirako irteeran giro ederra sortzen dugu. Badugu erakargarria den zoro puntua; oso lasai bizi gara, paraje ederrean.

Auzuak ala hil izeneko ekimena estreinatu zenuten 2018an. Egun bateko parranda izaten da, edo hori baino gehiago?

Parranda baino askoz gehiago izan zen. Osintxuko, Angiozarko, Elosuko, San Juango, Basalgoko, Elorregiko eta Uberako auzotarrok oso positiboki baloratzen dugu. Auzoen arteko harremana sendoa zen lehen; egun horietan ikusi dugu elkartuz gero indar handia dugula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak