Bergarako Udalak eta Badihardugu euskara elkarteak gerra osteko euskalgintzaren memoria jasotzeko proiektu berri bat abiatu dute elkarlanean. Bergarako euskararen historia soziala jasotzea izango da helburua. Eta zehazki esateko, gerraostetik 1980ra bitartean euskarari eusteko eta biziberritzeko egin zen lanaren testigantza jaso nahi da. Horretarako bi lan nagusi egingo dituzte; orain arteko grabazioak aztertu eta pasarte onenak aukeratzeaz gain, hamabost elkarrizketa berri ere egingo dituzte.
Elkarrizketatu berriak, definitzeke
Oraindik ez dute zehaztu zeintzuk izango diren elkarrizketatuko dituzten hamabost bergararrak, eta lan horretan laguntzeko Udalak eskatu die herritarrei gaiari buruzko informazioa eman dezaketen pertsonen gaineko informazioa emateko, eta herritarrek izan dezaketen edozein dokumentazio euskara zerbitzura bideratzeko.
Bi eragile horien elkarlana ez da berria, Bergarako ahozko ondarea biltzeko proiektu bat abiatu zutelako 2003an. Hain zuzen ere, proiektu honetarako metodologia hori bera erabiliko dute. 2003an abiatu zen lanari esker gaur egun Bergarako ahozko ondarearen zati handi bat ikusgai dago www.ahotsak.eus/Bergara webgunean. 165 herritarren grabazioak jaso ziren eta garai bateko Bergarako bizitzaren hainbat alderdi jasotzen ditu, hala nola, herria eta azpiegiturak; familia-bizitza, ekonomia; politika; ohiturak; jaiak eta aisia; erlijioa…
Urte bukaerarako gertu
Lan honetarako Bergarako Udalak 8.510 euroko laguntza emango dio Badihardugu elkarteari eta lan guztia egiteko 2020ko urte amaierara arteko epea izango dute. Idoia Etxeberriak dio interes handiko lana dela.