Guztion artean mundu hobe baten alde lanean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urt. 23a, 18:50

Bizipoza egitasmoak Euskal Herrian jarduten duten askotariko elkarteak batzen ditu, horien balioak gizartean hedatzeko helburuarekin; Bergarako Seminarixoan azalduko dituzte bihar, egubakoitza, 19:00etan, egitasmoaren ezaugarriak eta egin dituzten ekimen berriak. Bizipoza egitasmoko kide Anabel Arraiza gonbidatu dute Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saiora.

Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da Bizipoza, eta izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haurren eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza eskaintzea du helburu; eta, aldi berean, elkarte horiek transmititzen dituzten balioak jaso eta gizarteratuz herri inklusiboagoa eraikitzen saiatzea.

Eskualdez eskualde ari dira elkartea eta esku artean dituzten ekimenak ezagutarazteko aurkezpenak egiten; bihar, egubakoitza, Bergarako Seminarixoan izango dira, 19:00etan; ekitaldia guztiontzako zabalik dago.

 

35 elkarte batuta egitasmoan

"Irrien Lagunak klubetik abiatu zen Bizipoza", dio egitasmoko kide Anabel Arraizak, eta zera gaineratu du: "Elkarte horrek bost arlo lantzen zituen, horien artean elkartasuna, eta arlo horretatik sortu zen Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea, baina 2016an izaera autonomoa hartu zuen eta hastapenetatik zeuden Elkar, Berria eta Katxiporreta eragile sozialei bestelakoak batu zitzaizkien; hori horrela, gaur egun, 35 elkarte, askotariko babesleak eta boluntario sarea dira Bizipoza egitasmoko parte. Debagoienera etorrita, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatea dago, egun, babesleen artean. Elkarteei dagokienez, guztiak aritzen dira Euskal Herrian, baina izaera ezberdinekoek dira. Batetik, eskualde zehatz baten eragiten dutenak daude; Bergarako Ndank Ndank elkartea, esaterako. Eta baita lurralde zabalagokoak ere. Horien artean, askotarikoak daude: gaixotasun edo sindrome ezberdinetako elkarteak eta familia eredu ezberdinak dituztenak –besteak beste, ADEMGI, esklerosi anizkoitza dutenen Gipuzkoako elkartea; eta Aspanogi, minbizia duten haurren familien elkartea–; Chernobilen Lagunak; Alaiak, Gipuzkoako adopzio familien elkartea… horietan ere Debagoieneko kide eta bazkideak daude".

Euskal gizartea hezteko

Elkartasuna, euskara eta auzolana dira, besteak beste, Bizipoza egitasmoak gizarteratzen dituen balioak. "Horiekin guztiekin hezi nahi dugulako euskal gizartea, gizarte inklusiboagoa izan dadin".

ELKARTASUNA, EUSKARA ETA AUZO-LANA DITUZTE, BESTEAK BESTE, BALIO NAGUSI

Hala, asmo horrekin askotariko ekimenak egiten dituzte urtean zehar: elkarteekin jardunaldiak; elkarte bakoitzari buruzko ipuin bat egiten dute, hilero Irrien lagunak aldizkarian argitaratzen dutena; eta baita ikus-entzunekoak eta askotariko kanpainak ere.

'Dokuweb'-a, ekimen berria

Bizipoza dokumentala eta dokuweb bat dira sortu berri dituzten eta orain eskualdez eskualde aurkezten ari diren ekimen berriak: "Dokuweb-a prozesu luzea izan da. Orain dela bi urte hasi ginen lanean, eta bidean topatu dugun Danobat Group-en laguntzarekin egin dugu; gure Olentzero izan da, eta eurei esker gauzatu ahal izan ditugu egitasmoan dauden 33 elkarteren mikro-dokumentalak, non horien izaera eta jarduna azaltzen diren, eta horiekin guztiekin osatu dugu Dokuweb-a; horrez gain, Bizipoza dokumentala ere egin dugu, non egitasmoaren ezaugarriak laburbildu ditugun. Bizipoza.eus gure atarian daude biak ala biak jasota".

Seminarixoan, bihar, egubakoitza

Atariaz gain, eskualdeka egiten ari diren aurkezpenetan ari dira ekimen horiek erakusten, eta hala egingo dute gaur, Bergaran. "Debagoienean aritzen diren hiru elkarteren mikro-dokumentalak ikusiko ditugu: Ndank Ndank, Chernobilen Lagunak eta Aspanif elkarteenak, eta baita Bizipoza izenekoa ere. Eragile ezberdinekin harremanetan jarri gara, eta ekitaldira gonbidatu eta euren elkartasun keinutxoa eskaintzeko proposatu; horrez gain, Moises Azpiazu dantza taldea, Maite Aristegi bertsolaria eta Ertzak musika taldea ere izango dira ekitaldian; hala ere, azpimarratu nahi nuke guztientzako ditugula ateak zabalik, eta ongietorriak izango direla babesle, bazkide edo boluntario jardun gura dutenak".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak