Auzoen gainbeheraren arrazoiak azaltzeko hitzaldia

Mireia Bikuña 2020ko urt. 16a, 13:04

Gune urbanoek duten atzeraldiari buruz egin zuen berba Hedoi Etxartek, Osintxuko liburutegian. Auzoek bizirik mantentzeko behar dutena identifikatzen ahalegindu zen. Bere azalpenak entzuteko lepo bete zen aretoa. Osintxuko bizilagunez gain, Angiozarkoak eta Arrasatekoak ere egon ziren.

Angilolillo liburutegiaren hamargarren urteurreneko hitzaldia Aser Polvorosak hasi zuen. Herrietako auzoek duten garrantzia azpimarratu gura izan zuen. Auzoak beharrezkoa direla, eta horien izaera berezia mantendu egin behar direla aldarrikatu zuen. "Osintxuarrek Osintxuk bizi direla aldarrikatzen dute. Harrotasunez esaten dute gainera. Bizirik mantendu behar dugu hori", esan zuen. 

Ostean, hitza eman zion Hedoi Etxarteri. Auzoak zer diren, zertarako balio duten, zer garrantzia duten eta horiek desagertu ezkero zer gertatuko liratekeen azaldu zuen, aretoan zeuden herritarrak gaira gerturatzeko. Bergarako auzoen egoera ez zuela ezagutzen aitortu zuen hasieran, baina, beste herrialdeetako, lurraldeetako edo bailaretako egoeraren antzekoa izango zela esan zuen. "Kapitalismoaren eredu jakin batean, herritarren eskura egon beharko lukete baliabide eta zerbitzu batzuk. Baina, boterean dauden agenteek euren interesei begira antolatzen dituzte kaleak eta auzoak", esan zuen. 

Eta, gaineratu zuen, Lehen Sektorean ere arazoak dituztela, bizirauteko.  "Gizakion lana makinek egin ahal dute. Ez zaio eskulanari garrantzirik ematen. XIX. mendean uste genuen lanaren automatizazioarekin bizitza kalitate hobeagoa izango genuela. Baina ez da horrela izan. Are gehiago, aberastasun hori banatzeko  sistema hausten ari da, duela lau hamarkadetatik".

Gizarte indibidualistaren eredua

Espazio urbano guztiak kinka larrian daudela esan zien hitzaldira joandakoei. Eta gaineratu zuen  gizartea gero eta indibidualistagoa dela. "Egungo joera da familiabakarreko etxebizitzak eraikitzea, ingurukoekin ahalik eta harreman txikiena edukitzea, eta sozializatzeko esparruak izan daitezela kontsumorako lekuak".

Azalpen guztiak emateko, hainbat liburu hartu zituen hizpide Etxartek. Besteak beste, El espacio público como ideología, Muerte y vida de las grandes ciudades eta La nueva cuestión urbana

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak