Gaur, abenduak 5, hasi eta urtarrilaren 5era arte iraungo du aurtengo Gabonetako egitarau bereziak. Gaur bertan piztuko dituzte Gabonetako argiak eta urtarrilaren 6ra arte egongo dira piztuta; azken urteetako ohiturari jarraituz, Maycolux enpresa arduratu da argiok jartzeaz, 15.000 euroko aurrekontuarekin –BEZ barik–. Gogora ekarri behar da iaz ia urtarril amaierara arte egon zirela argi horiek piztuta, led argiteria berria jartzeko lanak atzeratu egin zirelako.
"Ez da aspertzeko astirik izango"
"Oso programa zabala prestatu du Udalak hainbat departamenturen ahalegina batuta eta Bergara Bizi ekimenarekin elkarlanean. Askoren ahaleginek oso emaitza borobila lortu ahal duten adibide argia izan da honako hau ere, pozik egoteko modukoa. Horregatik, Gabonetan ez da herrian aspertzeko astirik izango", adierazi zuen atzoko agerraldian Kultura zinegotzi Kristina Markinak. Aisialdira begirako ia 30 ekintza jasotzen ditu egitarauak aurten. Gabonetarako programan merkatariek egin duten ekarpena ere nabarmendu zuen kultura zinegotziak: "Ale ederra jarri dute herria girotzeko".
Horrekin batera atzoko prentsaurrekoan iragarri zuen Udala ikus-entzunezko bat prestatzen ari dela herriko komertzioei eta zerbitzuei balioa emateko, eta "laster" ikusgai egongo dela gaineratu zuen. Hain zuzen, zinegotziak proposamen zehatz bat egin zuen atzoko agerraldian: "Ondo pasatu eta herrian gastatu!".
Haur ikuskizun gomendagarriak
Programak jasotzen dituen ia 30 ekintza horien barruan, Udalak honako hauek azpimarratu ditu: hasteko, abenduaren 26ko Aioko –Seminarixoan, 18:00etan– eta abenduaren 27ko Ehuna haur ikuskizunak –Seminarixoan, 16:30ean eta 18:00etan–. Zurrunka taldearen ikuskizuna da Aioko, 4 urtetik gorako umeei zuzendua, eta txotxongiloen eta itzalen bidez ahozkotasuna lantzen du. "Oso emanaldi goxoa eta polita izango da", aurreratu du Kultura teknikari Maider Osak. Ehuna antzezlanak, berriz, are publiko gazteagoa du helburu, 1 eta 6 urte artekoendako da eta; Kristobal Balentziaga modista ezagunaren lanean oinarrituta, hainbat diziplina uztartzen dituela aurreratu du Osak eta dio ikuskizun hori ere "oso polita" izango dela.
Umeei bai, eta nerabeei ere bai
Txikienei begira, iaz Seminarixoan egon ostean, aurten Olentzero eta Mari Domingi udaletxeko atarira bueltatuko dira; umeek gaur hasi eta abenduaren 24ra arte utzi ahal izango dituzte gutunak bertan. Eta, urtero legez, ez dute hutsik egingo Munibe plazako ohe elastikoek eta urtarrilaren 2tik 4ra iraungo duen Labegaraieta kiroldegiko jolas parkeak.
Gabonetan umeak badira ere protagonista, egitarauan badaude nerabeei begira propio antolatutako ekitaldiak; esaterako, Jordi Pereyra youtuberrak hitzaldia emango du abenduaren 27an Laboratorium museoan, gazteleraz; La ciencia de sofa blog zientifikoaren sortzailea da Pereyra, eta Youtuben 203.000 harpidedun ditu gaur egun. Hain zuzen ere, DBHko bigarren mailatik gorako ikasleentzat da.
Kontzerturako sarrerak
Nabarmendu beharreko beste ekitaldi bat da, zalantza barik, urteroko klasikoa den Gabonetako kontzertua; abenduaren 21ean izango da, frontoian (20:30). Abenduaren 12an hasiko dira sarrerak saltzen; Internetez lerro bakoitietarako sarrerak salduko dira –abenduaren 12an, 18:00etatik aurrera– eta Seminarixoko leihatilan, berriz, lerro bikoitietarakoak –abenduaren 12an eta 13an, 18:00etatik 20:00etara–.
Aurrerago sarrerarik geldituko balitz saldu barik, abenduaren 16tik aurrera guztiak jarriko dira salgai Internetez. Sarreraren prezioa zortzi euro da; herritar bakoitzak sei sarrera erosi ahal izango ditu, gehienez. Aldez aurretik sarrera guztiak salduz gero, kontzertu egunean ez da leihatilarik irekiko. Kontzertu egunean 19:30ean irekiko da frontoiko leihatila eta ikuskizuna hasi baino hamar minutu lehenago itxiko dira ateak. Hau da, 20:20tik aurrera ez dute frontoira sartzen utziko.
Osintxu, Angiozar eta Elosua
Olentzero eta Mari Domingik geldialdi bereziak egingo dituzte abenduaren 24an Osintxun –zubian, 19:00etan– eta Angiozarren –plazan, 19:00etan– eta urtarrilaren 5eko Bergarako kaleetako errege desfileaz gain –udal biltegitik, 19:00etan–, Elosuko auzotarrek ere ongietorri berezia egingo diete errege magoei –Elosuko plazan, 18:00etan–.
Bergara Biziko ekimen nagusiak
Gabonetako argiak piztea: Gaur, abenduak 5, piztuko dira. Saltoki bakoitzak jarri behar du bere argia; norbaiti falta bazaizkio, lehenbailehen deitu behar du: 616 72 75 92.
Bedelkarren Gabonetako zozketa: 500 euro zozketatuko dira 100 euroko bost saritan banatuta. Bezeroek izena eta telefono zenbakia jarri beharko dute erosketa egiterakoan; zozketa urtarrilaren 5ean egingo da.
Ohe elastikoak Muniben: Abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra egongo dira martxan, egunero. Aste barruan 17:00etatik 20:00etara egongo dira eta zapatuetan eta jaiegunetan 11:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Saltokietan banatuko diren txarteltxoen bidez erabili ahalko dira ohe elastiko horiek.
Txu-txu trena: Bi egunetan ibiliko da erdiguneko kaleetan zehar: abenduaren 20an, 17:00etatik 20:00etara; eta abenduaren 21ean, 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Saltokietan banatuko diren txarteltxoen bidez erabili ahalko da.
Askotariko iberikoen zozketa: Abendu osoan zehar Bedelkar txartela erabiltzen duten bezeroak sartuko dira zozketan.
Erakusleiho lehiaketa: Apainduta izan behar dira gaurko. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an egingo da.