Hainbat urte martxan egon den arren, gaur inauguratu dute ofizialki Fagor Ederlanen Bergarako lantegia, ekitaldi instituzional batekin –lantegia erabat hornitu ahal izateko, 55 milioi euroko inbertsioa egin behar izan du Fagor Ederlanek–. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Iñigo Ucin Mondragon korporazioko presidentea, eta Aitor Axpe eta Juan Mari Palencia, Fagor Ederlaneko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren. Horiez gain, Gorka Artola Bergarako alkatea, Maria Ubarretxena Arrasatekoa, Unai Elkoro Aretxabaletakoa eta Joserra Zubizarreta Eskoriatzakoa ere han izan dira.
Behe presioko aluminio galdaketan eta mekanizazioan espezializatutako lantegia da Bergarakoa, eta BMW, Daimler eta Jaguar LandRover markei ematen die zerbitzu. Urtean 1,7 milioi pieza fabrikatzen ditu eta 220 langilek dihardute.
Juan Mari Palencia Fagor Ederlaneko zuzendariak azaldu duenez, merkatuan dauden bi ibilgailutatik batek Fagor Ederlan marka darama. "Horrez gain, lantegi honek gure maila teknologikoa eta gestio maila zehazten ditu". Autoen osagaiak fabrikatzearekin batera, "segurtasuna" fabrikatzen dutela dio.
Gaineratu du Fagor Ederlanek beti jakin duela merkatuaren erronka berrietara egokitzen. "Automobilgintzaren sektorea eraldatzen ari da, baina diseinuan eta teknologia berrikuntzaren alde egiten dugun apustuari esker, %50 gutxiago pisatzen duten osagaiak garatu ahal izan ditugu, eta BMW, Mercedes eta halako bezeroen eskakizunei erantzun".
4.500 langile Fagor Ederlanek
Orotara, 4.500 langile ditu Fagor Ederlanek, bost herrialdetan banatutako hemezortzi lantegitan –Brasil, Eslovakia, Mexiko, Txina eta Euskal Herria–. Urtean 50 milioi pieza ekoizten dituzte fabrika horietan. Horren harira, Aitor Axpek nabarmendu du mundu zabalean hedatzen jarraitzeko, erroak hemen sendotzea "ezinbestekoa" dela. "4.500 langile horietatik erdiak baino gehiagok hemen dihardute lanean, etxean. Gure ereduaren indar bat hori da".
Iaz, 2018an, 657 milioi euroko fakturazioa izan zuen Fagor Ederlanek eta 2019ko salmenten aurreikuspena 700 milioi eurokoa da. Horrela, 2022ra begira, 750 milioi euroko fakturazioa gainditzea aurreikusten du.
Sektore lehiakorra eta zorrotza
Iñigo Ucin Mondragon korporazioko presidenteak, aldiz, gaur egungo lehia globala azpimarratu du. Sektore errazik ez dagoela aitortu duen arren, automobilgintzarenean dagoen zailtasuna nabarmendu du, bereziki. "Sektore globala, lehiakorra eta zorrotza da. Asko exijitzen da sektore horretan, eta kostuak jaisteko borroka gogorra da. Baina Ederlan taldea hor dabil, inbertsioak eta apustuak egiten eta dinamika lehiakor hori garaitzen", adierazi du.
Iñigo Urkullu lehendakariak, bestalde, etorkizun berri baten hasiera aipatu du, eta fokua balio kooperatiboetan jarri. "Gakoa da lan egiteko kultura eta balioak partekatzea, elkarlana, kooperazioa edo auzolana bultzatzea eta balioetan oinarritutako proiektuak garatzea. Hori guztia aurkitu dugu gaur planta honetan; hori lortzeko, kooperazioa da erabiltzen duzuen indarra".
Lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak "kolaboratzen eta kooperatzen" jarraituko duela euskal sistema ekonomiko eta industrial lehiakorragoa indartzeko, "munduari begira irekiagoa" izango dena. "Bide horretan, planta berri honekin beste urrats bat egin duzue. Proiektuak dituzue, eta horrela irabazten duzue lekua mundu zabalean. Inaugurazio honekin, Euskadik lehiakortasunean urrats bat egin du eta ekosistema indartu, era berean".
Zortzi lantegi Debagoienean
18 lantegi ditu mundu osoan Fagor Ederlanek. Lantegi bat Eslovakian, bi lantegi Txinan, bi Brasilen eta bi lantegi Mexikon. Espainian hamaika lantegi daude, horietatik hamar Euskal Herrian, eta zortzi, gainera, Debagoienean: Eskoriatzako burdin galdategia, Chassiserako osagaien fabrikazioan espezializatua; Bergarako mekanizazio lantegia, Chassiserako osagaien mekanizazioan espezializatua; Markuleteko behe presioko aluminioko lantegia, Chassiserako aluminiozko osagaien fabrikazioan espezializatua; Markuleteko burdin galdategia, Chassiserako osagaien fabrikazioan espezializatua; Bergarako behe presioko aluminioko eta mekanizazioko lantegia, Chassiserako aluminiozko osagaien fabrikazioan espezializatua; Markuleteko mekanizazio lantegia, Chassiserako osagaien mekanizazioan espezializatua; Eskoriatzako Aluminio Injekzioa eta Aretxabaletako Aluminio Injekzioa.