Iñigo Urkullu: "Miguel Altuna ikastetxea aitzindaria da Euskadiko Lanbide Heziketan"

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 11a, 14:24

Gaurkoan lehen aldiz bisitatu dute zentro berritua Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. "Jaurlaritzak zortzi milioi euro inbertitu ditu ikastetxe berri honetan; inguruak eskatzen zuen inbertsioa bat zen eta gaur egun errealitate da" adierazi du lehendakariak. 

Iñigo Urkullu buru, Jaurlaritzako ordezkaritza zabala etorri da gaur goizean Bergarara, Miguel Altuna Lanbide Heziketa ikastetxe berria bisitatzera. Bertan izan dira Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarte, Lanbide Heziketako kontseilariorde Jorge Arevalo eta  Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendi. 

Zentroko zuzendari Josune Irabazalek ongi etorria eman ostean, ikastetxe berrituko hainbat gune bisitatu dituzte, atalez atal. Administrazio gelan hasi dira, eta jarraian enpresa simulazio gelara joan dira, non ikasleek enpresa ataletan banatuta egiten duten lan. Jarraian makina aurreratuekin egiten dituzten produktuak ikusi dituzte eta handik tailerrera jaitsi dira. Ikasleak askotariko zereginak egiten ikusi ostean, adierazpenak egin dituzte Irabazabalek eta Urkulluk. 

Josune Irazabal, hitzaldia hasi berritan. 

Josune Irabazalek eskerrak eman dizkie Jaurlaritzako ordezkariei zentro berria egiteko baliabideak jartzeagatik. "Lekuz aldatzeko garaia heldu zaigu, eta hemen daukagu eraikin berria: handia, modernoa, garai honetakoa eta  ikasleek merezi dituzten instalazioak eta ekipamenduak ditugu. Gure erronketako bat eraikin adimentsu bat egitea zen. Baina guk pertsona adimentsuen gaitasunak hobetzeko eraikina egin dugu". Zubiaren sinbologia ere nabarmendu du Irabazalek: "Lehengo eskolak, guretzat Elementala bezala ezagunagoa zenak, bazuen elementu kuttun bat: zubia. Hori dela eta, eraikin berriak ere badu zubia eta Zure zubia leloa aukeratu dugu eskola berriarentzat. Iragana eta etorkizuna lotuko dituen zubia izan nahi dugu". 

Ostean Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza: "Bergarako zentro hau Lanbide Heziketan gertatzen ari den paradigma aldaketaren adibide bat da. Prestakuntza aldatzen ari da, irakaskuntzak metodologia berriak eskatzen ditu, ikasgelak elkarri lotuta daude eta ikasleen arteko lankidetza da bultzatzen dena. Miguel Altuna ikastetxea aitzindaria da Euskadin. Eusko Jaurlaritzak zortzi milioi euro inbertitu ditu ikastetxe berri honetan; inguruak eskatzen zuen inbertsioa bat zen eta gaur egun errealitate da".

Lehendakaria, ekitaldi amaieran.

Amaieran, emakumeek industria ikasketetan duten presentzia handitzeko erronka aipatu du lehendakariak:  "Industriarekin lotutako ikasketetara emakumeak erakartzen ahalegintzen gara, eta helburu hori betetzeko Steam estrategia garatzen ari gara. Hori da gure ekarpena soldata arrakala gainditzeko eta gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko".  

Ikastetxearen egoera

Miguel Altuna ikastetxeak 600 ikasletik gora izango ditu 2019-2020 ikasturtean, zortzi prestakuntza ziklotan banatuta. Hauek dira erdi-mailako prestakuntza zikloak: administrazio kudeaketa,  instalazio elektrikoak eta automatikoak eta mekanizazioa. Honako hauek, ordea, goi-mailakoak: administrazioa eta finantzak, automatizazioa eta robotika industriala, produkzioaren programazioa fabrikazio mekanikoan, diseinua fabrikazio mekanikoan eta mekatronika industriala. 

Erlazionatuak

Lehendakariaren bisita, iruditan

Xabi Gorostidi 2019 aza 11 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak