Gizarte zientzien garrantzia azpimarratuz abiatu du UNED-Bergarak ikasturte berria

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko aza. 9a, 11:42

UNED-Bergararen 2019-2020 ikasturte akademikoari hasiera emateko ekitaldiko hitzaldi nagusia UNEDeko irakasle eta historialari Alberto Santanak eman zuen: "Bizi dugun ezagutzaren aroan ezinbestekoak izango dira gizarte zientziak". Ekitaldia borobildu zuten iazko ikasturteko diploma banaketak eta Bergarako Musika Eskolako ikasleen emanaldi labur bezain ederrak.

Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldian, hitza hartu zuten Bergarako alkate Gorka Artolak, Gipuzkoako Diputatu nagusi eta UNED-Bergara Fundazioaren Patronatuko presidente Markel Olanok, Eusko Jaurlaritzako unibertsitate eta ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisek, UNEDeko erretore goren Ricardo Mairalek eta UNED-Bergarako zuzendari Iñaki Esparzak. 

Hasierako hitzaldian, Santanak gizarte zientzien garrantzia azpimarratu zuen eta horrekin batera ikasleak txalotu nahi izan zituen: "Txalogarria da ikustea ez datozela tituluaren bila. Akaso titulua erabilgarria izango zaie etorkizunean lana aurkitzeko, baina ez datoz horretara. Pertsona moduan haztera datoz, eta hori ederra da".

Gainerako hizlarien artean gehien errepikatu ziren ideiak izan ziren, besteak beste, pentsamendu kritikodun herritarrak heztea lehentasunetako bat izango dela etorkizunera begira.

Ekitaldiaren amaieran, Bergarako Musika Eskolako sokako ikasle batzuek emanaldi eder bat eskaini zuten.

40 urtetik gora Bergaran, eta egoitza berriarekin

UNED-Bergarak 40 urte baino gehiago egin ditu honezkero Bergaran. Gainera, Esparzak berak atzoko ekitaldian nabarmendu zuenez, egoitza berriak euren eskaintza akademikoa hobetzea dakar. "Gure ikasleen profila askotarikoa da: gazteak, adinekoak, langabeak, langile aktiboak, familia-kargak dituzten gizon eta emakumeak, erretiratuak...

Eskaintza akademikoari dagokionez, "oso zabala" da UNED-Bergarak eskaintzen duena: unibertsitateko 28 gradu, 76 master eta doktoregoko 19 programa. Horrez gain, prestakuntza ere eskaintzen dute unibertsitaterako sarbidea izateko.

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak