Erleak protagonista direnean

Mireia Bikuña 2019ko urr. 26a, 15:25

Erlearen munduaren inguruko azoka egin dute Bergarako San Martin plazan. Salmenta eta dastatze postuak, tailerrak, eta bisita gidatuak egon dira herritarren eskura. "Oraindik ere beharrezkoak dira halako egunak horren ezezaguna den lanbidea ezagutzera emateko", esan du Mankomunitateko Turismo Saileko Ana Herizek.

Erleari eta erlauntzei buruzko erakusketaren inguruan ibili dira herritarrak.  Ezti ezberdinak probatzeko aukera izan dute. Ekoizle ezberdinen azalpenak entzun dituzte beste hainbatek, eta eztia ez ezik, erleek egindako lanari esker, beste produktu batzuk egin daitezkeela ere ikusi dute. Adibidez, kremak. "Gehienek eztia jan egiten dute, jogurtarekin, kafearekin... Baina, beste produktu batzuk daudela ezagutarazi behar dugu", esan dute. 

Eztiak, kremak, gaztak, barritak, bonboiak, txokolatedun intxaurrak... horiek guztiak probatzeko aukera egon da. Probatzeko eta erosteko. "Goiz ederra izan da. Herritarrek probatu eta erosi egin dute, eta eskertzekoa da hori", esan dute antolatzaileek.

Bailarako ekoizleak

Oraindik ere ezezaguna da erlezainen lana Debagoienean. Bailaran badaude ekoizle txikiak. 60 bat, eta euren lana ezagutzera ematea ezinbestekoa da. Horietako bat da Jose Antonio Azkarate bergararra. Duela urtebete erlategi bat erosi zuen Oñatiko Araotz auzoan. "Nire lehenengo azoka izan da, eta pozik nago goizak emandakoarekin. Berria naiz lanbide honetan. Oraindik asko daukat ikasteko, baina esan dezaket, erlezain izateak ñabardura asko dituela. Lan nekeza da, baina, era berean, gustagarria", esan du. 

Tailerrak

Erleak dituen ezaugarriak, onurak eta arriskuak ezagutu ostean, txikienek tailerrak egin dituzte. Alde batetik, kandelak egin dituzte argizariekin; eta bestetik, barrita energetikoak. Gainera, jogurta eztiarekin jateko aukera izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak