Bergarako gizarte zerbitzuetako erabiltzaileen %87 ez da atzerritarra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urr. 15a, 17:54

Bergarako gizarte zerbitzuen 2018ko memoria aurkezteko agerraldian nabarmendu dute, besteak beste, zerbitzuon erabiltzaileen %13 dela Espainiatik kanpokoa. "Etorkinak gizarte zerbitzuez aprobetxatzen direla dioten esamesak gezurtatzen dituzte datuok", dio teknikari-buru Xabier Legorburuk. Bestalde, 35 erabiltzaile artatuko dituen Ernai kaleko eguneko zentroa irekitzeko data zehatzik ez dago oraindik: "Obra amaituta eta Diputazioaren ikuskaritza eginda dago, eta orain jabetza kontuekin ari dira; amaitzean, Diputazioak zerbitzua adjudikatuko du".

Memoriak utzi dituen datuen artean, nabarmentzekoa da zerbitzuaren erabiltzaile izan direnen jatorriari dagokionez, 2018an artatu ziren 8.305 pertsonetatik %87k jatorria Euskal Herrikoa edo Espainiakoa dutela; aldiz, atzerriko jatorria dutenak %13 dira bakarrik. Eta horietatik 266 pertsona artatuak izan dira lehenengo aldiz. Beste datu esanguratsu bat da Udalarentzat gastuak behera egin zuela iaz, 2017koarekin alderatuta: 1.800.000 eurokoa izan da 2018ko gastua eta %7,34 jaitsi egin da 2017koarekin alderatuta. Horren arrazoia da 2018a ezkero Mizpirualde egoitza Diputazioaren Kabia erakundearen esku gelditu zela; hortaz, Udalak ez du horren gastua bere gain hartzen.

Gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko aukerak honako hauek dira:

-E-postaz: ongizatea@bergara.eus

-Telefonoz: Bergaratik 010 zenbakira deituta eta 1210 luzapena erabilita. Edo Bergaratik kanpo 943 779100 zenbakira deituta eta 1210 luzapenarekin.

-Bergara.eus webgunearen bitartez.

Eguneko zentroaren irekierarako datarik ez

Memoria aurkezteaz gain, gaurko agerraldian adierazi dute ez dagoela datarik oraindik Ernaik kaleko eguneko zentro berria irekitzeko. "Obra amaituta eta Diputazioaren ikuskaritza eginda dago, eta orain jabetza kontuekin ari dira; amaitzean, Diputazioak zerbitzua adjudikatuko du", adierazi du gizarte zerbitzuetako teknikari-buru Xabier Legorburuk. 35 erabiltzaile artatuko dira zentro horretan, gaur egun San Joxepe elkartean dagoen zentroan baino hamar gehiago. Hain zuzen, Ernaikoa irekitzen denean, San Joxepekoa erabiliko da menpekotasun arriskuan dauden eta menpekotasun maila baxua duten erabiltzaileentzat. "Intentsitate baxuko zentroa izango da; erabiltzaileak ez dira zertan egunero etorriko eta 2-3 orduko egonaldiak egingo dituzte egunean".

Hirugarren adina eta berdintasuna

Datuez harago, gizarte zerbitzuetako zinegotzi Ainhoa Letek aditzera eman du hirugarren adinari begirako inbertsioa eta politikak "lehenbailehen" handitu beharko direla: "Ukaezina da Bergara ere zahartzen ari dela, eta garbi daukagu hirugarren adinari eta menpekotasunari begira politikak sustatu behar ditugula. Ez du balio hamar urte barru, egoera horretan gaudenean, lanketetan hastea. Are gehiago, uste dut honezkero berandu ari garela".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak