Ikastetxeetan hasi ziren orain dela sei urte Rafa Rueda musikaria eta Gotzon Barandiaran idazlea eta kulturgilea musikarien eta idazleen arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzaren kontakizuna egiten Hitzen ahairea izeneko saioetan.
Gaur egun, ikastetxeez gainera, beste arlo eta toki askotatik deitzen diete, eta hala abiatuko dute Jardun Elkartearen eta Udalaren eskutik sei orduko ikastaroa Zabalotegi aretoan: "Hiru saio izango dira, urriaren 24an, azaroaren 7an eta 28an. Helburua gure historia eta euskal kantagintza gertuagotik ezagutzea da, eta guztiontzako dago zabalik", dio Jardun-eko Maitane Arizabaletak.
Hitzak eta kantuak tartekatuta
"Ez dugu ezer probatuko, baizik eta urteetan bildu dugun materiala partekatu egiten dugu", dio Gotzon Barandiaranek, eta zera gaineratu du: "Kantatzen eta aztertzen ditugunak, idazle eta musikari bati daude beti lotuta. Hori baino gehiago eta zabalagoa da euskal kantagintza, lehenagotik ere badatorrena, eta gaur egun ere badaude euren kantuak egiten eta kantatzen dituzten taldeak eta musikariak, baina gu hor ez gara sartzen. Guk egiten duguna da, nolabait, Euskal Herriaren historia gainbegiratu kantuetan oinarrituta; hortaz, kantua aurkeztu egiten dugu, idazlearen zertzelada batzuk azalduta eta hitzen esanahiari begiratuta, eta, ondoren, Rafak zuzeneko bertsioak egiten ditu. Parte hartzaileei kopiak banatzen dizkiegu eta, normalean, gehienek kantuan egiten dute. Iruzkinak eta eztabaidak sortzen dira kanta bakoitzaren bueltan".
IDAZLEEN ETA MUSIKARIEN ARTEKO ELKARLANA OINARRI, EUSKAL HERRIKO HISTORIA IKASGAI
Saioetan eskaintzen dituzten kantuek eta idatziek Euskal Herriko historia ulertzeko pista asko ematen dituztela dio Barandiaranek, eta honela azaldu ditu ikastaroko gidoiaren ezaugarriak eta osagaiak: "Benito Lertxundik eta Xabier Iratzederrek konposatu zuten Orreaga kantuarekin hasiko gara, eta segidan eskainiko ditugu Oskorriren eta Gabriel Arestiren Oñaztarrak eta Ganboatarrak; Lauaxetaren hitzak ere gogora ekarriko ditugu Eñaut Elorrieta eta Antxon Valverderekin; Ken Zazpi eta Joseba Sarrionandia ere lotuko ditugu, baita Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika ere; eta horiez gain, kontakizun zaharragoak ere bai, Iparragirreren kantu batzuekin edo Joseba Tapiari esker, karlistaldiak eta gerra zibila ere bai. 80ko hamarkadako Itoiz, Errobi eta Hertzainak taldeak ere gurera ekarriko ditugu, eta, gaur egunera etorrita, adibidez, Rafa Rueda, Txuma Murugarren eta Maite Larburu ere bai. Kantu zaharrak eta berriagoak eskainiko ditugu belaunaldi ezberdinetako jendea batzen da-eta publikoan".
Atera dituzten ondorio batzuk
Egiten duten saiotik saiora informazio berria jasotzen dutela dio idazleak, eta, horregatik, etengabe osatzen doazela gidoia.
Asko dira orain arte atera dituzten ondorioak; besteak beste, honako hauek aipatu ditu kulturgileak: "Badago hari komun bat idazleak eta gerora idazle horien testuak erabiltzen dituzten kantariak biltzen dituena, eta galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa da hori. 90eko hamarkada arte derrotatu bezala idazten eta kantatzen zuten, baina ez negarra eragiteko, baizik eta borrokarako aldarri egiteko. Beste hari oso nabarmen bat da euskaldunok gure identitateari kantatu diogula, eta 50eko hamarkada arte, batez ere, identitatea hiru ardatzetan oinarritzen zen: euskara, lurraldetasuna eta fedea. Gerora, fedearena galdu eta klase-kontzientziak hartu zuen lekua. Beste bereizgarri bat da, orokorrean, XX. mendeko kantagintza gizonek idatzi dutela eta gizonek kantatu dutela. Horiek eta gehiago, bada, ikastaroan zehar berbagai eta aztergai izango ditugunak".
Izen-ematea zabalik dago
40 lagunentzako tokia dago, eta izena eman daiteke Jardun Euskara Elkartearen egoitzan –Errotalde jauregia–, 943 76 36 61 edo 605 71 24 69 zenbakietara deituta edo Jardunkulturatopagunea.com helbidera idatzita.