Gaur egin du EAJk, Udal gobernuaren lehen 100 egunen balorazioa eta "arduratuta" daudela adierazi du, ez baitu EH Bilduren "plan zehatzik ezagutzen" eta orain arte egindakoa, haiek "hasitakoaren jarraipena" dela esan dute. Era berean, "nahiz eta oposiziotik" izan, EAJren helburua "hauteskunde programan hitz emandakoa betetzea" dela jakinarazi du EAJk.
Udala, "egituratzeko" eta "noraezean"
Ekainera arteko Udal egitura "egunetik egunera" aldatzen doala salatu dute jeltzaleek, baita esparru batzuk "oraindik egituratzeko" daudela ere. Horretaz gain, Udal gobernua "noraezean" dabilela eta erabaki asko "hartu gabe" daudela adierazi dute: "Laboratoriumen kudeaketa non eta nolakoa izango den ez dakigu, bizikidetza mahaia ez dago osatuta, inmatrikulazioak nola bideratuko diren ez dakigu, ez daukagu mugikortasun planaren berririk eta ez dakigu zer forma hartuko duen".
Seminarioko parkinaren proiektuan, "aurrerapausorik ez"
Seminarixoko lurrazpiko aparkalekua eraikitzea "garrantzia eta konpromiso handiko" proiektua dela adierazi eta gobernuak "bi hilabetetan honen inguruan inongo aurrerapausorik eman ez izana" salatu dute: "proiektu osoa bukatuta utzi dugun arren eta mugikortasun ikuspuntutik aparkalekuaren diagnostikoa eginda izan arren, Udal gobernuak hala nahi izan duelako, Mugikortasun plana garatu dute". Hala ere, "ados egon edo ez egon" EH Bilduk uztailean hartutako erabakia "onartu" egiten dutela adierazi dute eta ekarpenak egiteko "prest" azaldu dira.
Oposizioarekin harremana "eskasa"
"Gardentasun eza" eta oposizioarekiko harreman "eskasa" salatu dute jeltzaleek: "Gu, gure esperientzia partekatzeko prest gaude eta horrela egin genuen gure azken egunean; informazio guztia partekatu genuen. Udalak, baina, 100 egun hauetan ez du jarduna batzordeetan landu, alkatearen dekretuetan baizik; eta bide horretatik gardentasuna eta partaidetza ez dira bermatzen".
Era horretan, jeltzaleek adierazi dute, "oposiziotik ere eraikitzen jarraituko" dutela, betiere hauteskundeetan aurkeztu zuten "programa jarraituz" eta gobernua utzi zutenean "martxan utzitako" hainbat proiektu jarri dituzte adibidetzat, horien artean, honakoak: Algodonerako tunelaren konponketa, Amillagako gune industrialeko azpiegiturak berritu, LED argiteria osatu eta Gaztelekuko dinamika berria definitu.
Bergara "aurrerakoi baten alde", oposiziotik
Bergarako EAJren nahia "bizikidetzan oinarritutako" Bergara "aurrerakoi" bat eraikitzea dela esan dute: "Europan kokatuko den Bergara hobeago bat, gure gazteentzat zein nagusientzat herri erosoa eta atsegina eraikitzea". Eta gogora ekarri dute hauteskunde programan jaso zituzten eta "oposizio eraikitzaile batetik", gauzatu nahiko lituzketen ekimenak, horien artean: Zabala etxeko fatxada historikoa berriro jartzea; San Martin plazaren birmoldaketa; Simon Arrieta eta Martoko plazak berritzea; San Lorentzo eta Matxiategi arteko zubia egitea; San Joxepe zaharren elkartearen egoitzan eguneko arreta zerbitzu berri bat egokitzea; gazteen nahiak entzun eta betetzea, Gazte bulegoa zabalduz Arrizuriaga jauregian, eta hileta zibilak egiteko leku duin bat zehaztea.