Azken osoko bilkurako galdera eta eskaeren tartean, EAJk aditzera eman zuen Agur Etxebeste filmaren Bergarako estreinaldiari ez zitzaiola zuku nahikorik atera. Irailaren 25ean ikusi ahal izan zen lehenengoz filma Seminarixoan eta jeltzaleak zapore gazi-gozoarekin geratu ziren, halako ekitaldi bati etekin gehiago atera ahal zitzaiolakoan. "Zinemaldian ikusi ostean etorri zen pelikula Bergarara eta horren etekina oso eskasa izan da. Bi zuzendariak izan genituen aurreko solasaldian eta oso jende gutxi egon zen. Komunikazio aldetik ez dut uste nahikoa landu zenik; halako ekitaldi bati etekin gehiago nola atera aztertu egin behar da bai ala bai", esan zion GOIENAri EAJko bozeramaile Elena Letek.
Estreinaldiaren aurreko solasaldian jende gutxi egon bazen ere, Udal Gobernua pozik dago estreinaldiak berak eta osteko emanaldiek bergararren artean izan duten harrerarekin. "Ekitaldiak harrera oso ona izan zuen, sekulako giroa egon zen aretoan bertan eta baita irteeran ere. Bi zuzendariak eta aktoreak bertan... ez dut uste gutxiestekoa denik. Ekitaldi polita izan zen, jendeak gustura hartu zuena, eta ondorengo ikusle kopuruak ere harrera on hori berresten du", deritzo Gorka Artola alkateak.
Sarrerak saltzeko sistemari irtenbide bila, "ahalik eta lasterren"
EAJk, aldi berean, salatu zuen Seminarixoko txarteldegiko eta internet bidezko sistemak hutsi egin zuela eta jendearen haserrea eragin zuela horrek. Alkateak erantzun zuen esanez, aurreko agintalditik datorren arazo horri "ahalik eta lasterren" irtenbide bat ematen saiatuko direla.
Kezka batzordeen funtzionamenduari dagokionez
Bestalde, EAJk "kezka" azaldu zuen batzorde informatzaileen funtzionamenduari dagokionez. Jeltzaleek diote, besteak beste, Udal Gobernuak argi izan behar duela organo bakoitzaren funtzionamendua zein den ahalik eta eraginkorrenak izateko. Gorka Artola alkatearen arabera, bi udal taldeek interpretazio ezberdinak dituztela batzordeen izaeraren inguruan.
PSE-EEren harridura komitea batzordean dagoelako
Alderdi sozialistak ere hartu zuen hitza galderen eta erreguen tartean. Alberto Alonso bozeramaileak bere harridura erakutsi zuen Udaleko langileen komiteak pertsonaleko batzorde informatzailean parte hartuko duelako: "Batzorde informatzaileak ezin du inondik inora ere ordezkatu komiteko langileek enpresariarekin elkartzeko duten eskubidea eta, bestetik, batzorde informatzailearen jarduna desitxuratu egiten du. Batzorde hori ezin da izan plantillarekin eztabaidatzeko foro bat; plantillarekin harreman horiek izatea Udal Gobernuaren zeregina da", dio Alonsok.