Etxebestetarrek bergararren txalo zaparrada jaso dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ira. 26a, 17:00

Bergaran grabatutako Agur, Etxebeste! filmak ekin dio bideari. Martitzenean estreinatu zuten, Donostia Zinemaldian; eta eguaztenean, Bergaran eskaini zuten. Zuzendariak eta aktore taldea izan ziren Seminarixoan.

Filma ikusteko Seminarixoa lepo bete zen. Bergararrak gogotsu zeuden herrian grabatutakoa pantaila handian ikusteko; eta baita nork bere burua ikusteko ere. "Irrika horrekin geunden, ea non agertuko ginen… eta, egia esan, oso ondo agertu da Musika Banda", azaldu du Musika Bandako kide Igor Larrañagak.

Grabaketak Bergaran egitea "gozamena" izan zela azaldu zuten zuzendariek: "Oso ondo tratatu gaituzte. Zergatik aukeratu genuen Bergara lehenengo filma grabatzeko? Herri dotore baten bila genbiltzan... eta Bergarak aukera paregabea eskaintzen zigun", azaldu zuen Esnalek. Alkate ohi Elena Lete eta egungo alkatea Gorka Artola ere oholtza gainera igo ziren. "Obrak direla tarteko kale bat moztu behar denean, herritarrak kexatu egiten dira; baina filmaren grabaketagatik kaleak itxi genituenean, ez zen inor kexatu", azaldu zuen Letek. Artolak gaineratu zuen: "Bergara mapan kokatzeko balio du filmak. Gainera, herrian kalitate honetako zuzendari bat izatea gozamena da".

Txalo zaparra handia eskaini zuten ikusleek amaieran. Ondoren, bi zuzendariak eta Ramon Agirre, Elena Irureta eta Iban Garate aktoreak igo ziren Seminarixoko oholtzara ikusleen "babesa eskertzera".

Hamalau urteren ondoren

"Eskertzen da horrelako txalo zaparrada. Berezia da, hemen grabatu genuen, jende asko bere burua ikusi nahian etorriko zen…", azaldu zuen Agirre aktoreak. Hamalau urteren ondoren berriro ere Bergarara itzultzea "oso polita" izan dela gaineratu zuen. "Familia polita osatu genuen lehenengoa grabatzerakoan, Aupa Etxebeste!; denak ezagunak gara. Hirugarren zatia egongo den? Ez dakit. Niretzat, beste 14 urte gehiegi izango dira...", zioen, barrez. Patricio Etxebeste pertsonaiak garrantzi handia izan du Agirreren aktore ibilbidean: "Seguruenez, zineman izan dudan lehenengo pertsonaia protagonista… Ni ez nago protagonista izateko destinatua… itxuragatik, besteak beste". Hortaz, letra larriz dago idatzita Aupa Etxebeste! Agirreren ibilbidean.

Kixi-k gogoratu zuen lehenengo filmaren estreinaldia frontoian izan zela, eta ez zela leku egokiena izan estreinaldi baterako; oraingoan, "areto dotorean" izan delako pozik zegoen. Umore ukituarekin jarraituz, Kixi-k nabarmendu zuen estreinaldian faltan igarri zuela mahoizko alfonbra ez jarri izana.

Umorezko filma

Lehenengoaren hariari jarraituz, umorezko filma da Agur, Etxebeste! Baina, umoreaz harago, handikeria, ustelkeria, maitasuna... jorratzen dituen filma da. Hau da, hausnarketarako tartea eskaintzen duen lana da Altunarena eta Esnalena.

Euskal zineman mugarria izan zen Aupa Etxebeste!, orain dela hamalau urte. "Igartzen da hamalau urteko jauzia...", azaldu zuen Kixi-k. Orain arte euskarazko filmak gaztelerara itzuli izan direla azaldu zuen zuzendari bergararrak; baina, oraingoan, ez itzultzea erabaki dutela. Euskaraz eskainiko dute. Gainera, bigarren zatia izan duen lehen euskal filma izan da.

Bihartik, aretoetan

Bihartik aurrera, 38 zinema aretotan eskainiko dute Agur, Etxebeste! filma. Bergaran, gaur hasi eta astelehenera arte egongo da ikusgai. "Zinemaldian estreinatzea garrantzitsua da, lagundu egiten du filmak indarra hartzeko; eta kritikak, sariek... horiek ere laguntzen dute", dio Kixi-k. "Bultzada hori garrantzitsua izaten da, baina filmak bere bidea egin behar du. Ea aretoak beteta ikusten ditugun; hala bada, aretoetako jabeek mantendu egingo dute-eta filma", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak