Etxean ere etxetik kanpo beste dantzatzeko gogoz daude Galarraga eta Murgiondo

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ira. 13a, 11:45

Bikote nagusien 34. dantza suelto txapelketa jokatuko dute gaur, barikua, 19:30ean, Seminarixoan. 12 bikote lehiatuko dira; tartean, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak.

Bergarako Musika Eskolak bikote nagusientzako 34. dantza txapelketa antolatu du San Martin Agirre jaietan. Gaur izango da, Seminarixoan, 19:30ean, doan. 16 urtetik gorako hamaika bikotek parte hartuko dute –azken orduan, lesio bat tarteko, bikote bat kanpoan geratu da–; Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzariak. Horien artean, Bergarako bikote bakarra egongo da: Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo. "Etxean dantzatzeak beste puntu bat ematen dio", azaldu du Murgiondok, eta Galarragak gehitu du: "Alde onak eta txarrak ditu. Urduritasun handiagoa izan dezakegu eta, ondorioz, huts gehiago egin. Hala ere, polita da".

Bigarren bi postu

Beste txapelketa batzuetan emaitza politak lortzetik dator bikotea; baina etxeko txapelketan, emaitzari baino gehiago ondo pasatzeari eta ondo dantza egiteari eman nahi diote garrantzia. "Herrian dantza egiteko gogotsu gaude", diote. Irailaren 1ean, Donostian jokatutako dantza suelto txapelketan bigarren postua lortu zuen bikote bergararrak; eta, hurrengo egunean, Zarautzen ere bigarren postuarekin itzuli ziren etxera. "Emaitza horiek poztasuna ematen dute, bai; baina, dantza berdin egin arren, batzuetan postu on bat lortzen da eta beste batzuetan ez", dio Galarragak.

Moises Azpiazu taldekoak

Umetatik dabiltza Moises Azpiazu dantza taldean bai Galarraga eta baita Murgiondo ere; bikote moduan dantzan 14 bat urterekin hasi ziren –egun, Murgiondok 18 urte ditu eta Galarragak, 19–. "Maite Lazkano izan da gure irakaslea, berarekin ikasi dugu", nabarmendu du Galarragak. Azkeneko urtean gutxiago entseatu dutela diote; izan ere ikasketengatik Galarraga etxetik kanpo ibili da.

Lehiaketak, gainbehera?

Bergaran beti egon da dantza sueltoan lehiatu izan duen bikoteren bat, baina bailara mailan ez da ohikoa: "Dantza taldeak osasuntsu daude, baina taldean egiten da dantza, lehiaketetarako pausoa ez da ematen", diote. Dantza lehiaketek Gipuzkoan dute indar handiena, eta irailean Seguran egiten dena da "garrantzitsuena". Dantza sueltoak, aldiz, Azpeitian du indar handia: "Beti izan dute zaletasuna", dio Murgiondok. Gaurko lehiaketan, Azpeitiko bederatzi bikote lehiatuko dira.

Saioak plazan izaten direnean barruan baino jende gehiago batzen dela dio Galarragak. Gaur, Seminarioa betetzea nahi dute dantzaz gozatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak