Futbolean bidea ireki zuten neskak omenduko dituzte zapatuko Bergara Hiria txapelketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ira. 6a, 10:20

Bihar, irailak 7, emakumezkoen Bergara Hiria txapelketa jokatuko da Agorrosinen (11:00), eta, finalaren aurretik, 13:00etan, 1994-1995 denboraldian sortu zen lehen nesken taldeko jokalariak omenduko dituzte. Arratsadean, 17:30ean, gizonezkoen 29. edizioa jokatuko da. 

Denboraldi-aurreko klasikoetako bat den Bergara Hiria futbol txapelketa jokatuko da bihar. Emakumezkoen txapelketaren bigarren edizioa jokatuko da goizean, 11:00etan hasita, eta Elgoibar, Amaikak Bat, Textil Escudo eta Bergara arituko dira nor baino nor gehiago. Arratsaldean, 17:30ean, gizonezkoen 29. edizioaren barruan, Bergarak Iurretakoren aurka neurtuko ditu indarrak. Egun osorako sarrera hiru euro izango da; hau da, goizean erosten den txartelak arratsalderako ere balioko du.

Lehen talderako 33 jokalari batu ziren

Aurten, 25 urte bete dira futbolean emakumezkoen lehen taldea sortu zela eta BKEko zuzendaritzak efemeridea aprobetxatu nahi izan du bihar jokatuko den Bergara Hiria txapelketan omenaldi xume bat egiteko; 13:00etan izango da omenaldia, finalaren aurretik. Talde hura abiatu eta zortzi urtez entrenatu zuen Bittor Agirrebarrenak kontatu dio GOIENAri nola hasi zen guztia: "Atxabalpen Mondraren eta Eibartarrak taldeen arteko partidu bat ikusi ostean proposatu nion nire buruari Bergaran talde bat sortzea. Lagun baten bidez enteratu nintzen Etxagin elkartzen zela neska talde bat futbola gustatzen zitzaiona; lagunari zerrenda bat egiteko eskatu, eta bi astean 33 jokalari genituen". Jasone Larrañaga jokalariak oroitzapen ederrak ditu: "Orduan oso arraroa zen neskak futbolean ikustea, baina sekulako ilusioarekin hasi ginen. Lagun talde itzela osatu genuen".

1994-1995 denboraldiko emakumezkoen taldea. Argazkia: Berrigara

Lehen partidua 2-4 irabazi zuten

Bi txapelketez gain, eta aurten 25 urte beteko direla aprobetxatuta, 1994-1995 denboraldian emakumezkoen lehen taldea osatu zuten jokalariak omenduko dituzte. Denboraldi hartan, 16 eta 21 urte arteko 33 neska elkartu ziren eta bihar omenduetako bat izango den taldeko Bittor Agirrebarrenak gogoan du 25 fitxa bakarrik egiteko aukera izan zutela: "Jokalari batzuek ezin izan zuten fitxa egin, pena izan zen. Gero, gogoratzen dut lehen partidua 2-4 irabazi genuela, Intxaurrondon; neskak izugarri poztu ziren". Garai haietako partidu guztietako hamaikakoak eta bestelako hainbat datu interesgarri koaderno batean gordeta ditu oraindik ere Agirrebarrenak: "Informazio hori altxor bat moduan gordetzen dut".

Egoera aldatu egin da, "zorionez"

Bidea ireki zuten jokalarietako bat da Jasone Larrañaga: "Gauzak aldatu egin dira, zorionez; gu hasi ginenean, oso arraroa zen neskak futbolean ikustea eta orain, erabat normala da. Futbolean bakarrik ez, neskez osatutako hainbat talde daude Bergaran, eta hori oso pozgarria da. Zenbat eta talde gehiago, hobeto". Talde hartan familia giroa bizi zutela ere badio Larrañagak: "Kuadrillakoak haserretu egiten zitzaizkidan parrandan ere askotan futbolekoekin irteten nintzelako eta eurekin oso gutxi egoten nintzelako".

BKEko presidente Iosu Elorzak balioan jarri nahi du biharko omenaldia: "Jendeak ezagutu egin behar du gaur egun horren errotuta dagoen egoera ze jokalarik abiatu zuten. Detaile txiki bat emango diegu, merezi dute".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak