Osintxu bizirik mantentzeko borondate irmoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko uzt. 12a, 17:00

Bergarako Osintxu auzoak birgaitzeko duen beharraren adierazle da gune degradatu izendapena jaso berri duela, baina Udalak eta auzotarrek ez dakite oraindik laguntzak nolakoak izango diren, zehazki; zerbitzu aldetik ondo estalita egon arren, populazioa behera eta zahartzen doa. 400 biztanle dituen auzora hurbildu da GOIENA, bereziki auzotarren premia nagusiak bertatik bertara ezagutzera.

Bergarako herrigunetik bost kilometrora egoteak betidanik eman dio Osintxuri izaera eta nortasun propioa. Erroldako azken datuen arabera, 400 herritar bizi dira egun Osintxun. Joera beheranzkoa izan da azken hamarkadetan: 1970ean 638 biztanle ziren; 1981ean, 698; 1986an, 668; 1996an, 488; 2010ean, 467 eta gaur egun 400 biztanlekoa da kopuru ofiziala.

1970ean 638 biztanle ziren Osintxun; 1981ean, 698; 1986an, 668; 1996an, 488; 2010ean, 467 eta gaur egun 400 biztanlekoa da kopuru ofiziala.

Populazioak behera egin eta biztanleria zahartu egin den arren, nortasun handiko auzo independentista da Osintxu oraindik ere: "Beti aldarrikatu izan dugu independentzia Bergararekin, baina oraingoz ez dugu lortu [karkar]. Bergarako ghetto bat garela dirudi, baina horrek aberastu egiten gaituela uste dut", dio bizitza osoa bertan egin duen eta Osintxuko Herri Batzarreko kide den Aitziber Alberdik.

%20 etorkina, eta 13 herrialdetako bizilagunak

Hain zuzen, Osintxuren bereizgarrietako bat da etorkin kopurua Bergarako beste auzoetan baino nabarmen handiagoa dela. "Azken neurketaren arabera %18 inguru da etorkina eta gogoan daukat orain ez gutxi kopurua %22koa zela. Guretzat, aberasgarria da hori, ongi etorriak dira eta izango dira. Baina arazoa da bertakoak kanpora joaten direla...", adierazi du Aitziber Alberdik. Izan ere, Gambiako, Senegalgo, Argentinako, Txileko, Saharako, Marokoko, Ukrainako, Kolonbiako, Venezuelako, Kubako, Ekuadorko, Alemaniako eta Suitzako herritarrak bizi dira Osintxun, baina bertako gazteen exodoa nabarmena izan da azken hamarkadetan. Azken bost urteetan gazte euskaldunak etorri izanak itxaropena piztu du auzotarren artean; bereziki, adinekoenen artean.

Bizilagunen inplikazio eske

Josetxo Urbieta, Kofraixetako antolatzailea: "Zerbitzuak mantentzeko bizilagunon inplikazio handiagoa behar dugu; etorkizunean, dena itxita ikusten dugunean, damutu egingo gara"

Adineko bizilagun horietako bat da Josetxo Urbieta, auzoko Kofraixa jaiak antolatzen urte luzez aritu izan den osintxuarra. Zerbitzu aldetik "pribilegiatuak" direla dio, baina autokritikarako gonbidapena ere egin die bertakoei: "Bergarako auzo periferiko garrantzitsuena izango da Osintxu eta pribilegiatuak gara ditugun zerbitzuei dagokienez: eskola oraindik martxan, liburutegia, ludoteka, ile-apaindegia, fisioa, bi taberna, estankoa, bi denda [domeketan ere zabalik egoten dira, 13:00ak arte], autobus zerbitzu ederra... Baina zerbitzu horiek guztiak mantentzeko bizilagunon inplikazio handiagoa behar dugu; etorkizun batean dena itxita ikusten dugunean damutu egingo gara. Adibidez, Osintxuk elkartea dauka baten batek bere garaian egin zuelako; garai haietako auzolanerako grina berreskuratu egin behar dugu".

"Hitzak bai, baina ekintzarik ez"

Udalarekin harremanak nolakoak diren galdetuta, Aitziber Alberdik adierazi du hitzak asko izan dituztela politikarien partetik, baina ekintzak gutxi: "Gobernu aldaketa egon izan denean politikariek beti adierazi izan digu te Osintxu euren lehentasunen artean sartuko zutela, baina, behintzat, azken hiru agintalditan ez dugu aurrerapenik ikusi. Lortu dena da gune degradatu izendatzea; ez da gutxi izendapen hori jaso izana, baina aldaketa ukigarririk ez da izan auzoan".

Ondare handiko zona

Osintxuk iraganera bidaiatzeko hainbat aukera eskaintzen ditu, eta horietako bat da erroten ibilbidea. Muskiritsu errekan zehar, gaur egun martxan ez egon arren, iraganeko usain nabarmena duten errotak daude: Bolua, Atxuriondo, Billotegibolua eta Laspiurbolua. Horrez gain, ondare arkitektoniko handiko ingurua ere bada. San Emeteri eta San Zeledonio santu martirien elizak ez du berebiziko baliorik, 1834ko uholde batzuek orduko eliza desagerrarazi eta beste bat eraiki zutelako. Hala ere, badira balio handiko egitura arkitektonikoak dituzten antzinako baserriak: Arando, Laspiurgañekoa, Gantxexigoiti, Izagirre, Untzueta...

Harremanak sendotzeko asmoa

Udal Gobernu berriak aldaketa batzuk egin nahi ditu, diotenez, Udalaren eta auzoetako harremanak sendotzeko. "Uste dut nahiko analisi konpartitua dela azken urteetan Udaleko batzorde horren bilerak eguneroko behar materialak betetzera bideratu direla, obra txikiak-eta gauzatzeko. Komunikazio hori egotea garrantzitsua da, baina horiek auzoetako batzordeetatik atera eta arazo konpartituak edota hausnarketa sakonagoak behar dituztenak lantzea nahi dugu auzoen batzorde horretan".

Hala, Gobernu berriaren planteamendua da hilean behin auzoen batzorde orokorra egitea eta astero auzo banarekin elkartzea: "Horrela, gutxienez, hiru hilean behin elkartuko gara auzo bakoitzarekin bertako behar propioei erantzuteko", dio Artolak.

Goiena ikusteko inbertsiorik ez

Lurreko Telebista Digitalaren hedapen-zerbitzuak dituen itzalguneen artean dago Osintxu, eta horregatik ez da Goiena telebista ikusten. Goienak ez du baliabiderik behar den inbertsioari aurre egiteko –Debagoieneko beste gune batzuetan egin izan dira–, eta Bergarako Udalarentzat ez da lehentasuna, oraingoz.

Umerik gabe, eskola arrisku larrian

Landa eremuko edo periferiako auzoen etorkizuna bermatzeko oso garrantzitsua izaten da eskola txiki bat izatea, baina urteen eta bizimodu aldaketaren poderioz, ixten joan dira auzo horietako eskoletako gehienak, ume faltak eraginda. Osintxuren kasuan, martxan jarraitzen du oraindik San Martin Agirre eskolaren gela desplazatuak, Haur Hezkuntzara arteko eskaintzarekin. Duela ez asko, dozena bat ikasle bazituzten, baina urtez urte beherantz joan da ikasle kopuru hori eta orain, lau ikasle bakarrik dituzte.

Umeak Osintxuko gela desplazatuan, 2019ko otsailaren 1eko ate irekietan.

Hurrengo ikasturtean martxan egongo da eskola lau ikasle horiekin, baina Osintxun bizi diren guraso gazte batzuk kezkatuta daude, bereziki, 2020-2021 ikasturtera begira. "Orain arte eskolara joan diren umeen guraso batzuk eta hurrengo ikasturteetan gure umeak sartzea nahiko genukeen beste batzuk biltzen hasi ginen duela hilabete batzuk. Gogotsu gaude lanerako eta gure lehen helburua da Osintxura guraso berriak erakartzea. Izan ere, eskola ixteak ondorio kaltegarri nabarmena izango du Osintxuren eguneroko bizitzan", adierazi du Ponportola guraso taldeko Ione Santamariak.

Txikitasunaren aldeko apustu egin nahi dute Ponportola taldekoek: "Dena makro-rantz doan garaiotan, txikitasunaren alde egiten dugu apustu, auzoak bizirik nahi ditugu eta. Eta Osintxu zainduago eta erosoago baten behar larrian, eskola bultzada handi bat gehiago izango dela uste dugu", adierazi dute.

Gune degradatu izendatu berri dute

Osintxuko etxe zaharretako batzuen fatxadak, errekaren aldetik aterata.

Ekainean jaso zuen Osintxuk gune degradatu izendapena. Bergarako alkate Gorka Artolak GOIENAri adierazi dio izendapenak osintxuarrei zehazki ze aukera eskainiko dien aztertuko dutela eta irailean teknikariekn joango direla Osintxura: "Gune degradatu izendapena ARIa [birgaitze integratuko area] baino murritzagoa da; diru laguntza batzuk lortzeko bidea zabaltzen da, baina oraindik ez dugu dokumentu horretarako sarbiderik izan. Espektatibak handiak izan badaitezke ere, ikusi egin beharko da bizilaguneko eta komunitateko ze aukera dauden birgaitzerako. Ea izendapenak behar moduan dinamizatu dezakeen Osintxuren biziberritzea; irailean Hirigintza teknikariekin bidez bizilagunei ze aukera egongo diren azalduko diegu". Hainbat fatxada egoera tamalgarrian daude eta irisgarritasun aldetik gabezia nabarmenak ere baditu.

Bainua bai, segurua eta garbia bada

Baliabide naturalen aldetik ere Osintxuk badu zer eskaini. Muskiritsu errekan zehar badaude putzu batzuk udan bainurako erabiltzen direnak, egunik beroenetan txiki geratzen direnak: "Ez dago etzanda egoteko lekurik eta bainua hartzen dabilen jendeak toallak eta bestelakoak errepidean uzten ditu, horrek dakarren arriskuarekin; ezin dugu ahaztu autoak pasatzen direla baserrietara joateko. Batzuk, gainera, putzutik irten ere ez dira egiten toallak jasotzeko auto bat agertzen denean".

Osintxutik bost minutura dago putzua; hainbat nerabek erabiltzen dute.

Arrisku egoerak bizi izan dituztela diote: "Gaztetxoak etzanda egoten dira edota bizikletekin abiadura handian ibiltzen dira ikusgarritasunik ez dagoen pistabatean. Zerbait larria gertatu aurretik neurriak hartzea eskatzen dugu". Horrez gain, auzotarrek salatu dute bainua hartzeko bertaratzen direnek eremua ez dutela nahikoa garbi uzten.

Jaiak: bereziak, aldaketak aldaketa

1970eko Kofraixetako helduen danborrada.

Abuztuko azken asteburuan ospatzen dituzte Kofraixak osintxuarrek, santua berez martxoan izan arren. Hainbat ekitaldi galdu egin dira dagoeneko –asto lasterketa, txahalaren hilketa zein dastatzea eta danborrada, esaterako–, baina jaiak oso era berezian bizi dituzte.

Aitziber Alberdi, Herri Batzarreko kidea: "Interbentzio handirik ez dut gogoratzen"

Populazioaren zahartzea nola ekidin nahi duzue?

Osintxu erakargarriagoa eginda, etxeak eta kaleak zaharberrituta. Urte askoren ondoren, gune degradatu izendapena jaso dugu, eta ea horrekin lortzen ditugun auzoa berritzeko laguntzak.

Prozesu zaila izan da izendapena jasotzea?

Birgaitze integratuko area izateko [ARI delakoa] borrokan aritu gara urte luzez; horrekin, leihoak isolatzeko, teilatu berria egiteko eta igogailua jartzeko hiru obrak baten prezioan irtengo ziren. Baina gune degradatu izendapena jaso dugu, eta nolako laguntzak izango diren zehazki ez dakigu. Osintxun interbentzio handirik ez dut gogoratzen bizi naizenetik; etxe berrienak kooperatiba bat sortuta eraiki ziren, hori da dugun aukera bakarra.

Salieu Comma, Gambian jaiotako osintxuarra: "Integratzeko ezinbestekoa da euskara"

Nola gogoratzen duzu heldu zinen eguna?

Gogoratzen dut oso txikia iruditu zitzaidala, eta osintxuarrek hasieratik hartu nindutela oso ondo; orain, gehienak dira oso lagun onak niretzat. Osintxuz eta osintxuarrez maiteminduta nago. Urteek aurrera egin ahala bertako kultura nirea ere egiten ari naiz. Zer gustatzen zaizu gehien Osintxutik? Jendeak agurtu egiten nauela, oso zabalak dira.

Nola ikasi duzu euskara?

Jendeari entzuten nion oso zaila dela euskara ikastea, baina hizkuntza guztiak direla zailak, borondatea behar da. Integraziorako ezinbestekoa da; Bergarako euskaltegian ari naiz, txintxo-txintxo: egunero joan, etxerako lanak egin eta bereziki kalean jendearekin praktikatu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak