Ekainaren 28an ospatuko da nazioartean Harrotasunaren Eguna, LGTBI+kolektiboaren ikusgarritasuna bultzatu eta haien eskubideak aldarrikatzeko. Bergarako Harrotasuna taldeak, Udalarekin eta Euskadiko Gazteria Kontseiluarekin elkarlanean.
Udaleko Berdintasun Zerbitzuko arduradun Maider Urbietak elkarlan hori nabarmendu du eta Gune Anitza jarri du horren adibide gisa: "Gune Anitzaren zigilua duten herriko gune, elkarte eta lekuetan errespetatu egingo dira sexu eta genero aldagai guztiak eta leku horietan ez dira onartuko eraso LGTBI fobikoak".
Zebra-bide batekin hasi zen
Harrotasuna-ko Aritz Oteizak gogoratu duenez, ia ezerezetik sortu zen taldea, duela bi urte pasatxo: "Alboko herri batetik ideia hartuta, zebra-bide bat ortzadar kolorez margotu genuen Agorrosinen eta espero baino jende gehiago batu genuen; horrek indarra eman zigun ekimenak antolatzen jarraitzeko".
Harrotasuna taldeko Mireia Gallastegik hezkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen eguazten arratsaldeko aurkezpenean: "Etxetik hasi behar da heziketa askea eta eskolan jarraipena eman. Eta noski, kolektiboa ikusgarri egin behar da; armairutik irten nahi baduzu ondo, eta bestela ere ederto. Kasu guztiak normaltasunez onartu behar dira".
Ia aste osorako egitaraua
Martitzenetik egubakoitzera arteko egitaraua antolatu dute. Ekainaren 25ean, 6 eta 9 urte arteko umeei zuzendutako ipuin kontaketa saioa egongo da Udal Liburutegian (18:30), Maite Francoren eskutik. Ekainaren 26an, Bar Bahar pelikula emango dute Irizar jauregian (19:00); hilaren 27an, Gune Anitza zigilua banatuko dute eta talde argazkia atera, Muniben (15:00), eta 19:00etan performance bat egingo dute Iralan; ekainaren 28an, Koordinadora TransMarikaBollo Feministaren eskutik, bailara mailako manifestazioa egingo dute Oñatin (20:00).