Bergarako Udalak 2017ko abenduaren 18an egindako ohiko bilkuran onartu zuen frankismoaren diktadurak eragindako gizateriaren aurkako krimenekiko justizia eskatzea, baita biktimei dagozkien eskubideak aldarrikatzea ere. Hala adierazi du Elene Lete jarduneko Bergarako alkateak: "2017an testigantzak jasotzea bultzatu nahi genuen. Bagenekin zaila izango zela, neurri batean zauriak zabaltzeko aukera suertatzen delako, eta erreparoak izan zituzketelako… alderdi guztien izenean eskerrak eman nahi dizkiegu familiei euren esfortzuagatik".
Aurkeztu dituzten dokumentazioak frankismo garaian gertatutako 17 bergararren kasuak batzen ditu, eta 12 dira epaitegian aurkeztu dituzten kereilak. Honela adierazi du Juan Ramon Garai Intxorta 1937 elkarteko kideak: "Osintxuko bost pertsona fusilatu zituzten, eta batek ihes egin. Hala, fusilatuen senide guztien artean, kereila bat aurkeztu dute. Garai hartan desagertutako lau pertsonaren kereilak ere aurkeztu dituzte, baita Batallon Vasco Españolen atentatuan zauritutako beste baten gainekoa ere. Hauez gain, torturatuak izan ziren bi; 1960ko hamarkadan torturak jaso zituen bergarar baten emazteak kereila aurkeztu du, eta 1970eko hamarkadan jasotako beste tortura kasu bat ere aurkeztu da. Emakume bat preso izan zuten eta horren gaineko kereila bat ere aurkeztu da, eta baita Ignacio Zubizarreta garai hartako alkatearen familiarrek jarri dutena ere. Honako hau erbestean egon zen, Errepublika garaian…".
Sobiet Batasunera erbesteratua
Baina, horiez gain, baita Eulogio Diez 93 urteko bergararrak sartutakoa ere. Militante komunista, Frankistak herrian sartu zirenean Sobiet Batasunera erbesteratu zen eta Bergarara itzuli zenean kartzelaratua izan zen. Semak aita kartzelan ezagutu zuen… Garai latza izan zela adierazi du: "Frankismoko nire historia zein den? Azpijokoa egin zigutela, eta 20 urte familiarengandik banandu zigun. Hemen gertatzen zena han esaten ziguten…”
Bergarakoaz batera, Eibarko Udalak ere aurkeztu du kereila, gaur, Eibarko epaitegian. Eguaztenean, aldiz, Andoiango Udalak Tolosako epaitegian ere aurkeztu dute kereila. Eta guztietan, udaletako alderdi guztien oniritziaz izan da.