Haren omenezko egitaraua gertatu zuten domekarako. Lehenengo abestia, Campo de Rosas, Miguel Gonzalez Bastidak, Alfredoren aitak, idatzitako pasodoblea izan zen, 1960an, Sestaoko pasodoble lehiaketan lehenengo saria jasotakoa. "Oso pasodoble maitatua da bandarentzat, askotan jo izan dugu. Musikaren sekretu guztiak erakutsi dizkion irakasleari, aitari, omenaldia egin nahi dio Alfredok honekin", zioen Igor Larrañagak, bandako saxofoi-jole tenoreak, aurkezpenean.
Eta ondoren, 1832 obra eskaini zuten: "Data horretan sortu zen Banda, eta obra hau 2007an estreinatu zen, Bandak 175 urte bete zituenean", zioen Larrañagak eta Bandatik pasatutako musikari guztiei eskaini zieten.
Omenaldi ekitaldia
"Gaur egun, Bandak barruan daukan magia hau ez da erraza azaltzen. Zelan daiteke talde afizionatu baten 30, 40 edo 60 urtetik gora jotzen daroaten musikariak egotea?", zioen Larrañagak omenaldi ekitaldia hasteko. Eta urte mordoa Bandari eskaini ondoren, erretiroa hartu duten lau musikari agurtu zituzten txalo artean: Jose Ramon Lazkano, 64 urte Bandan; Rikardo Perez, 61 urte; Jose Mari Arrondo, 60 urte; eta Luis Gutierrez, Guti, 28 urte.
Ondoren, Gonzalez Chirlaqueren txanda etorri zen; musikari lagunei zein herritarrei agur esan zien 32 urtean zuzendari lanetan jardun eta gero. Larrañagak egin zuen haren ibilbidearen laburpena: "1965ean sartu zen Bandan Alfredo, 9 urteko mutikotxoa zela. Perkusioa, egurrezko eta metalezko instrumentuak jo zituen, eta azkenean, oboea aukeratu zuen. 22 urte ondoren, Miguel aitaren lekua hartu zuen. Gonzaleztarren sagak, bazeukan jarraipena". Eta elkartutako ikus-entzuleei beste kontu batzuk ere jakinarazi zien: "Alfredok berezitasun bat eduki du. Konposizio aldetik, esaterako: obra asko idatzi ditu Banda eta Orkestrarentzat: pasodobleak, poema sinfonikoak, elkarteentzat martxak... Eta oso lan ona egin du filmetako obrak konpontzen. Ikustekoa da zelan jartzen den piano aurrean, eta kaskoekin, musika entzunaz, zelan ateratzen dituen partiturak. Dana entzunez esaten dan moduan. Ez da ez, oso ondo moldatzen teknologia berriekin…".
Hainbat oroigarri jaso zituen orduan Gonzalez Chirlaquek; Udalarena, Elena Lete jarduneko alkatearen eskutik jaso zuen, eta Bandaren urrezko eta diamantezko intsignia, Enrike Txurruka zuzendari berriak jarri zion. Patricia alabaren eskutik Espoloiko kioskoaren erreplika jaso zuen, eta bandako beteranoenak, Arantzazu Garitanok, lore sorta eman zion.
Ekitaldia bukatzeko Bergarako ereserkia jo zuten. Lehenengo konpasak Gonzalez Chirlaquek zuzendu zituen, gero batuta aldaketa egin zuten eta Txurrukak eman zion bukaera entzuleek gogotsu abestu zuten kantuari. Emanaldia, baina, ez zuten hor bukatu; Bitorianatxoren jaitsiera kalejirak txaloka jarri zituen herritarrak eta jai giroan erabat murgilduta amaitu zuten ezin bereziagoa izan zen kontzertua.