Mikel Juaristi: "Jokalarien konpromisoa izan dut, eta klubaren partetik konfiantza"

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 31a, 09:57

Mikel Juaristik (Azkoitia, 1984) agur esango die bihar mahoneroei: "Tokatu egiten zait bertan egotea, eta gustura egongo naiz, gainera". Azkoitiarrak lau urte egin ditu Bergarako lehenengo taldea zuzentzen; Erregional Preferentean hartu zuen taldea eta bigarren urtean mailaz igo zuen Bergara. Futboleko egunerokotasunetik, oraingoz, apur bat aldentzea da asmoa.

Atseden hartzeko unea da? 

Bai, halaxe sentitzen dut. Bergarara Soraluzetik etorri nintzen, eta deia jaso aurretik atseden hartzea zen nire asmoa. Baina Bergarari baiezkoa eman nion, eta intentsitate handiko lau urte dira, urte onak. Orain, denbora familiari eskaintzeko ordua dela sentitzen dut.

Ze balorazio egiten duzu urte hauetaz? 

Balorazio ona, zalantza barik. Bergarara etorri nintzenean banekien klub hau Gipuzkoa mailako talde handietako bat zela, eta ez zegokion kategorian zegoela. Lehenengo urtean, mailaz igotzeko borrokan ibili ginen azken momentura arte, eta urte hartan Mondra igo zen gora. Hurrengo urtean, gu igo ginen Ohorezko Erregional Mailara, eta, kategoria berrian, lehenengo urtean oso denboraldi polita egin genuen, bosgarren sailkatu ginen. 

Aurten, gehiago kostatu zaizue lasaitasun postuetan ibiltzea.

Bai. Aurten, atzean ibiltzea egokitu zaigu, baina, sailkapenak erakusten ez badu ere –14. amaitu dute–, urte garrantzitsua izan da Bergararendako. Jokalari gazteen aldeko apustua egin dugu, oso talde gaztea izan dugu lehiatzeko, eta minutu asko banatu ditugu gazte horien artean. Hori garrantzitsua da, gazteek izan dituzten minutu horiek baliagarriak izango direlako datorren urtean lehenengo taldeko erritmoan jokatzeko, Ohorezko Erregionaleko erritmoan ondo jarduteko.

Zelan ikusten duzu kluba?

Zuzendaritza talde honekin batera hasi ginen gu ere Bergaran, eta lau urte hauetan ikusi dut gauza on asko egin dituztela. Uste dut etorkizunerako oinarri sendoa jartzen dabiltzala, eta jokalari gazteen aldeko apustua garbia da. Nire partetik, lanerako jokalarien erabateko konpromisoa izan dut, eta klubaren partetik konfiantza transmititu didate beti, eta lanerako askatasun osoa izan dut.

Erlazionatuak

Mahonero Eguna, gertu

Xabier Urtzelai 2019 mai 30 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak