Euskal Herriko eta Estatuko underground eszenako elektronikaren izen esanguratsu batzuk elkartuko dira bihar, maiatzak 25, kartzela zaharrean. Izan ere, badator Bergarako Elektronika Topaketaren (BET) bosgarren edizioa. 17:00etan hasiko da doinu elektronikoen eta proiekzio ikusgarrien festa eta 06:00ak baino lehen ez da amaituko. 13 orduz, etenik gabe, askotariko "proposamen interesgarriez" gozatzeko aukera egongo da.
Sarrerarik ez aldez aurretik
Antolatzaileek nabarmendu dute "oso polita" geratu dela kartela: "Aurreko urteetan moduan, askotariko estiloak izango ditugu aurtengo BETen ere. Proposamen oso interesgarriak izango ditugu, gurean batere ohikoak izaten ez direnak", adierazi du antolakuntza taldeko kide eta elektronikaren munduan ibilbide luzea duen Asier Balzategi bergararrak, DJ Balza-k. Bi agertoki jarriko dituzte: "Agertoki nagusiarekin batera barruko terrazan ere izango ditugu saio batzuk hasierako orduetan; euria egiten badu, barra ondoko agertokian izango dira".
Antolatzaileek gomendatu dute goiz hurbiltzeko kartzela zaharrera; izan ere, aurreikusten dute bost eurotan salgai jarriko diren 350 sarrerak saldu egingo direla: "Jaso ditugu deiengatik-eta sentsazioa dugu sarrerak nahiko goiz agortuko direla".
'Txefa' eta 'Baba', besteak beste
BETeko antolatzaileak underground eszenaren barruan mugitu izan dira, bereziki, eta, beraz, orain arte gonbidatuak ez dira izen oso ospetsuak izan. Aurten, baina, izango da salbuespenik: "Aurten, Txefa [Aitor Etxebarria] etorriko da, beti jende asko erakartzen duen artista. Laguna dut eta aspaldi nenbilen BETera etortzeko proposatzen; aurten, bere burua proposatu du eta gure artean egongo da. Azkenaldian, DJ izateari utzi egin dio apur bat eta pelikuletarako soinu bandak ekoizten dabil buru-belarri. Beste maila batean dago", dio DJ Balza-k. Baba ere nabarmendu du Balzategik: "Hamar urte baino gehiago daroate jo barik; BETen itzuliko dira, ikuskizun ederra da. Ohorea da guretzat".
Asier Balzategi, 'DJ Balza': "Diru barik, kontaktuak dira gakoa"
Bergaran elektronikaren beteranorik badago, hori DJ Balza da, zalantza barik. BETen antolatzaileetako bat da hasieratik eta uste du "oso pozgarria" dela topaketa hau herrian egitea.
Lan handia da BET bat antolatzea?
Gabonetatik ari gara; bost lagun, bereziki. Gustura egin arren, lana da, bai. Aurrekonturik ez duzue, apenas.
Nola osatu duzue kartela?
Elektronika mundua ezagutzen dugu eta asko laguntzen du kontaktu-sare bat izateak, eskaintza ona izan dadin. Ez dugu dirurik, ez dugu diru-laguntzarik eta ez dugu publizitatea egiteko aukerarik. BET, kartzela zaharreko ekimen guztiak bezala, autogestionatua da, eta lana boluntarioa. Artistek hori badakite eta gure baldintzak onartzen dituzte; hori oso eskertzekoa da.
Egitarau osoa:
Zuzeneko emanaldiak
• 18:00etatik 19:00etara Echo (Gasteiz): Elektronika esperimentala eta anbient iluna.
• 20:00etatik 21:00etara. Aitor Etxebarria + Banda (Bilbo): Tresna akustikoen eta elektronikoen arteko konbinazioa. Pianoen eta sintetizadoreen presentzia. Aski ezaguna eszenan.
• 23:00etatik 00:00etara Jai Tiruriru (Donostia): Krautrock-a eta Alemaniako elektronika biltzeko gai dira.
• 01:00etatik 02:00etara Baba (Bilbo): Urte luzez isilik egon ostean, BETen eskainiko dute bueltako lehen emanaldia Fernando Carvalhok eta Yogurina Borovak. Elektronika eta antzerki dibertigarria.
DJak
• 17:00etatik 18:00etara / 19:00etatik 20:00etara / 00:00etatik 01:00etara: BET Bertako DJen eskutik, askotariko emanaldiak.
• 21:00etatik 23:00etara Josechu Souldier (Kantabria): Magia ematen da haren nahasketetan; saio oso dantzagarriak.
• 02:00etatik 04:00etara Alicia Carrera (Bartzelona): Psikodelia kosmikoa, techno ziberdelikoa, house-a eta new wave-a bat eginda.
• 04:00etatik 06:00etara Chelis (Zaragoza): 20 urtez DJ arituta, generoak konbinatzen trebea. Magma jaialdiaren alma mater-a.