Elena Lete izan da hitza hartzen lehena, azpimarratuz azken lau urteotan "aldaketa nabarmena" egin duela Bergarak. "Aldaketa kudeaketan, eta baita elkarbizitzan ere. Aurrera egin dugu, herritarrei entzuteko, kudeatzeko, lankidetzarako eta akordioterako gaitasuna eduki dugulako". Jarraitu du esanez euren hitza bete egin dutela, eta bete egingo dutela aurrerantzean ere. "Badakizue ni ez naizela alferrikako hitzen zalea; ez dut kerik saltzen, eta ez dut salduko oraingoan ere".
Gizarte kohesionatu eta orekatu baten alde egiteko, ekonomia berritzaile baten alde egin du. "Kalitatezko enplegua sortuko duen ekonomia gura dugu, gizartean inbertituko duena, berdintasunean, zerbitzuetan, hezkuntzan, formakuntzan eta abar. Baina eredu hau arriskuan jarri gura dutenak etorri dira berriro", egin dio erreferentzia EH Bilduri. "Ezker abertzaleak trofeo gisa aurkeztu gura du Bergara, baina Bergarak ezin du atzera egin eta lau urteotako ibilbidea alde batera utzi. Etorkizunari tinko heldu behar dio Bergarak. Argi eta garbi utzi gura dut gauza bat: Bergara ez da, eta ez da izango trofeo bat".
Bukatu du esanez lantalde eta programa on bat dutela agintaldi honetarako, eta hiru baloretan oinarrituko dutela haien gestioa: bizikidetzan, partaidetzan eta gardentasunean.
Markel Olanok hartu du hitza Leteren ostean, aurreko legealdiari erreparatuz. "Bi hitzek definitzen dute aurreko legealdiko kudeaketa eta jarrera: inposaketa eta kudeaketa kaxkarra". Legealdi hau, berriz, "oso ona" izan dela dio. "Kontrapuntu bezala, ezker abertzalearen kudeaketa txarra hor daukagularik, kudeaketa ona izan da legealdi honetako definizio inportanteenetako bat".
Horren bi adibide jarri ditu. Lehenengoa, Deskargako errepide berria. "Hainbat herritar etortzen zaigu esanez nola erraztu dien bizitza errepide horrek. Aurreko legealdian obra hori ataskatuta zegoen, arriskutsu eta irtenbiderik gabe, eta begira orain". Bigarren adibidea ekonomia plana izan da. "Gu hasi ginenean langabezia %13koa zen Gipuzkoan, eta orain %8tik beherakoa daukagu". Horren gakoetako bat "enpresenganako konfiantza berreskuratzea" izan dela azpimarratu du, baita Etorkizuna eraikiz programa ere.
EAJk emandako hitza bete duela nabarmendu gura izan ditu Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, eta EH Bilduri erreparatu dio ostean. "Bakarren batzuk ordezkatu gura gaituzte, eta hori zilegi da. Kontua da zer egin gura duten, eta horretaz ez dute txintik ere esaten. Kontua da ez dagoela EAJren alternatibarik, proiektu tuneatu bat baizik. Imitazio bidez ordezkatu nahi gaituzte, baina EAJ ezin da imitatu".
Urkullu, Euskadiren eta Europaren alde
Otegiri erantzunez hasi du Urkulluk bere txanda. "Norbaitek dio datorren domekan bi plater daudela jokoan. Nik diot domekan jakin behar dela hautatzen zer den garrantzitsua eta zer osagarria. Gure erreferentzia, Euskaditik hasita, Europa da, eta erronkak ditugu. Gure proiektua Euskadin oinarritzen da, Europara begira. Europa eraikitzen ari da, aldatzen ari da, eta Euskadi ere bai. Guk eredu bat dugu: gertutasuna, estrategia partekatua eta auzolana. Etorkizuneko erronkei erantzunak ematea, hori da EAJ, Bergaran, Gipuzkoan, Euskadin, eta Europan".
Omenaldia
Mitinaren aurretik, baina, oroitzapena eta aitortza jaso dute azken 40 urtetako udal hauteskundeetan Bergarako EAJren zerrendetan partaide izan diren guztiek, eta aitortza hori goi agintariek egin diete: Markel Olanok, Joseba Egibarrek, Bakartxo Tejeriak eta Elena Letek, besteak beste.