ALBISTEAK

Udalaren funtzionamendua "demokratizatzea" nahi du Irabazik

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko mai. 15a, 12:27

Irabazi alderdiak aurkeztu du maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda. Aiert Lizarraldek errepikatuko du alkategai moduan, eta Sofia Gimbert, Andres Diez eta Antonia Galiot dira zerrendari jarraipena ematen diotenak. Dituzten proposamenak izan dituzte hizpide aurkezpenean.

Bergarako Irabaziren helburu nagusienak dira herrian justizia soziala eta ingurumenarekikoa lortzea. Eta nahi dutena da udaleko funtzionamendua “demokratizatzea”. Halaxe adierazi du zerrenda aurkezpenean Irabaziko alkategai Aiert Lizarraldek: “Ikusten dugun beharra da azken lau urteotan udalean izan dugun autoritarismo hori guztia albo batera utzi behar dugula, XX. mendeko jarrera batzuk ikusten ari garelako udal politikan eta gure partetik ikusten dugun beharra da udala goitik behera demokratizatzea”.

Horretarako, gura dute herritarren parte-hartzea bermatzea eta aurrekontu parte-hartzaileak bideratzea.

Herri programa

Hainbat proiektu jaso dituzte euren herri programan eta hiru nabarmendu dituzte. Kanpoko igerilekuen egoera azpimarratu du lehenengo Lizarraldek: “Ikusten ditugu hainbat aukera dagoen arazoa konpontzeko edo behintzat gaur egun dagoena baino hobeto jartzeko. Guk, adibidez, batzen den estalkia jartzea proposatzen dugu, igerilekuek bai negurako eta baita udararako ere balio izateko”.

Deba ibaiaren garbiketa ere proposatzen dute, argudiatuz udalaren konpetentzia dela hori eta salatuz orain artean egon den gobernuak “ez diola inondik inora ganoraz heldu” gai horri.

Auzoak ere izan ditu hizpide: “Oso zaharkituta dauden kale eta auzo horiek guztiak poliki-poliki berritzen eta eguneratzen joatea da asmoa alde batetik, eta bestetik, landa eremuko auzoendako hainbeste urtetan eskatu izan dituzten diru partida horiek sortzea izango litzateke, euren batzordeak aurrera eraman ditzaten. Euren auto-kudeaketarako partida horiek sortzea proposatzen dugu”.

Irabazikoak "itxaropentsu" daude hauteskundeetara begira eta euren nahia da udalean ordezkaritza izaten jarraitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak