1885 urtean ireki zuten Bergarako zerrategi ezagunean, lehen eskutik ezagutu ahal izan dituzte herrian sustrai sendoak dituen enpresa honek modernizaziorako egin dituen ahaleginak eta etorkizunean aurre hartu beharko dien erronkak. Biek ala biek, EAJk ekonomiaren garapenaren alde duen konpromisoa berretsi dute bisitaldian eta adierazi dute alderdi jeltzalearen bermea dela, hain zuzen, kudeaketarako gaitasun frogatua eta sendotasun instituzionala.
Familia-negozioa
Elena Letek gaineratu du “Maderas Irizarren ibilbidea txalotzekoa dela eta gurean eutsi, lagundu eta sustatu beharreko jarduera ekonomikoaren adibide paregabea” dela. “Ez bakarrik gure historia industrialaren parte bezala”, esan du, “baita ere Bergararekin eta ingurunearekin duen loturarengatik”. Alkategaiaren hitzetan, “negozio familiar bat da gure herrian sakon sustraitutakoa eta hamarkadetan zehar herrian aberastasuna eta enplegua sortu duena eta eragile aktiboa izan dena baso-masaren kudeaketa jasangarrian”, hori dela eta, “halako jarduerak babesteko ahalegin guztiak egin behar ditugu”.
Erantsi duenez, “Maderas Irizarren beste ezaugarria, zailtasun handiak izan dituen sektore batean izan duten modernizaziorako grina ere izan da”. Ehun urtetik gorako enpresara eginiko bisitan, Letek adierazi du “EAJ Bergarako Udaletik enpresa eta ekintzaileei eskaini nahi dien babes eta laguntzaren eredua dela Maderas Irizarren jarduera”. “EAJ gure enpresa eta ekintzaileen bidelagun izango da teknologia berrietara eta prozesu berritzaileetara iristeko, langileen formakuntzan eta garapenean sakontzeko eta Bergara eta inguruarekiko lotura eta erantzukizunari eutsi ahal izateko”. “Maderas Irizarrek garbi erakusten ditu sustatu nahi ditugun baloreak: berrikuntza, talentua eta erantzukizuna”, adierazi du Letek.
Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Lan Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzian ere jarri du azpimarra, batez ere, etengabeko aldaketaren eta aurrerapen teknologikoen aurrean enpresek egin beharreko eraldaketa eta egokitze ahaleginetan laguntzeko. Halaber, gure lurraldean enpresa txiki eta ertainen pisua eta balioa ere nabarmendu du Aizpuruk Bergarara eginiko bisitan. Azaldu duenez, Euskadiko enpresen %84k izaera familiarra dute eta horregatik “gure ekonomiaren oinarri ukaezina dira eta eragile oso garrantzitsua dira enplegua sortu eta bultzatzerako orduan”.
Aizpuruak gaineratu du, familia-negozioen balioa soilik ez dela mugatzen ekonomia jarduera hutsera, “euren izaerak eta sustraiek ahalbidetzen dute enpresetako erabaki-guneak lurraldean geratu ahal izatea eta honela, ehun ekonomikoa sendotzen dute”. Honekin lotuta, diputatuak enpresen bidelagun izateko lanarekin jarraitzeko deia egin du neurri fiskalekin, parte-hartze programekin eta kontziliazio erantzunkidea bideratzeko ekimenak sustatuz”.
Ekintzailetza, coworking-a eta erakarmen industriala
Bergarako EAJ-PNVk argi utzi du apustu ekonomikoaren zutarria izango dela lankidetza eta herriaren garapen sozioekonomikoa bultzatzeko eragile sozialen, formazio zentroen, enpresen eta erakundeen arteko elkarlan programak bilatuko direla. "Horretarako, ENPRESARE foroa bultzatzen jarriko dituzte indarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Topagune hau enpresen arteko kolaborazioa erraztu, berrikuntza eta digitalizazioa bultzatu eta ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laborategiak sortzeko tresna izango da", Letek azaldu duenez.